Apustu etxeen problematika berbagai gaur kartzela zaharrean, Lubakiren eskutik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urt. 23a, 12:42
Taberna bateko apustua; EAEn 1.100 taberna daude halako makinekin. Argazkia: Xabi Gorostidi.

Eusko Jaurlaritzak araudia berritu arte apustu etxe berriak irekitzeko baimenik emango ez duela iragarri arren, hainbat dira gaiarekin kezkatuta dauden bergararrak; Lubaki Langile Elkartasun Sareak, esaterako, hitzaldia antolatu du gaurko, urtarrilak 23, kartzela zaharrean (18:30).

2019ko irailean sortu zen Lubaki Langile Elkartasun Sarea, "kapitalismoak eragindako desoreken aurrean elkarri babesteko" asmoz: "Langileok zapalkuntza mota asko pairatzen ditugun arren, guztiek dute erro bera, sistema kapitalista. Zapalkuntza guztiak borrokatu eta gainditzeko, sistemaren osotasunean aztertu eta ulertu behar ditugu; horregatik, klase batasuna dugu oinarri". Bergararrak dira gehienak, baina badaude Antzuolako kideak ere.

Apustu etxeen kontra, "irmo"

Elkartea sortu zutenetik zehaztutako lan ildoen barruan kokatu behar da gaurko hitzaldia: Jokoa eta apustu etxeen problematika. Apustu etxeen kontrako "jarrera irmoa" dute: "Pobretzen gaituelako, dependentzia sortzen duelako, alienatu egiten gaituelako eta kapitala elikatzen duelako, apustu etxeei ez!".

"Kezkagarriak" diren datuak

Gaurko hitzaldian hainbat datu emango dituzte, Igor Meltxorren Hagan juego izeneko dosierrean oinarrituta. Hala, eman zituzten datuen artean, "harrigarria" da Lubakiko kideen ustez 2013tik 2018ra Internet bidezko apustuak %463 igo izana Euskal Autonomia Erkidegoan. Ia epealdi berean, Meltxorren dosierreko datuen arabera, online jokatutako diru kopurua 24 milioi eurotik 121 milioi eurora pasatu zen: "Eta diru kopuru hori gora doa etengabe". Horrekin batera, fisikoki jokatzeko aukerak "ia mugagabeak" direla diote: "EAEn 2.100 apustu makinatik gora dago, horietatik 1.100 tabernetan, eta horietan zein Internet bidez adin txikikoek zailtasun handirik gabe joka dezakete".

Apustuaren batez besteko zenbatekoa 38,93 euro da Gipuzkoan; Estatuan 8,10 euro da

Jokoaren edota haren atzean dauden dinamikek dependentzia sortzen dutela "jakinekoa" dela adierazi dute apustu etxeen kontra agertu direnek: "Osasunaren Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, jokoarekiko dependentzia zutenen kopurua 270.000tik 860.000ra igo zen 2012tik 2018ra. Denbora tarte hartan, jokatzeko modua ere erabat aldatu zen; 2012an, %70ek arazoa txanpon makinekin zuten; eta 2018an, arazo nagusia kirol apustuek eragindakoa zen".

Gertuago etorrita, "kezkagarriak" diren beste datu batzuk ere eman zituzten atzo Lubakikoek, betiere Igor Meltxorren ikerketak iturri hartuta: "Apustuaren batez besteko zenbatekoa Gipuzkoan 38,93 euro da; Bizkaian 22 euro eta Araban 23,38 euro. Estatuko apustu bakoitzeko batez bestekoa 8,10 euro da". Eta joko-zalearen profila gero eta gazteagoa den seinale, beste datu esanguratsu bat eman zuten atzo: EAEn laguntza eskatzen dutenen %34 18 eta 25 urte artekoak dira".

"Kaltea ez da ekonomikoa soilik"

Ondorioei begira, Lubakikoek diote eragina ez dela soilik ekonomikoa: "Apustuek gure familiaz, lagunez eta, oro har, gizarteko arazoez urruntzea ere eragiten dute. Ezegonkortasunaren, lan prekarioaren eta noraezaren garai honetan, ilusioa eta esperantza sortzen du, edonork dirua modu errazean irabazi dezakeen ilusio faltsua sortuz".

Igor Meltxor ekartzeko lanean

Simon Arrieta plazan dago herriko joko areto bakarra, baina Lubakikoek diote taberna askotan daudela apustuak egiteko makinak. Apustu etxeen kontrako elkarretaratzea egingo dute otsailaren 14an Irizar jauregiaren atarian (20:00), eta, datarik zehaztu ez badute ere, Igor Meltxor gonbidatu nahi dute, hitzaldi bat eman dezan. Gogora ekarri behar da, era berean, Jaurlaritzak apustu etxe berrietarako baimenak emateari utzi ziola urtarrilaren 15ean, araudia berritu arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak