2014. urtetik suteak ekiditu eta gizarte premiak antzemateko programa burutzen dute gizarte zerbitzuek. Programa, 80 urte baino gehiago duten pertsonei dago zuzenduta, baita 65 urtetik gorako norbaitekin bizi direnei. Udaletik jakinarazi dutenez, aurtengoan 59 pertsonei eman zaie programan sartzeko aukera eta horietatik 43 sartu dira. Hala, guztira, 601 etxebizitza erabiltzaile daude eta zerbitzuak 24.364,19 eurokoa kostua du.
Programan sartu diren 43 etxeetan arriskuak ebaluatu dituzte eta horietatik 36tan ez zen arriskurik identifikatu. Era berean, arriskuan zeuden 7 etxebizitzetan hainbat neurri hartu dituzte: "Etxe horietan ebakuazioa errazteko krokis bat egin, autobabeserako eskuliburu bat aurkeztu eta segurtasun pautak erakutsi zitzaizkien".
Prebentzio neurriak
Helburuetako bat sute arriskuak ekiditea izanik, 2019 urtean 48 detektagailu berri instalatu direla adierazi dute udaletik, prebentzio modura; eta ke-detektagailuen mantenu zerbitzua 558 etxetan egin dela. Guztira 708 ke-detektagailu daude funtzionamenduan.
Suteak ekiditeko bisitak egitearekin bat, elkarrizketak egiten aritu dira, erabiltzaileek gizarte
zerbitzuen laguntza beharrik duten jakiteko. Horretarako 601 etxebizitza bisitatu dira eta
horietatik %74ean beharrik ez dutela egiaztatu dute. Gainontzeko %26an informazio premia edo gizarte zerbitzuen esku-hartzea antzeman dute.
Hainbat hitzarmen
Hirugarren adineko pertsonei dagokienez, La Caixa fundazioarekin duen hitzarmena berritu du udalak, era horretara, Boni Laskuraineko adinekoen zentroan garatzen dituzten osasun eta ongizate, garapen pertsonal, informatika eta teknologia jardueren jarraipena bermatuz.
Gipuzkoako foru aldundiarekin ere hitzarmena sinatu du udalak mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrek duten zaintzaren kalitatearen jarraipena egiteko. Hitzarmenak zehazten duenez, Aldundiak Udalaren esku uzten du jarraipen hori. Iaz, 514 pertsonek jaso zuten mendekotasunagatik dirulaguntza Bergaran.