Asier Kortabarria: "Euskarari dagokionez, Bergarako gazteok asko dugu hobetzeko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ots. 7a, 10:36

Asier Kortabarria 'Moto', Bergarako udaletxeko arkupeetan.

2020ko Euskaraldia dinamizatzeko ardura izango du Asier Kortabarria Moto-k (Bergara, 1992). Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua da, eta musika, zinema, literatura eta bertsoak ditu zaletasun. Ezaguna da herrian, gazteen artean bereziki: "Bergarako gazteok asko dugu hobetzeko euskararen erabilerari dagokionez".  2020ko abenduaren 4ra arte egun erdiz arituko da lanean.

2020ko Euskaraldirako dinamizatzailea zara. Zeintzuk izango dira zure lanak? 

Udaleko Euskara Zerbitzuko eta Jarduneko jendeaz gain, boluntario asko gerturatu zaizkigu eta talde polita egiten ari gara. Lantaldeak osatu ditugu eta nire lana izango da barne komunikazioa bermatzea eta kanpora begira komunikazioan lotura lanak egitea. Erronka berrien artean daude 2020ko Euskaraldiak dakarren dinamika berriak gizarteratzea, herrian zein enpresetan. 

Zeintzuk dira dinamika berri horiek? 

2018ko ariketan norbanakoan zentratu zen Euskaraldia, Ahobizi eta Belarriprest figurekin. Aurten figura horiek mantendu egingo dira, baina Euskaraldia irekiko egingo da entitateetara. Entitate horiek izan daitezke enpresak, kultura eragileak, dendak, tabernak… Horietan guztietan ariguneak sortuko dira. Hori da nobedade nagusia. 

Zehaztu duzue kronogramarik? 

Lurreratu berri naiz eta lehen egitekoa da arloka banatuta ditugun lantaldeak erabat osatu eta egonkortzea. Horrez gain, pare bat enpresatan ariguneen simulazioak burutu dira eta laster egingo duguna da simulazio horien berri eman. Oraingoz ez dago ekitaldi handirik aurreikusita, beste lehentasun batzuk ditugu. 

Bergarako gazte bezala nola ikusten duzu euskararen egoera? Hobetu egin da, ala okerrera doa? 

Esango nuke asko dugula hobetzeko. Bergarako gazteen artean ia %100ekoa izango da euskararen ezagutza, baina kalera irten ezkero bistakoa da erabileran hutsune handiak daudela. Ezkorrak izatea baino, nahiago dut baikorra izatea; eta hobetzeko asko dagoela eta horretarako gaitasuna badagoela adieraztea. 

Musikari zara eta zure bi taldeetan euskaraz egiten dituzue abestiak.

Bai, halaxe da. Kide naizen Ttun Ttun Brigade zein Kaleko Urdangak taldeetan apustua egin genuen hasieratik esateko genuen hori euskaraz esateko. Gure hitz guztiak euskaraz dira.

Ze oroitzapen gordetzen duzu 2018ko Euskaralditik? 

Ona. Ariketa interesgarria eta berritzailea izan zen. Moldeak apurtu zituen hein baten, hamaika eguneko ariketa bat izan zen. 2020rako erronka izango da izan zuen eragina handitzea eta ahal bada Euskaraldiko egunez harago jarraikortasuna ematea. 

Zer egin behar da 2020ko Euskaraldiarekin bat egiteko? 
Oraingoz 50 bat lagun bagabiltza baina ateak zabalik ditugu. Gurekin kontaktuan jartzeko: bergaraeuskaraldia@gmail.com 

Asier Kortabarria, motzean:

Ikasketak: Ikus-entzunezko komunikazioan graduatua 
Zaletasunak: Musika –Kaleko Urdangak eta Ttun ttun Brigade taldeetako kide da–, zinema, literatura eta bertsoak
Euskalgintzarekin esperientzia: Ermuko udal euskaltegian irakasle izan zen bi hilabetez
Euskaraldirako lanerako dedikazioa: Egun erdiz arituko da lanean abenduaren 4ra arte. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak