Ander Elorza (Fly Shit): "Hardcorea probatzera animatu nahi zaituztegu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urt. 31a, 10:22

Fly Shit zuzenean, Oreretako Nieseen aretoan. Argazkia: Unai Huizi.

Zarauzko Managaitz-ek, Bergarako Fly Shit-ek eta Oñatiko Lokuria taldea kontzertua eskainiko dute gaur kartzela zaharrean (22:00), Egubakoitzak berreskuratzen ekimenaren barruan. Lokuria taldeak Andoaingo %30 taldea ordezkatuko du, kide baten "arazo pertsonalak" direla-eta ez dutelako joko.

Fly Shit talde beteranoko Ander Elorzarekin egon da GOIENA, gaurko kontzertuaz eta hardcoreak bizi duen egoeraz berbetan. Izan ere, Komenio kaleko Pol-Pol taberna zaharrean 1996an lehen kontzertua eman zutenetik gauzak asko aldatu diren arren, hardcoreari leial jarraitzen dute Fly Shit bergararrek.

Gogotsu zaudete gaurko festarako? Nola eragin dizue %30 taldearen azken orduko bajak?

Oso gogotsu gaude. Managaitz taldearekin batera atera dugun azken diskoa, Gaztaroko erokeria bat baino gehiago izena duena, aurkeztuko dugu gaur zuzenean. Agertokia talde lagunekin partekatzea beti da ederra. Managaitzekin batera, Andoaingo %30 taldea izan behar zen jaialdia borobildu behar zuena, baina azken orduan abisatu digute ezingo dutela egubakoitzean [gaur] jo. Sekulako pena hartu dugu guk, baina esan digute eurak ere pena itzelarekin daudela. Ezin dugu ahaztu %30 gure hasieretako erreferenteetako bat zela eta oso gutxitan jotzen dutela. %30 barik ere kartel polita osatu dugu, eta guretzat, etxean jotzea beti da berezia. Ikusteke dagoena da jendea gutaz aspertu den edo ez... [Barreak].

Zuzeneko diskoaz eta DVDaz gain, bosgarren diskoa da gaur aurkeztuko duzuena. Nolakoa da?

Managaitz taldeak sei abesti sartu ditu disko konpartitu honetan. Gureak lau abesti dira, zarauztarrenak baino luzeagoak direlako. Iaz kaleratu genuen, eta hardcorea aurkituko du disko hau entzuten duenak.

Hardcoreak indar berezia izan zuen Andoainen 1990eko hamarkadan eta zuengatik, hein batean, Bergarara ere zabaldu zen estilo hori. Ze egoera bizi du hardcoreak egun?

Gutaz aparte ez dut uste Bergaran hardcorea egiten duen talderik dagoenik gaur egun. Herriko belaunaldi berriak beste erreferente eta estilo batzuei begira daude. Gure kontzertuetan nahikoa argi ikus daiteke hori; azken emanaldietara gaztetxoago batzuk agertu badira ere, gure kontzertuetako publikoa 30 urtetik gorakoa da, gehienbat.

Belaunaldi berrietan badago hardcorearen jarraitzailerik?

Ez. Bergaran arrakasta duten taldeek punk-oi! musika egiten dute bereziki eta arrakasta dute ez Bergaran bakarrik, Euskal Herri osoan baizik. Pozgarria da.

Zergatik joan beharko litzateke musika-zalea kartzela zaharrera?

Hardcorearen festa ederra biziko dugulako eta Euskal Herrian ez daudelako hardcorea egiten duten talde asko. Gazte batzuentzat esperientzia berria izan daiteke; hardcorea probatzera animatu nahi zaituztegu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak