Bertsozale Elkarteak 2003an sortu zuen Lanku kultura enpresak kultura ekimenak sustatzeko beka eskaintzen du urtero, eta iazkoak emandako fruitua da Berrizko bertsolariak eta Gasteizko dantzariak sortu duten Gorria ikuskizuna. "Bertsolaritzaren eta flamenkoaren arteko fusioa baino gehiago" dela diote egileek; hain justu, bertsolari baten eta flamenko-dantzari baten arteko elkarrizketa prozesu baten emaitza" dela zehaztuta.
Taularen gainean bi lagun dira, baina Gorria-ren atzean jende gehiago dago: Eder Aurre (jantziak); Lierni Eizagirre (atrezzoa); Ion Chavez (argiztapena); Jon Garagarza (soinuztapena); Aitor Escobar Arrasateko gitarra-jolea; Adrian Larrañaga, perkusioan; eta Aitor Ariño musika grabaketa lanetan.
Gorria, ikuskizunaren haria
Hamar piezatan banatuta dagoen 50 minutuko obra da. Amurizak sortutako hitzekin kopla neurrikoak dira testu guztiak. "Sorta bakoitzak gai bat dauka eta modu batean edo bestean kolore horrekin lotuta dago, batzuetan, sinbolikoki, eta giroagatik, edo esplizituki berba horren konnotazioak azaltzen direlako", dio bertsolariak. "Gaiteka zabala da", dio dantzariak, eta zera gaineratu du: "Hitz ederrak dira, eta ahots oso politarekin kantatuak. Sekulakoa lana egin du koplei flamenko kutsua ematen".
Publikoak ondo hartuta
Iruñean eta Legution "arrakastaz" eskaini ondoren, Bergarako Seminarixoan izango dira bihar, zapatua, 19:00etan. Sarrerak zortzi eurotan eros daitezke, Tickets.kutxabank.es atarian eta Seminarixoko leihatilan.