Amodiozko gutunen lehiaketa, sekula baino bergararrago

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2020ko ots. 14a, 09:03
Jarduneko Maitane Arizabaleta, Karmele Uribesalgo eta Izar Odriozola irabazleekin. Argazkia: Jardun.

Bost sarietatik hiru Karmele Uribesalgo eta Izar Odriozola herritarrek jasoko dituzte, eta gainontzekoak Hondarribiko ainara Elizondok. Sari-banaketa ekitaldia gaur da, Irizar jauregian, 19:00etan; musika eskolako biolin-joleak eta luntxa izango dira.

San Valentin eguna da gaur, eta, urtero moduan, Bergarako Jardun Euskara Elkarteak amodiozko gutunak eta esaldia sarituko ditu. 1993an abiatu zuten eta urtez urte gutun gehiago jasotzen dituzte; aurten, 141.

Lan bat baino gehiago bidaltzeko aukera dagoenez, egile batek sari bat baino gehiago jasotzeko aukera du, eta hala gertatu da oraingoan: Karmele Uribesalgok helduen epaimahaiaren sari nagusia –500 euro– eta epaile gazteen eskutik Gazteen saria –150 euro– jasoko ditu, bakoitza lan batekin; eta beste bi sari irabazi ditu Hondarribiko Ainara Elizondok, bigarren saria –250 euro– eta esaldi onenarena –100 euro–; eta herriko onenaren saria –150 euro– Izar Odriozolak jasoko du.

Aspalditik parte hartzen

Urtetik urtera idazle berriak agertzen diren arren, gehienek aspalditik dute Bergarara eskutitza bidaltzeko ohitura. 40 urtetik gorako parte hartzaileen artean gizonezkoak dira nagusi, eta alderantziz gertatzen da 26 urte azpikoen artean; batez besteko adina 33 urte da. Euskal Herriko hainbat tokitatik jaso dituzte aurten ere, baina antolatzaileek "faltan igarri dituzte" Nafarroako eta Iparraldekoak.

Euskaraz idazteko bultzatzeko asmoz sortu zuten eta horretarako gozoki gozoa dela dio aurtengo irabazle nagusi Karmele Uribesalgok: "Oso gustuko dut lehiaketa, herrikoa delako, ba-tetik, baina, bereziki, lehiaketa ezberdina delako. Bikote harremanei buruzko gutunak izan behar direla dirudien arren, nik ez dut hala ikusten, beti pentsa-tu dut beste buelta bat emanda gauza interesgarriak atera daitezkeela. Ariketa polita da beste baten azalean jartzeko".

Herriko bi idazlek jasoko dituzte gaurko ekitaldian sariketako hiru sari garrantzitsu

Bigarrenez hartu du parte Izar Odriozolak –2017an Gazte saria irabazi zuen– eta berak ere oso gustuko du: "Aurten ere oso gustura idatzi dut, eta ilusioa egiten dit lehiaketa honen historialean nire aletxoa uzteak. Barruan ezkutaturik dugun idazteko gogoa berreskuratzen laguntzen du ekimen honek, idazkeran ahalduntzen".

Herritik kanpo ere estimu handia du sariketak, honela adierazi du Ainara Elizondok: "Oso berezia da, hasteko, kopuruagatik, ehun gutunetik gora aurkezten dira eta izugarria da hori; eta, bestetik, sekulako maila dagoelako. Hori ondo dakit, 2002an epaimahaian egon nintzen eta nahiko lan izan genuen onena aukeratzen".

Maitasuna, zentzu zabalean

Askotarikoak dira igorleak eta gutunen hartzaileak. Uribesalgoren gutun irabazle nagusian, amona batek haren zaintzaileari idatzi dio, eta Gazte saria jaso duen idatzian, Nere amaorde euskaldunak etxean orain dela urte asko izan zuten Saharako haurrari; Elizondok Donostiako San Tomas txerriari eskaini dio gutuna; eta, Odriozolak, "gutun erromantiko bat baino gehiago, misteriozko eleberri txiki bat sortu duela", dio, zera gainera-tuta: "Gutuna nire bizitzako erabaki baten ondorioa da. Hartzailea nor den ez dago agerian, eta ez dut esaten nondik idazten diodan. Bukaeran dena argitzen da, eta gutuna berriz irakurtzea komeni da, behin hartzailea nor den jakinda dena hobeto ulertzen delako". Goiena.eus atarian daude gutun irabazleak irakurgai.

Helduen epaimahaia literatura eta kultura arloko lagunekin osatu dute: Gari Amundarain musikaria, Ane Zuazubiskar bertsolaria, Goiatz Labandibar idazlea eta Iñigo Legorburu iazko irabazlea izan dira aurten. "Ez dute lan samurra izan", eta Usabiagarena aukeratu zuten, zera azalduta: "Maitasunaren beste alderdi bat ukitzen du. Sinesgarri egiten da eta sentsibilizazio handiz idatzitako gu-tuna da. Benetan egoera hori bizi arte sentitzen ez den maitasuna. Bestearen tokian jartzen zara". Bigarren gutun irabazleari dagokionez, zera esan dute: "Oso gutun freskoa da, ikuspuntu ezberdin batetik idatzia. Umorea eskaintzen du maitasunean. Estilo egokia eta oso ondo idatzitakoa da. Eta Bergarako onenari dagokionez, berriz, hauxe diote: "Gutun jantzia, badaki zertaz ari den idazten. Sorpresa faktorea ondo mantentzen du"

Gazteen epaimahaia ikastetxeekin elkarlanean osatu dute: Aranzadi ikastolako Oier Elortza eta Oier Garitano eta Ipintza institutuko Izar Sanchez eta Elene Perez izan dira aurten; lanen originaltasuna eta ondo idatzita egotea da, bereziki, ba-loratu dutena. Gazteek erabaki dute, era berean, Maitasuna, 2hotzen berotasuna, bihotzen 1asuna esaldia saritzea.

"Guztiak gonbidatuta"

Sari-banaketa ekitaldi xumea eta gozoa egingo dute Jardunekoek, Irizar jauregian, gaur, 19:00etan. Musika Eskolako biolin-joleek lagunduta irakurriko dituzte irabazleek gutunak, eta ondoren, luntxa izango da.

Karmele Uribesalgo (Lehenengo sariaren eta Gazte sariaren irabazlea): "Izugarri estimatzen ditut bi epai-mahaiek esandako hitz gozoak"

Kazetaria da ofizioz, eta aspalditik du idazketa lehiaketetan parte hartzeko zaletasuna; oso pozik dago herrikoan bi sari irabazita.

Zorionak! Bi jasoko dituzu; sorpresa izan da?

Duda barik; bat irabaztea zaila iruditzen zitzaidan; beraz, pentsa bi irabazita. Oso gustura nago!

Garai baten, gazte epaimahaikide izan zinen, eta horrek animatu zintuen, geroago, parte hartzera, ezta?

Batxilergoko lehenengo mailan izan nuen sariketa barrutik ezagutzeko aukera eta asko gustatu zitzaidan; eta idaztea beti gustuko izan dudanez, hurrengo urtean parte hartu nuen, eta, harrezkero, hala egin dut ahal izan dudan guztietan.

Zeri buruz da sari nagusia irabazi duen gutuna?

Bakardadearen inguruan idatzi nahi nuen, azkenaldian asko entzun dut-eta gaiari buruz; mahai-inguru bat entzun nuen irratian eta horren inguruan idaztera bultzatu ninduen. Rosario 86 urteko emakumeak idazten dio bere zaintzaileari; ez du igogailurik etxean, eta urtebete doa etxetik atera gabe, eta jende gutxi joaten zaio bisitan eta berarekin dago beti zaintzailea. Euren arteko harremana erakutsi gura izan dut, amodiozko gutun moduan.

"Sinesgarria eta sentsibilizazio handiz idatzitakoa dela" diote helduen epaimahaikideek; zer deritzozu?

Halako gauzak entzutea pozgarria da, oso gustura nago! Diru-saria pozik hartuko dut, baina garrantzi handia ematen diet hitz horiei.

Gazte saria ere zuretzako da; zer kontatu duzu horretan?

Nere izeneko emakume batek idazten du, etxean Saharako haur bat izan zuten eta urteak doaz haren berririk gabe. Haur horrek 20 urte bete ditu eta zoriontzeko gutun bat idatzi dio Nerek, esanez hura topatu guran ari direla eta urtero idazten diotela, nahiz eta ez duten harengana heltzen asmatzen; hala ere, erantzuna jaso arte idazten jarraituko dutela esan dio amaordeak.

Zenbat eskutitz bidali dituzu aurten?

Bakarra bidaltzea zen hasierako asmoa, baina, azkenean, hiru bidali ditut; irabazi duena idatzi dut aurten eta horretan nenbilela aurrez idatzita nituen beste bi aurkitu nituen ordenagailuan. Zuzenketatxo batzuk egin, eta bidali egin nituen. Zortea izan dut!

Idaztera bultzatzeko lagungarriak dira halako sariketak?

Duda barik; gutxienez, urtean behin idazteko aitzakia polita da!

Ainara Elizondo (Bigarren sariaren eta esaldien irabazlea): " Jardunen amodiozko sariketa burua hausteko ariketa polita da"

Bi sari irabazi ditu: bigarren gutun onenarena eta esaldiarena. Ez da hasiberria idazketa lehiaketetan, Euskal Filologian lizentziatua da eta Hondarribiko Udal Idazkaritza Sailean egiten du lan.

Zorionak! Sari bikoitza zuk ere!

Sorpresa handiz jaso dut berria; ezustean harrapatu nau zeharo.

Zeri buruzkoa da gutuna eta nork nori idatzitakoa?

Euskal Herrian urteroko protagonista kuttun bihurtu den animalia bati eskaini diot gutuna: Donostiako San Tomas azokako txerriari. Ximona txerriaren izena grabatuta geratu zitzaidan eta gutuna osatzeko ideia polita izan zitekeela pentsatu nuen.

Zelakoa izan da idazketa prozesua?

Animalien ohiturez eta portaerez ezer gutxi dakit, baina nire senarra baserrian jaioa da, eta berak kontatutakoak nahiko baliagarriak izan zaizkit gutuna idazteko. Zailena umorezko gutuna idaztea izan da; barre eragitea negarra eragitea baino dezente zailagoa da.

Zurea da esaldi onena: Maitasuna, 2 hotzen berotasuna, bihotzen 1asun; erraz asmatu zenuen?

Egia esan, ez da hasieran pentsatua nuen esaldia. Hasierako ideiari hamaika buelta eman nizkion eta ertzak jartzen saiatu nintzen, irakurleak ere buruari eragin ziezaion. Leku txikian errima, zenbakien eta hotsen jolasa uztartzea ez da erraza izan.

Iaz ere zure esaldia saritu zuten; abila zara halakoetan?

Ez dakit abilidade kontua den; uste dut egunaren eta aldartearen arabera dela. Batzuetan, ideia onak asko pentsatu gabe sortzen dira, beste batzuetan, aldiz, ipurdi azpian aulkia berotuagatik ezin da fundamentuzko ezer asmatu. Aurten, esaldi irabazlearen bila joan naiz. Iaz, aldiz, bila joan gabe esaldia etorri zen.

Datorren urtean Bergarakoan aurkezteko asmorik?

Bizi banaiz bai, nola ez. Burua hausteko ariketa ona da.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak