Gizakiaren lagun onenak leku barik jarraitzen du Bergaran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urt. 17a, 11:21
Eguenero elkartzen diren San Martin plazan; irudian, atzoko elkarretaratzea.

Bergaran erroldatuta dauden 1.822 txakurrak aske eramateko nahikoa leku ez dagoela dio Guau elkarteak, eta jabeei eskatu die gizalegez jokatzeko elkarbizitza hobetu dadin. Udal Gobernuak konpromisoa hartu du arazoari epe luzerako irtenbide bat topatzeko. 

Herritarren eta txakurren arteko herri barruko elkarbizitza hobetzeko neurri berriak behar direla uste du Bergarako Guau elkarteak. Azken datuen arabera, Bergaran 1.822 txakur daude erroldatuta, eta horietatik 42 dira arrisku potentziala dutenak. Txakur bat hiltzen denean jabeek albaitariari eman behar diote heriotzaren berri eta albaitariak, gero, Udaltzaingoari pasatu ohi dio abisua. Hala ere, jabe guztiek ez dute hori egiten eta horrek eragozten du datu eguneratuak izatea.

"Ezin gara egunero birritan edo hiru alditan mendira joan"

Datuak datu, ia 2.000 txakur daude Bergaran; Guau elkarteko Irene Martinezen arabera, txakurren eskubideak ez daude bermatuta: "Eskatzen duguna da txakurrak aske izateko espazio berdeak ahalbidetzea. Herri osoan debekatuta dago txakurra solte eramatea, eta baita herri arteko oinezkoendako guneetan ere bai, salbuespenak salbuespen. Txakur gehienek ariketa fisikoa beharrezkoa dute euren garapenerako eta ezin duguna da egunero birritan edo hiru aldiz txakurra mendira eraman". Alkatearekin azaro amaieran elkartu ziren, eta, Martinezen arabera, arrazoia eman zien: "Esan ziguten ordenantza zaharkituta geratu dela, horrenbeste txakur ez zeuden garaian egindakoa edo egungo ezaugarrietara egokitzen ez dena. Ordenantza aldatu gabe, eskatu genien egungo pipican-ak handitzeko, inguruan dituzten espazio berdeak aprobetxatuta".

Epe luzerako irtenbide baten bila

Gorka Artola alkatearen arabera, konpromisoa hartu zuten Guau elkartekoekin arazoa aztertzeko; epe luzera begirako irtenbide bat topatzeko lanketan dihardute: "Ez dauka soluzio errazik eta azkarrik; pipican batzuk handitzeko aukera badago, baina ez dugu uste arazoari erantzuteko neurri orokor egokia denik. Argi dago txakurrek solte joateko espazioak behar dituztela herri barruan; elkarbizitzarako aurrerapausoa litzateke, txakurrak gustuko ez dituztenek ez dutelako kalean txakur askatuekin topo egingo".

Egun, parkeetan ezin dira txakurrak sartu, eta ordenantza aldatu egin beharko litzateke horretarako. Baina badira parkeak ez diren bestelako berdeguneak txakurrak solte eraman ahal izateko –etxe bloke batzuetako lorategiak, hilerri ingurua, Labegaraieta kiroldegiko ataria, Migel Altuna berriaren inguruak–; aukera horiek guztiak "ondo" aztertu nahi ditu Udalak.

Betebeharrak, eta eskubideak

2019ko azaroaren 28an egin zuten lehen elkarretaratzea San Martin plazan, eta orain, eguenero elkartzen dira. Hala ere, bestelako ekintzak antolatzea ari dira pentsatzen: "Txakurren erakustaldi batzuk prestatzen ari gara herritarren arreta erakartzeko. Ekitaldi horiek aprobetxatuko genituzke informazioa banatzeko". Hain zuzen ere, jabeengan jarri du arreta Martinezek: "Jabeek txakurren kakak jaso behar dituzte; gehienek egiten dute, baina ez guztiek. Gizalege kontua da. Txakur jabeok batuago egotea komeni zaigu, gizalegez jokatzen ez dutenei gizalegez jokatzera behartzeko; txakurrek ez dezaten fatxadetan edota erakusleihoetan txiza egin edota kaka egiten dutenean kakok jaso ditzaten".

DNA probak eta "isun gogorrak"

Martinez harago doa, eta DNA probak proposatu ditu: " Udalera jo genuenean proposatu genuen; kakei jarraipena egin diezaiekegu DNA jasota. Ikertu eta txakurraren jabea identifikatu ostean, isun gogorrak jar daitezke; isun horiekin jasotzen den diruaz finantza daitezke DNA proba horiek. Alkatearekin berriro ere biltzeko asmoa dute: "Txakurrendako espazioak behar ditugu; txakurrak aske eraman ahal izatea behar dugu bestelako eragozpenik sortu gabe".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak