Auzoek bizi duten egoeraz egingo du berba Hedoi Etxartek Osintxun

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko urt. 13a, 15:29

Osintxuko auzotar batzuk Osintxuko plazan, 2019ko azaro amaieran.

Hedoi Etxarte idazleak Auzoak: egungo egoera ulertzeko zenbait zertzelada orokor izenburu duen hitzaldia emango du etzi, urtarrilak 15, Osintxuko liburutegian (18:00): "Etxeetan gero eta jende gutxiago bizi da, eta sozializatzeko esparruak galtzen ari dira".

Auzoak: egungo egoera ulertzeko zenbait zertzelada orokor. Izenburu hori jarri dio Angiolillo liburutegiak Osintxun antolatu duen hitzaldiari. Urtarrilaren 15ean izango da, Osintxuko liburutegian (18:00), eta Hedoi Etxarte idazle nafarra gonbidatu dute hizlari lanetan jarduteko; Angiolillo liburutegiaren hamargarren urteurreneko ekintzen barruan kokatzen da hitzaldia.

"Denborak espazioa suntsitu du"

Etxartek ez du Bergara apenas ezagutzen eta, beraz, ez ditu Osintxuko bertako errealitatearen gaineko argibideak emango: "Hitzaldiaren aurretik bertakoek kontatuko didatena oso adi entzungo dut, noski, baina ni fenomeno orokorragoak kontatzera joango naiz". Etxartek dioenez, duela hainbat mendetatik landa eremuak hirietatik pentsatu dira: "Merkataritzarekin eta bereziki azken bi mendeetan teknologiarekin lotuta, aldaketak itzelak izan dira. Denborak espazioa suntsitzen duenetik, alegia; hasieran gurdiekin, gero trenarekin, eta azkenik, auto, kamioi eta hegazkinekin, gure espazioa bizitzeko moduak erabat aldatu dira. Eta horietan ezinbestean izan du eragina erabat oinez bizi ditugun lekuak; eta horien artean daude auzoak".

Gizarte gero eta indibidualistagoa

Horrekin batera, gaur egun kapitalak hiria eta hirian dagoen guztia ustiatzen duela nabarmentzen du Etxartek: "Hirian dauden pertsonen gaineko kontrola, higiezinen espekulazioa, logistika... dena kontrolatzen du kapitalak. Denda txikiak dira adibide garbiena, gaur egungo kapitalismo basatiari eustea oso zail dutenak; denden ordez merkataritza-guneak daude, auzokideen jabetzakoak ez direnak eta gertu ekoiztutako produkturik saltzen ez dutenak, salbuespenak salbuespen". Egoera horrek dakar, Etxarteren arabera, gero eta indibidualistagoa den bizitza: "Etxeetan gero eta jende gutxiago bizi da eta sozializatzeko esparruak galtzen ari dira".

Parisko eta Berlingo adibideak

Osintxura etorrita, eskolaren etorkizuna bermatzeko lanean ari dira Ponportola guraso elkartea eta auzotar batzuk. Izan ere, uste dute eskola txikia ume faltagatik itxiko balitz auzoaren etorkizunerako ere oso latza litzatekeela. Eskola txikien garrantziaz galdetuta, adibidea kontrako norabidean jarri du idazle nafarrak: "Oso kezkatuta daude Paris erdialdeko auzoetan etxebizitzak turistentzat bideratu direlako eta ratioek ez dutelako ematen haur eskolak eta eskolak betetzeko. Horrek esan nahi du auzo horiek pikutara doazela, turistentzat direla eta honezkero ez direla bizigarriak".

Parisko egoerari kontrajarrita, Berlin aipatzen du idazleak: "Gero eta zailagoa da bizitza toki guztietan, baina Berlinek baditu oraindik oso bizigarriak diren auzoak. Izan ere, zer izan behar du auzo batek bizigarria eta erakargarria izan dadin? Bizitzako garai guztietarako aproposa izatea, eta haur eskola, eskola, parkeak, tabernak, gazteendako lekuak, liburutegia... izatea; betiere, tokiaren eta kulturaren arabera".

Hala ere, Etxartek dio kalea bera ere izan behar dela erabilera publikorako tokia: "Gaur egun, tamalez, hiriguneetako toki larregitan jartzen du baloiarekin ezin dela jolastu. Hori astakeria itzela da; hori umeak onartzen ez direla esatea da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak