Iker Badiola: "Hankek ezin zutenean, buruak egin zuen korrika"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko abe. 12a, 12:53

Iker Badiola, Zegamako helmugan, Kilian Jornet irabazlearen ondoan. Argazkia: Paco Santxez.

Hainbat arrazoirengatik idatzi du Behin Zegama-Aizkorrin parte hartu nuen liburua Iker Badiolak (Ondarroa, 1978). 2019ko mendi maratoian azken aurrena sailkatu zen, zortzi orduko kontrol-langatik oso gertu: 7:58:21. Mendi maratoian bizitako "infernua" kontatzen du liburuan; bihar aurkeztuko du, Irizarren (19:00), Anartz Agirre kirol kazetaria eta Oihana Azkorbebeitia lasterkaria ondoan dituela.

Aspalditik zara mendi lasterkaria?

Mendiko lasterketek bizi izan duten loraldiaren biktima bat gehiago naiz. Bizikletan ibilitakoa eta asfaltoan korrika egindakoa naiz, eta esaten nuen ez nintzela sekula mendian korrika hasiko; lauzpabost urte daroatzat nire hitzak irensten.

Zergatik idatzi duzu liburua?

Asko bete ninduen esperientzia eta abentura bat izan zen Zegama-Aizkorri. Karreraren bilakaerak liburu bat idazteko ematen zuen, eta bizitakoa kontatzeko eta eskerrak emateko behar moral bat ere sentitzen nuen.

Lasterketa infernua izan zen, ala?

Bai. Oso-oso gogorra egin zitzaidan, ez nuen eguna izan. Bero larregi egin zuen, baita 1.500 metrora zeuden gailurretan ere.

Ondo prestatu zenuen lasterketa?

Esango nuke ondo prestatuta eraman nuela. Aurretik proba batzuk egin nituen ibilbide beretik, eta denbora aldetik ondo joan ziren. Baina lasterketako eguna aspaldian izandako egunik txarrena izan zen niretzat eta horri beroa gehitu behar zaio. Hasiera-hasieratik konturatu nintzen infernua biziko nuela.

Lagatzea ez zen aukera bat?

Oso burugogorra naiz, eta hankek ezin zutenean buruak egin zuen korrika. Urbiatik pasatu nintzenean familia zegoen bertan eta ordurako ukituta nindoan. Elkarri galdetzen zioten ea helduko nintzen, eta orduan aitak esan zuen baietz, beste gauza batzuk ere lortzeko oso burugogorra izan naizela eta lortuko nuela; asmatu zuen. Hasierakoak izan ezik ia kontrol-gune guztietan heldu nintzen kanpoan geratzetik oso gertu; guztiek diote Sancti Spirituko kontrola pasatuz gero dena "eginda" dagoela; bada, ni ez nago batere ados; kar, kar.

Badiola Zegaman helmugaratzen; Kilian Jornet zuen zain, xanpain botila eta guzti. Argazkia: Paco Santxez.

Helmugan Kilian Jornet zenuen zain, mendian parekorik ez duen estralurtarra. Nola gogoratzen duzu?

Azken kilometroetan, amaitzea zen nire obsesioa; herrian sartu nintzenean, azken 300 metroetan, ohartu nintzen lortuko nuela. Baina ez nintzen gogoratzen festa bat izango nuenik zain; Kilian xanpain botila batekin ikustea eta gero eman zidan besarkada... ez dut ahaztuko.

Aurkezpenean Anartz Agirre eta Oihana Azkorbebeitia izango dituzu ondoan, luxuzko gonbidatuak.

Benetan baietz. Inguruan ez dago euskaraz mendi lasterketen inguruan galdetzeko kazetari egokiagorik, eta zer esan Oihanaren inguruan... Luxua da.

Non erosi ahalko da liburua?

Tximeleta dendan. Liburua, egilea moduan, justu-justu helduko da aurkezpenerako; kar, kar. Gazteleraz irtengo da lehenengo eta euskaraz gero; 236 orrialde ditu –tartean, 22 argazki– eta 15 eurotan erosi ahalko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak