Hauexek izan dira Bergarako Udaleko gizarte zerbitzuek antolatu dituzten lau ekimenak:
- Lagunkoi egitasmoaren barruan eta Matia Fundazioarekin elkarlanean Nire lagun postala ekimena ekarriko da Bergarara. Hainbat puntutan (Udaletxea, Liburutegia, Boni Laskurain, Osasun zentroa, Agorrosin eta Labegaraieta) postontziak izango dira, idazteko postalak eta bakardadeari buruzko informazioa. Urtarrilaren 7ra arte egongo dira eskuragarri; eta jasotako postalekin lanketa egingo da Matia Fundazioan. Postalak erabili ahal izango dira norberak hartu eta nahi duenari idazteko; edo baita ere horri buruz idatzi eta postontzi horretan sartzeko.
- Abenduaren 9an, astelehena, Tele-asistentziari buruzko hitzaldia egingo da Boni Laskurain gizarte etxean 18:30ean.
- Abenduaren 16an, astelehena, hirugarren adineko bakardadeari buruzko hitzaldia egingo da Irizar jauregian, 19:00etan.
- Bakardadeari buruzko argazki erakusketa. Aroztegin. Urtarrilaren 7tik otsailaren 2ra.
Eta behin horiek gauzatuta Udalaren asmoa da bakardadean dauden eta sentitzen diren pertsonak detektatzeko gizartea inplikatzea eta Udaleko gizarte zerbitzuetara bideratzea behar duten laguntza guztia eskaintzeko.
1.480 bergarar bakarrik erroldatuta
Datu esanguratsu batzuen berri ere eman dute. Bakardadea adin guztietan ematen da, baina adina aurrera joan ahala bakardade handiagoa ematen da. Bergaran 65 urtetik gorako 1.480 pertsona bakarrik erroldatuta daude; hau da, 65 urtetik gorako pertsonen %42 (emakumeak %63,98 eta gizonezkoak %36,01).
Hauexek dira, Udaleko gizarte zerbitzuen arabera, bakardadearen sintometako batzuk: depresioa areagotzea; gehiegizko alkohol kontsumoa eragitea; bihotz eta zirkulazio gaixotasunen kontrol txikiagoa; hezurrekin erlazionatutako gaixotasunak, artritisa kasu; etxean istripuak izateko arriskua areagotu eta laguntza garaiz jasotzeko aukerak txikitu...