Gaur, San Valentin egunez egin dute amodiozko gutunen eta esaldien sari banaketa, Bergarako Jardun Euskara Elkarteak antolatuta.
Guztira bost sari ezberdin banatu dituzte, eta horietako hiru Bergarako bi gaztek jaso dituzte. Alde batetik, Karmele Uribesalgok helduen epaimahaiaren sari nagusia jaso du –500 euro– eta epaile gazteen eskutik Gazteen saria –150 euro–. Herriko onenaren saria, bestetik, Izar Odriozolak jaso du –150 euro–.
Bestalde, Hondarribiko Ainara Elizondok irabazi ditu bigarren saria baita esaldi onenarena ere; 250 eta 100 euro eman dizkiete sari gisara, hurrenez hurren.
Irabazleak, pozik
Lehiaketako irabazleak "oso pozik" azaldu dira jasotako errekonozimenduarekin, eta idatzitako gutun zein esaldiak ahozgora irakurtzera ere animatu dira, horretarako musika eskolako Maitane Suinaga eta Eider Elortza biolin-joleen laguntza izan dutelarik. Luntxarekin eman diote amaiera aurtengo amodiozko gutunen lehiaketari.