Maialen Esnaola: "Baldintzak hobetu diren arren, bide luzea dugu oraindik"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urt. 18a, 08:42
Esnaola pase bat egiten, ligako lehen itzuliko partidu batean.

Bigarren Mailako Reto Iberdrola ligako lehen itzulian minutu guztiak jokatu dituzten bederatzi jokalarietako bat da Maialen Esnaola (Bergara, 1994). Profesionalki eta pertsonalki oso gustura dago Santanderren eta nesken futbolaren egoeraz mintzo da, besteak beste: "Aurrerapausoak ematen ari dira, baina gizonezkoen aldean oraindik bide luzea dugu egiteko". Urtarrilaren 20an sinatuko dute lehen hitzarmen kolektiboa.

2010-2011 denboraldian hasi zen futbolean Maialen Esnaola (Bergara, 1994), Bergara Kirol Elkarteko gazte mailan, eta duela hiru urte BKEn ari zen: "Profesional mailara egin dut salto hiru urte eskasetan. Balio dezala Bergarako neska gazteak ere motibatzeko".

Datu esanguratsua da lehen itzuliko minutu guztiak jokatu izana. Zorionak! Pozik egongo zara, ala?

Oso pozik. Entrenatzaileak konfiantza osoa du nigan, eta, beraz, esan daiteke arlo pertsonalean ezin dudala gehiago eskatu.

Nola bukatu zenuen Santanderko Racing taldean jokatzen?

Iaz, Santanderrera bizitzera etorri nintzen bikotekidearekin; futbol jokalaria da eta Racingek fitxatu zuen. Lehen aldia da kanpora jarraitzen diodana, orain arte ikasten egon naizelako Euskal Herrian. Baina iaz distantziako master batekin hasi nintzenez, berarekin joateko aukera ezin hobea izan nuen. Hala, Santanderrera heldu bezain laster nesken futbol taldeengatik galdezka hasi eta berehala Monte klubarekin entrenatzen hasi nintzen. Bi aste geroago, Bigarren Mailan zegoen lehen taldeak fitxatu ninduen. Iaz, Monte CF taldearekin nenbilela, Espainiako Futbol Federazioak aditzera eman zuen liga berri bat eratu behar zutela bigarren eta lehen mailen artean, eta gure helburua lehen lau postuen artean geratzea zen aurten liga berri horretan lehiatu ahal izateko. Ez genuen helburua lortu. Racing, iazko gure aurkarietako bat, laugarren postuan geratu eta igoera lortu zuen. Uda hasieran, Racing nirekin kontaktuan jarri zen eta kontratu profesionala eskaini zidaten. Ez nuen asko pentsatu behar izan: kategoria bat gorago, futbol profesionala eta hori guztia etxe ondoan.

Hamaikagarren postuan dago Racing. Gustura postu horretan?

Denboraldi aurreko helburua mailari eustea zen eta helburu hori bete egin dugula esan daiteke, jaitsiera postuak oso urrun daude eta. Hori bai, ea gai garen hasi berri dugun bigarren itzulian goiko postuetara hurbiltzeko.

Bigarren itzulia ederto hasi zenuten joan den aste bukaeran...

Bai, bolada onean gaude. Zaragoza 5-0 hartu genuen mendean.

Zer moduz zaude Santanderren?

Ederto. Segituan topatu nuen futbolean jokatzeko taldea, eta, gainera, hiri txikia eta erosoa da. Hondartza dauka eta mendia ere oso gertu dago. Herrimina sentitzen da, baina, etxetik horren gertu egonda, ahal dugun guztietan joaten gara Bergarara.

Zure herrikide Vanessa Gimbert erreferente izan da zuretzat?

Lehen Mailan urte luzez jokatu duen jokalaria da; horrelako jokalariak beti dira erreferente niretzat. Jarraitu dut. Egia da azkenaldian gehiago jarraitzen dudala, duela urte gutxi hasi ziren-eta emakumezkoen futbola telebistaz ematen...

Nola ikusten duzu emakumezkoen futbola? Azaroko greba, hitzarmena urtarrilaren 20an sinatuko dela...

Grebaren bueltako zalaparta oso gogoan daukat. Lehen Mailan lanean ari dira eta igartzen da baldintzak hobetzen ari direla. Reto Iberdrola liga da horren adibide: maila erabat berria da eta profesionala da. Hau da, pasatu gara maila profesional bat izatetik bi izatera. Aurrerapausoak ematen ari dira, baina gizonezkoen aldean oraindik bide luzea dugu egiteko. Alde itzela dago; nire bikotekidearekin konparatuta, bere baldintzetara hurbildu ere ez naiz egiten. Eta biok gaude maila berean.

Zer esango zenioke astean hiru edo lau alditan Ipintzan entrenatzen duen jokalari gazte horri?

Gustura badabil segi dezala futbolean, ez dezala beste faktore batzugatik utzi. Duela hiru urte, Bergaran nengoen, erregionalean, eta orain, profesional mailan nabil; posible da aurrera egitea, futbolean ez da ezer ezinezkoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak