Ukaezina da Brigade Loco talde bergararra fenomeno bat bihurtu dela. Ez dago aurrekaririk Debagoienean, punk-oi! taldeen artean behintzat, bi urte eskasetan halako arrakasta lortu duenik. Iazko azaroan kaleratutako Ekintzek dute hitza diskoaren salmentak itzelak izan ziren; 2018ko urriaren 24an kaleratu zuten Aurrera doa abestiaren bideoklipak ia 461.000 ikustaldi izan ditu youtube-n; eta 2019ko urriaren 9an argitaratu zuten Bultzada kantuaren bideoklipak, hilabete baten, ia 120.000 ikustaldi izan ditu.
Ekintzek dute hitza diskoa aurkezteko bira amaitu zuten joan den zapatuan, hilak 9, Gasteiz Calling jaialdi entzutetsuan. Birak 56 kontzertu izan ditu eta Gasteiz Calling-aren aurretik eman zituzten bi kontzertuetan, betiere Des-kontrol arrasatearrekin eta Rotten XIII tafallarrekin batera, Atarrabiako Totem aretoan bi egunez jarraian sarrera guztiak saldu zituzten. Bi gau haietan 2.400 bat lagun elkartu zituzten guztira, belaunaldi ezberdinak nahastuta –eta makina bat kamiseta salduta–.
Lau ahots, ulertzen laguntzeko
Hau guztia aintzat hartuta, non dago Brigade Locoren arrakasta ero horren gakoa? Askotarikoak izan daitezke erantzunak: teknologia berriei esker musika sortzeko orduan beste garai batzuetan baino baliabide gehiago daudela egun, sare sozialak ezin hobeto erabili dituztela, punk-oi estiloak azken hamarkadetan izan dituen beste olatu edo bolada horietako bat bizi dugula...
Faktore ezezagun horretara ahalik eta gehien hurbiltzeko, Brigade Locorekin egoteaz gain, beste lau ate jo ditu GOIENAk: aspalditik kontzertuak antolatzen eta musikariekin lanean diharduen Iker Barandiaran kazetari arrasatearra; 1996an Des-kontrol sortu eta ordutik etenik gabe jotzen diharduen Oier Beitia Magu; Bergarako eta inguruetako mobida ondo ezagutzen duen Kaleko Urdangak taldeko baxu-jole Asier Kortabarria Moto; eta taldea eratu berri duen eta Brigade Locorekin entseatzeko lokala partekatzen duen No Limits taldeko baxu-jole Erik Herran.
Iker Barandiaran (kazetaria eta musikan aditua): "Bergara hardcorearekin lotzen dut nik"
Brigade Loco ikusteke ere, urte luzetako esperientzia du bertako musikariekin lanean.
Nola uler daiteke Brigade Loco-ren arrakasta?
Zaila da azaltzeko. Euskal gazteriaren zati batek mezu borrokalaria du oraindik; gainera, badago nolabaiteko nostalgia eta miresmen bat hemen izan ziren punk-oi taldeekiko. Bestalde, euren jarraitzaileek hurbileko ikusten dituzte, eurak izan zitezkeen; eta konektatzeko asko laguntzen du horrek. Ez dakit zer duten punk-oi!-ak eta punk-rockak hemen, baina harrapatu egiten dute.
Ze musika estilorekin lotuko zenuke Bergara? Hardcorearekin lotzen dut nik Bergara, nire gustuetatik gertuago dagoen estiloa da. Bergarakoak izan dira Bost Axola, Fly Shit, Supercools eta beste batzuk; Bergaran, orain arte, ez da puntako punk-oi! talderik izan. Hori bai, egon dira beste herri batzuetako talde sendoetan aritu izan diren bergararrak.
Oier Beitia Magu (Des-kontrol): "Pozgarria da haria eten ez dela ikustea"
Urriaren 31n eta azaroaren 1ean Brigade Locorekin jo zuen Des-kontrolek, 1996tik eten barik ari da jotzen Magu.
Non dago Brigade Locoren arrakastaren gakoa?
Ez dakit esaten, faktore asko izan daitezke. Izan dira urte batzuk ez dela punk-oi! talde gazte indartsurik irten. Gero, hitzek gazteriarekin konektatu dute. Argi dago gogoak eta jarrera badutela, eta hori da inportanteena.
Arrakasta beranduago iritsi zitzaizuen zuei...
Garagardoaren truke jotzen genuen eta kontzertuetara auto-stopean joaten ginen. Duintasunez eutsi! izan zen gure inflexio-puntua; disko hori asko zabaldu zen.
Harremanik baduzue?
Duela urtebete ezagutu ginen. Des-kontrol hasi zenean ume-moko batzuk izango ziren... Melodia batzuetan atzematen diet eragina; pozgarria da haria eten ez dela ikustea. Itzela izan zen Totem aretokoa; zenbat gazte dena ematen...
Asier Kortabarria Moto (Kaleko Urdangak): "Balio dezala olatuak eszena indartzeko"
Los Angeleseko Vis Vires oi! taldearekin diskoa eta Morts Pour La Patrie abestiarekin bideoklipa kaleratu berri dute; hazten ari da Kaleko ere, hemen eta atzerrian.
Nola azaldu dezakezu herrikideen arrakasta?
Debagoienean beti egon izan da punk-oi!-a. Olatu ezberdinak egon izan dira; Des-kontrol fenomeno bat izan zen, Arkada Social ere bai... Orain harritu nauena da adin guztietako jendea mugiarazi duela Brigade-k. Ohikoena ez den publiko batekin konektatu dute eta gauzak oso ondo egin dituzte. Baina ez dakit neurtzen publiko horrek benetako interesik baduen eszenarekin. Olatuak balio beharko luke mugimendua indartzeko; denborak esango du fruiturik emango duen.
Nola dago mugimendua?
Hau ez da Arrasate, oso esanguratsuak diren taldeak eman dituen herria, baina Bergaran azken 20 urteetan egon da ia beti talderen bat.
Erik Herran (No Limits): "Abestiak eta zuzenekoak bereziak dira"
Duela urtebete taldea sortu eta martxoan eman zuen lehen kontzertua Bergarako taldeak. Debutean goraino bete zuten kartzela zaharra.
Nolako harremana duzue Brigade Locorekin?
Oso ona. Musika aldetik eta materialarekin asko lagundu digute; entseatzeko lokala partekatzen dugu, gainera.
Zergatik uste duzu izan dutela halako arrakasta?
Oso onak direlako eta euren abestiek entzuleari zerbait berezia eskaintzen diotelako. Zuzeneko bikainak eskaintzen dituzte, igartzen da dena ematen izugarri gozatzen dutela.
Nola dago punk-oi! eszena egun Bergaran?
Gorabeherekin, baina esango nuke beti egon dela punk-oi mugimendua Bergaran. Gaur egun asko entzuten da eta talde berriak sortzen ari dira; pozgarria da. Guk zazpi kontzertu eman ditugu eta igarri dugu asko hobetu dugula; egurra ematen jarraituko dugu!
Brigade Loco: "Amets bati begira egin dugu lan, baina olatu hau ez da normala izan"
Kamerinotik, Gasteiz Calling jaialdi ezagunean Ekintzek dute hitza birarekin amaitu berri dutela, erantzun dituzte GOIENAren galderak.
Zelan Gasteiz Calling-ean? Erreferente asko backstage-an?
Izen handiko jaialdi baten jotzea beti da esperientzia polita. Kontzertu motza izan zen, baina gozatu genuen. Gu moduko taldeak sortzeko ezinbestekoak izan diren musikariak ezagutzea oso berezia izan zen.
Nolakoa izan da bira? Kontzerturik nabarmenduko zenukete?
Abentura ederra bezain gorabeheratsua izan da. Bidaia abiatzean ez genekien zer emango zuen; ia dena izan da berria, eta pozik iritsi gara helmugara. Zein nabarmendu? Jimmy Jazz aretoan Cock Sparrer handiekin emandakoa, Atarrabiako Totem-en Des-kontrol eta Rotten XIII-rekin batera bizitako bi gau ero haiek, lehen kontzertua... Baina guztien gainetik Larragan emandakoa dago; Rotten XIII-ko Javiren omenezko jaialdia [lanean hil zen, bat-batean] ez dugu ahaztuko.
Inork gutxik esperotako arrakasta izan duzue. Zein da gakoa?
Auskalo zein den formula magikoa. Lan egin dugu, ordu asko sartu ditugu. Ilusioa izan dugu bidelagun eta sinistu dugu egiten genuen horretan. Oztopoei lanarekin eta ilusioarekin erantzun diegu. Hasi ginenean inork ez zuen sinistuko Gasteiz Calling moduko jaialdi baten joko genuenik, diskoak halako harrera izango zuenik. Urte asko behar izaten dira gu heldu izan garen lekutara heltzeko; amestu genuen eta amets horri begira egin dugu lan, baina olatu hau ez da normala izan.
Nola daroazue ezagun izatea? Kalean geratzen zaituztete?
Ondo daroagu, ez gara oso ezagunak. Lehen aldietan arraroa egiten zitzaigun argazkiak-eta eskatzea; babesa da, ondo ari garen seinale.
Hemendik aurrera zer? Noiz aterako duzue bigarren diskoa?
Urte bukaerara bitartean abesti berrietan zentratuko gara, sorkuntzan. Bigarren disko luzea 2020ko apirilerako gertu egotea espero dugu.
Realzale amorratuak
"Euskaldunak, gazteak, bihurriak eta bromazaleak gara. Kabroi kutun batzuk". Halaxe deskribatzen dute euren burua Mikel Sotok, Oier Aperribaik, Alex Artegak, Lander Aznalek eta Manex Egañak. Soto, Arteaga eta Aperribai bergararrak dira, Aznal debarra eta Egaña hernaniarra. Hala ere, Bergara dute topaleku, taldea sortu zutenetik Goiko Estazioko lokaletan entseatzen dute-eta astero-astero: "Asteburua badatorrela-eta motibatuta egoten garenez eguenero elkartzen gara entseatzeko. Gure musikarentzat eta taldearen osasunarentzat oinarrizko zutabea dira entseguak".
Bergarako Arrano tabernan erein zen Brigade Locoren lehen hazia: "Oier eta Alex ezagutzen ziren eta gero Soto ere sartu zen. Oierrek eta Landerrek talde bat egiteko proiektua zuten aurretik, eta Lander entsegu batzuetarako etorri zen. Entsegu batzuk izan behar ziren, baina ikusi non bukatu dugun...". Gero Anoetan gorpuztu zen taldea, Realak pisu handia dutelako haiengan: "Ohorea, maitasuna eta harrotasuna esan nahi du Realak".
'Brigadetarren' garrantzia
Brigade Loco ez dago ulertzerik atzean dituzten brigadetarrak barik. Taldearen lehen urratsak oso gertutik jarraitu zituen Iosu Herranek: "Beti izan dituzte ideiak oso garbi. Jende asko sentitu da identifikatuta euren abestiekin, eman dituzten kontzertuekin eta erakutsi duten jarrerarekin; horregatik, arrakastak ez nau larregi harritu. Dena ez da polita izan, une oso zailak ere bizi izan ditugu; Javiren [Rotten XIII-ko baxu-jolea, bat-batean hil zen lanean 2019ko urtarrilaren 16an] heriotza, kasu. Familia bat sortzen joan gara poliki-poliki eta horrek une zailak eramangarriagoak izatea ahalbidetu digu".
Taldekideentzat "oso garrantzitsuak" dira brigadetarrak: "Kuadrillakoak, senitartekoak, neskalagunak, hasierako kontzertuetatik jarraitu gaituztenak, Tafallako familia, kontzertuz kontzertu ezagutu ditun taldeak... Horiek guztiak dira brigadetarrak, ibilbide ero honetan jarraitu gaituztenak. Daudenak, baina baita joan direnak ere". Agertoki eta areto handietan jotzea zer den badakiten arren, lehen bi urte hauetan gaztetxeak eta txosnak izan dira Brigade Locoren zuzenekoetarako agertoki ohikoenak. Kontzertuetarako zenbat jende mugiarazten duten jakitea ez da erraza: "Valladoliden 40 lagunen aurrean jo genuen, Kalera Rock jaialdian milaka pertsonen aurrean... Lekuaren eta antolakuntzaren araberakoa izaten da; ez dugu kalkulatu, baina bataz beste 600 bat lagun elkartu izan dira gure kontzertuetan. Ezin gara kexatu".
Barduliari aipamen berezia
Erreferente musikalak zeintzuk diren galdetuta, hasteko eta behin Bardulia izeneko mugimendua aipatzen du Brigade Locok. Bereziki Gipuzkoan eta 2004tik 2012ra bitartean gutxi gorabehera, punk-oi taldeak batu zituen eszena izan zen. Dagoeneko adin baten duten punk-oi! jarraitzaileek modu berezian gogoratuko dituzte Holidays in Bardulia izenarekin urtean behin egiten ziren kontzertuak.
Brigade Locoren arabera mugimendu hori egongo ez balitz, seguruenik eurek ez lituzketela instrumentuak hartuko: "Talde horiek guztiak egongo ez balira ziur gaude ez litzatekeela berdina izango. Horiek dira gure lehen erreferenteak; aipatu ditzakegu Cock Sparrer [oi! musikaren aitzindaritzan koka daitekeen talde horrekin jo zuten apirilean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan], Social Distortion edo atzerriko beste talde batzuk, baina guretzat benetako eragile izan direnak ondoko herrietako talde horiek dira. Apunta edo Never Surrender moduko taldeak, beste hainbaten artean. Pena da orduko mugimendurik ez dagoela egun".
Gogotsu bigarren faserako
56 kontzertu eman dituzte Ekintzek dute hitza diskoa aurkezteko biran. Euskal Herrian eman dituzte zuzeneko gehientsuenak; estatuan hiru – Bartzelonan, Valladoliden eta Mostolesen– eta Erroman (Italia) beste bat. Amaitu da lehen bira, baina bigarren diskoari begira lanean daude jarrita dagoeneko. "Hurrengo urtearen hasieran sartuko gara grabatzera; Iruñeko Sound of sirens estudioan grabatuko dugu berriro, Julen Urzaizekin. Oso eroso egon ginen eta oso gustura geratu ginen emaitzarekin". Badakite hartu duten arrakastaren olatua edozein unetan apurtu daitekeela; olatuaz ederto gozatu dute, eta orain gogotsu daude bigarren faserako. Izan ere, bizitza eguneroko borroka da, eta aurrera doa...