"Bizipozaren birusa" hedatzeko gertu agertu dira Bergaran

Mirari Altube Arrese 2020ko urt. 25a, 18:30

Euskal Herriko 35 bat elkarteren teilatu den Bizipoza egitasmoak geldialdia egin zuen atzo Bergaran. Hain zuzen ere, herriko hiru elkartek hartu dute babes horren azpian, Aspanif, Chernobilen Lagunak eta Ndank Ndank, eta hiruretako ordezkariak izan ziren Seminarixoko oholtzan.

Bizipozako ordezkari Anabel Arraizak aurkeztu zuen ekitaldia eta egitasmoaren nondik norakoen berri eman. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haurren eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza eskaintzea du helburu hain zuzen ere Bizipozak eta elkarte horiek transmititzen dituzten balioak gizarteratzen ahalegintzen dira "herri inklusiboagoa eraikitzeko".

Chernobilen Lagunak, Aspanif eta Ndank Ndank

Bizipozaren teilatupean hartu dute babes era batera edo bestera Bergarari lotuta dauden hiru elkartek eta horien ordezkariek haien berri eman zuten. Eli Dominguezek, Aspanif eta Ndank Ndank elkarteen gainean jardun zuen. Ezpaina zabalik dutela jaiotzen diren umeen gurasoek osatutako elkartea da Aspanif, eta hara nola gerturatu zen kontatu zuen Dominguezek. Era berean, Ndank Ndank elkarteko kide ere bada eta elkarte horrek Senegalgo Dionewar herriarekin duen lankidetza egitasmoaren berri ere eman zuen.

Amaiur Sainzek, ostera, Chernobilen Lagunak taldeak egiten duen lana gogorarazi zuen: "30 urtetik gora pasatu dira gertaera hartatik baina oraindik oso garrantzitsua da umeak handik atera eta gutxienez hilabete batzuk gure artean pasatzea". Aurten 25 neska-mutiko ekarri gura dituztela iragarri zuen eta horretarako lau familiaren faltan direla adierazi.

Arraizak aurtengo leloaren berri ere eman zuen: Bizipoztu zaitez, izan babesle edo izan boluntario. Eta horretarako ateak zabalik dituztela adierazi zien Seminarixoan elkartutako guztiei.

Ekitaldia borobildu zuten Moises Azpiazu dantza taldeko Joanes eta Garazi Plazaola anai-arreben dantzek, Maite Aristegiren bertsoek eta Ertzak taldearen kantuek.

Erlazionatuak

Bizipoza egitasmoaren aurkezpena

Mirari Altube Arrese 2020 urt 25 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak