Azaroaren 22an ospatzen den Santa Zezilia egunaren bueltan, ekitaldi "ugari" egon ohi direla adierazi du Enrike Txurruka zuzendariak eta hori dela eta, "orkestrak aste bete aurreratu nahi izan du kontzertua". Bada, Bergarako Orkestra Sinfonikoak kontzertua eskainiko du egubakoitzean, hilak 15, Mariaren Lagundiako elizan. Ekitaldia 20:00etan hasiko da eta doako sarrera izango du.
Hain zuzen, Alfredo Gonzalez Chirlaquek erretiroa hartu ostean, lehen aldia izango du Txurrukak Bergarako orkestra sinfonikoa zuzentzen eta hitzordua iristeko "gogotsu" agertu da. Musika eskolako hamabi gaztek ere debuta egingo dute orkestraren kontzertuan: Maitane Suinaga, Eider Elorza, Ainhoa Gisasola, Leire Gonzalez, Miren Ruiz de Egino eta Kattalin Otxoa biolinarekin arituko dira, Xabier Igarza eta Enara Mujika biolarekin; Uxue Garitano txeloarekin; Jon Agiriano eta Jokin Azkargorta tronpetarekin; eta Saioa Leturia flautinarekin.
Folk doinuak
Kontzertua bi zatitan bereiziko dutela azaldu du Txurrukak: "Lehenik, orkestako kide Jon Prieto, Miriam Moñux, Nagore Sanz, Eider Elorza, Jokin Azkargorta eta Amaia Aranzabalek osatutako taldeak, folk kantuak eskainiko dituzte. Ondoren, orkestra sinfoniko guztia arituko da".