Ainara G. Goitiandia: "Berdin dio sistemak, gobernuaren koloreak, erlijioak... Matxismoa denean dago"

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urt. 19a, 11:52
Ainara Garcia Goitiandia idazlea Bergaran 'Comeme la flor' liburua aurkezten.

Idazle bizkaitarrak Comeme la flor liburuaren aurkezpena egin zuen, atzo, Bergaran. Hogeita hamar bat lagunen aurrean laburbildu zituen liburuan jasotakoak. Matxismoa zer den eta zein mekanismo dituen azaldu zuen.

Gaztetxeko kartzela zaharrean izan zen atzo Ainara Garcia Goitiandia. Bergarako Martxanterak talde feministak eta Angliolillo liburutegiak gonbidatuta izan zen gaztetxean liburuaren aurkezpena egiten.

Argi eta zuzen hitz egiten du. Liburua ere estilo berean idatzi du. Hiru bat orriko atalak dira eta ideiak argi eta zuzen aurkezten ditu. "Matxismoaz hitz egiten dut liburu honetan eta beharra nuen azpimarratzeko indarkeria matxista ematen dela leku guztietan. Berdin dio sistema ekonomikoa zein den, gobernua ezkerrekoa edo eskumakoa den, erlijioa, ikasketa maila, posizio ekonomikoa… Matxismoa denean dago eta hemen ere bai. Gure etxeetan, gure kaleetan, gure ikastoletan, gure tabernetan, gure lantokietan… Ez gara salbuespena", esan zuen Garcia Goitiandiak. "Egia da 2019an EAEn ez dela feminizidio kasurik antzeman, baina munduko gainerako leku guztietan bezala hemen ere emakumeen kontrako indarkeria dago".

Garcia Goitiandiak populazioa kontrolatzeko sistema moduan ulertzen du matxismoa. "Maisutasunezko sistema da, eta oso erabilgarria; izan ere, sistemari ia doan ateratzen zaio matxismoa", azaltzen du. "Munduko populazioaren %52-54 gara emakumeak. Sistemak populazioaren erdia beste erdiaren kontra jartzen du gizarte osoa kontrolatzeko. Eta hori horrela izateko heziketa dago".

Gai ugari aztergai

Indarkeria matxista esparru guztietara heltzen dela adierazi zuen Garcia Goitiandiak. "Indarkeria orokorra da eta sistemak babestu egiten du". Idazleak aipatu zituen, besteak beste, feminizidioak kontabilizatzeko modu ankerra, lengoaiaren erabilera, obstetriziako indarkeria, soldata arrakala, ordaindu gabeko zaintza lanak...  

  • Feminizidioak. "Matxismoaren adierazpenik gogorrenetarikoa da, baina larriagoak badaude, nire ustez. Egunero egunero eta modu isilean ematen direnak. Feminizidioei 'erailketa matxista', 'indarkeria matxista'… esaten zaie. Nik feminizidio erabiltzen dut. 2003an hasi ziren datuak zenbatzen eta Espainian 1.000 emakume hil dituzte ordutik. Hori da datu ofiziala. Nik diot datu hori gezurra dela. Sistemak ez ditu feminizidio guztiak zenbatzen. Zenbatzen ditu bakarrik hiltzailearen eta biktimaren artean bikote harreman bat egon bada. Gizonezko batek emakume ezezagun bat hiltzen badu hori ez da feminizidiotzat hartzen. Hala, Diana Quer, esaterako, estatistika honetatik kanpo gelditzen da. Sistemak feminizidio ugari egiten ditu ikusezin. Gomendatzen dut Feminicidio.net webgunea. 99 feminizidio zenbatu ditu 2019an, Espainian. Datu ofiziala da 54. Pentsa ze aldea dagoen!"
  • Langile merkeak. "Berdin zait sistema bada demokrazia bat, diktadura bat, ezkerrekoa, eskumakoa, katolikoa, musulmana, judua... Matxismoa denean dago eta sistematikoa da. Arrazoiak bi dira: aurretik aipaturiko populazioaren kontrola eta emakumeak langile merkeak garela edozein sistemarendako. Kalkulatuta dago emakumeok egiten ditugun lan guztiengatik ordainsaria jasoko bagenu ez litzatekeela egongo sistemarik hori jasango lukeenik. Lan asko egiten dugu kobratu barik, zaintza lanak askotan. Soldata arrakala hor dago. Esan baita ere prostituzioa eta haurdunaldi subrogatuak aberastasun iturri direla sistemarendako. Milioiak daude hor".
  • Lengoaia. "Hedabideetan eta komunikazio kanpainetan erabiltzen den lengoaia eta igortzen diren mezuak nolakoak dira? Emakumeen inguruko indarkeriari buruz ari garenean badira praktika batzuk orokorrak direna. Esaterako, ez dira feminizidio edo bahiketa hitzak erabiltzen. Emakumezkoei seguru ibiltzeko ematen zaizkigun aholkuak, berriz, zeintzuk dira? Ez ibili bakarrik, ez ibili leku ezkutuetan edo ilunetan, ez elkartu ezezagunekin… Gure askatasunean du honek eragina. Eta kasurik egin ez eta zerbait gertatzen bazaigu errua gurea da, emakumearena. Horrelako kontrol praktika asko daude".
  • Obstetriziako indarkeria. "Kasu gero eta gehiago ari dira azaltzen; izan ere, erditzerako unean indarkeria jasaten dugu emakumeok. Gizonentzako puntuari buruz hitz egingo dizuet gaur. Erditzerakoan episiotomia bat egiten bada gero josi egin behar da. Josteko une horretan egon dira medikuak beharrezkoak direnak baino puntu bat edo bi gehiago eman dituztenak. Helburua? Emakume horrekin harreman sexualak izango dituen gizonezkoak plazer handiagoa sentitzea. Hamarkadetan burutu den praktika bat da, eta emakume askok ez zuten ulertzen zergatik bihurtu ziren mingarriak harreman sexualak erditu ostean. Bada, emakumeak ginekologia munduan sartzen hasi direnean azaleratu da praktika hori. Hamarkadetan isilik eta ezkutuan mantendu den praktika bat. Dokumentatutako kasuak daude".
  • Ahizpatasuna edo sororitatea. "Kapitulu oso bat eskaintzen diot liburuan. Denok dakigu anaitasuna edo fraternitatea zer den, baina gutxik entzun dugu sororitateari buruz. Emakumeen arteko ahizpatasuna da. Emakumeen arteko laguntasun sarea, emakume izateagatik ditugun berezitasunak konpartitzeko eta elkar laguntzeko sarea; izan ere, sistemak nolakoak nahi gaituen badakigu eta gizonezkoekin ezin gara ahizpak izan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak