Celia Santos: "Feminismoan aitzindari izan zirenen istorioa da"

Jone Olabarria 2020ko ots. 15a, 09:29

Bere lehen eleberri arrakastatsuaren ostean, 'Más rápida que la vida' liburua argitaratu du Celia Santosek, bergaran jaio eta egun bartzelonan bizi den idazleak.

Celia Santos (Bergara, 1972) idazleak Más rápida que la vida eleberria argitaratu berri du. Bere bigarren lana da, La maleta de Ana liburuaren ostean. 60ko eta 70eko hamarkadetan Alemaniara lanera joan ziren emakumeen istorioa kontatzen zuen lehen eleberria egin eta gero, "bere garaia aurreratu" zuen emakume baten istorioa da Más rápida que la vida liburuaren heldulekua. Helduentzako eleberrien aurretik ere ipuinak idatzi izan ditu Santosek, ogibidez lantegi bateko administraria bada ere.

Zergatik Dorothy Levitt? Nola egin zenuen topo berarekin?

Nire lehen eleberrian lanean ari nintzela, autoen pieza bati buruzko informazio bila nenbilen eta bat-batean Dorothyrekin eta hark egindakoekin topo egin nuen. Horrela jakin nuen auto lasterketetan parte hartu zuen Ingalaterrako lehen emakumezkoa izan zela eta, esaterako, berak asmatu zuela autoendako atzerako ispilua. Dena den, hori baino askoz gehiago izan zen Levitt: idazlea, kazetaria, feminista...

Hasieratik harrapatu zintuen Levitten bizitzak, hortaz...

Halako pertsonaia batekin topo egitean, badakizu lehenago edo geroago berari buruz idazten bukatuko duzula. Momentu hartan ezin izan nuen, baina nire barnean banekien bera izango zela nire eleberriren bateko ardatz.

Lan biografikoa da?

Dorothy benetako pertsonaia bat den arren, nobela eran idatzia dago, eta, hortaz, fikziozko hainbat une, pertsonaia edota elkarrizketa ere baditu: laster-keten toki eta datak errespetatu ditut, pertsonaien izenak...baina baditu ukituren batzuk. Zaila izan da Dorothy Levitti buruzko informazioa topatzea, kontuan izan behar dugu XX. mende hasieran gertatutako kontu bat dela, emakume bat protagonista duena, gizonezkoa uste zen arlo batean; Levittek idatzitako Emakumea autogintzan eskuliburua eta pare bat ohar dokumental batzuetan izan dira nire iturri nagusia.

Zer-nolako sortze prozesua izan du lan honek?

Dokumentazio aldetik zaila izan den arren, narrazioa garatzeko orduan askatasun handia eman didan eleberri bat izan da. Fik-ziozko une asko eratzeko aukera eman dit, pertsonaiak, uneak...asko gozatu dut hori.

Emakumea ardatz du eleberri honek. Garrantzi berezia eman diozu feminismoari?

Gai nagusia izatea gura nuen; hortaz, asko edaten du feminismotik. Benetako pertsonaiak ageri dira; garaiko sufragistak, esaterako. Beren garaira aurreratutako emakumeak direla esan ohi da, baina nik nahiago dut esatea beren garaia aurreratu zuten emakumeak direla. Ezin dugu ahaztu haiei esker gaudela gauden lekuan, baian oraindik bide luzea dugu egiteko gure egunerokoan. Istorio honek feminismoan aitzindari izan zirenen bozgorailua izan gura du. Berdintasunaren garaia iritsiko delakoan nago. Ez dut uste feminismoa gizonek egiten dituzten gauza berberak egitean datzanik; gizonak egin dituen txorakeria berberak ez ditugu errepikatu nahi. Gizonak hil egin du, gerra egin du, planeta suntsitu du, sufrimendua eragin du... Emakumeon garaia da, gauzak aldatu eta geratzeko etorri gara.

Nola definituko zenuke zure lana?

Zalantza barik, emakumeak ardatz dituen eleberri feminista da. Une dibertigarri ugari batzen dituen liburua, iragana ezagutzeko tresna bat eta baita etorkizunera begira ikasteko balio izan dezaketen emakumeen kontakizuna. Fikzioaren eta errealitatearen arteko nahastea ere azpimarratuko nuke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak