Haur minbizian jarri du aurtengoan fokua EITB maratoiak, eta ekimenari sostengua emateko asko izan dira Lau teilatu abestiaren bideoklipa grabatu dutenak.
Bergaran ere ez dira atzean geratu, eta lan horretan aritu dira Mariaren Lagundia ikastetxean, San Martin Agirre herri eskolan eta Aranzadi ikastolan: martitzenean, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera filmatu zuten Mariaren Lagundian bideoklipa eta pasa den egubakoitzean, ikastetxeko patioan batuta, kantuan aritu ziren San Martin Agirre herri eskolako ikasle, irakasle eta hainbat guraso ere.
Aranzadi ikastolaren kasuan, EITBk botatako erronka aprobetxatu eta sekuentzia didaktiko oso bat garatu dute, proiektuaren bi ardatz nagusiak oinarri hartuta: euskal kultura eta haur minbizia. Lan horren ardura eta gidaritza izan dute Andoni Mujika eta Alex Arteaga irakasle gazteek.
Gai "tabua" bistaratu
Minbiziaren gaia bistaratu eta egunerokotasunera ekartzea izan da proiektuaren heldulekuetako bat: "Gai konplexua izan daiteke, zenbaitetan tabua ere bai, eta zaila da ikasgelara ekartzea, baina lantzeko beharrezkoa". Hala azaldu dute Mujikak eta Arteagak. Adin ezberdinetara moldatu dute lanketa hori, eta mailetan gora egin ahala zehaztasunetan "sakonduz" joan dira: "Gradualki joan gara gaia lantzen; betiere, aurretik zekitenetik abiatuta. Txikienak ziren, Haur Hezkuntzako ikasleak, aurrez gehien zekitenak. Material ugari landu dituzte eta haien hizkuntzan, noski, azaltzen dute minbizia: zelula txarrak dituztela, kutsatu egin direla zelulak... Asko harritu gaitu".
Informazio eta laguntza bila, "kanpoko adituak" izan dituzte haurren artean gaia lantzeko: "Ikastolako kide bati esker Aspanogi elkartekoak izan genituen gurean minbiziaz hitz egiten. Material ona, zehatza eta baliagarria bilatzen genuen eta haiengana jotzea erabaki zen. Gainera, oso berezia izan zen, elkartea hitzaldiak ematen hasi zenean ere lehena Aranzadin eskaini baitzuen".
Bergarako 'Lau Teilatuak'
Lau teilatu proiektua izendatu dutenak oinarri du euskal kultura; bereziki, musikaren ikuspuntutik landuta. Hala, "ezin aproposagoa" iruditu zitzaien Arteaga eta Mujikari maratoiaren aitzakia. "Abestia gure herrian oinarrituta dago, ikastolatik metro gutxira daude lau teilatu horiek, eta aprobetxatu beharreko kasualitatea zen". Ikasleen artean euskal kulturarekiko "gabezia" antzematen zutela aitortu dute gazteek. "Azkenaldian, musikari dagokionez, hasi dira berriz euskarazko kantuak entzuten, baina horren atzetik dagoenari buruz gutxi dakite, ez dute kontzientziarik".
Itoitz taldearen Lau teilatu kantuarekin ere gauza bera gertatzen zen: "Uste genuen ikasle askok ezagutu ere ez zutela egingo abestia, baina, gure sorpresarako, gehiengoak bazekien. Dena den, asko ziren abestiaren atzetik dagoen istorioa ezagutzen ez zutenak".
Euskal kultura trikitia eta panderoa "baino askoz gehiago" dela erakutsi nahi izan dute Aranzadin: "Estilo ezberdinak landu ditugu, bideoak ikusi dituzte, kantuen atzetik dagoena ulertzen saiatu gara, letrak, doinuak... Ohikotik harago joaten saiatu gara".
Harrera ona
Proiektua proposatu eta ikastolaren partetik "sekulako sostengua" izan dutela adierazi dute Alex Arteagak eta Andoni Mujikak. Aranzadi osatzen duten 700dik gora ikasleak "protagonista" egin dituzte eta maila batean edo bestean gaia landu izana "polita" dela aitortu dute. "Maila batzuetan zaila izan da proiektua garatzeko tartea hartzea; izan ere, honekin hasi aurretik ere lanean zeuden eta horretan txertatzen saiatu gara. DBHko ikasleak, esaterako, azterketa garaian murgilduta ibili dira, eta, hortaz, lanketa ez da hain sakona izan". Helburu komunez gain, maila bakoitzak funtzio ezberdinak izan ditu; esaterako, 3 eta 4. mailetako ikasleek irratsaioa egin dute: "Ikastola barneko komunikazioa bermatzeko, ikasle hauen lana izan zen informazioa batu eta hori gero ezagutzera ematea".
Kameren aurrean
Bideoklipa grabatuta, herriko hezkuntza zentroek euren ekarpena egin nahi izan diote EITBk abiarazitako ekimenari, eta, euskal kulturan oinarrituta, haurren artean lantzeko zailak diren gaiak bistaratu.