Bergara euskararentzat arnasgune izan dadin lanean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko aza. 5a, 17:06

Euskara sustatzeko 2019tik 2022ra arteko ekintza plana aurkeztu du gaur Udaleko Euskara Zerbitzuak. Denon ilusioa, denon eginkizuna leloa jarri diote etxez etxe banatuko duten planaren laburpenari. 2018ko abenduaren 17an  onartu zuen udalbatzak Euskara Plana. Helburu orokor eta nagusi bat du planak: Bergara euskararentzat arnasgune izatea, euskara izatea bergararren ohiko hizkuntza. 

1896an martxan jarri zen Euskara Zerbitzua Bergaran eta ordutik, azken hamarkadetan, 4-5 urteko plan estrategikoak diseinatu izan dira. Gaur 2019-2022 epean bideratu nahi den plana aurkeztu dute. Hainbat herritar eta entitateren partaidetzarekin landutakoa da eta 2018ko abenduaren 17an onartu zuen udalbatzak. Besteak beste, ondorioetako bat da 2000ko hamarkadan eman zen kaleko erabilera moteldu egin dela.

Gazte mutilen artean, erabilera apala

Egoera erabakigarri baten ei dago euskara Bergaran, Euskara Zerbitzuko teknikari-buru Estepan Plazaolaren arabera: "Ahulgune eta indarguneak dituen egoera da momentu honetakoa. Alde batetik, azken urteetan kaleko erabileran izandako igoera moteldu egin da, baina, bestetik, guraso-gazteen etxeko erabileran igoera nabarmena izan da. Herrian jauzi kualitatibo garrantzitsu bat emateko aukeran dago euskara, baina baita geldialdi arriskutsu batean murgiltzeko ere".

Estepan Plazaola: "Herrian jauzi kualitatibo garrantzitsu bat emateko aukeran dago euskara, baina baita geldialdi arriskutsu batean murgiltzeko ere".

Horretarako, besteak beste, honako oinarri nagusiak dituen plana moldatu da: plan integrala izatea, herri mailan lantzekoak izan litezkeen esparru guztiak kontuan hartuko dituena; plan bizia eta parte hartzailea izatea; udalerriz gaindiko elkarlana ere bultzatuko duen plana izatea, bai bailara mailan, UEMAko herrien mailan zein nazio mailan...

Ildo horretatik, planak gizarteko arlo gehienetarako dozenaka programa eta proiektu jasotzen ditu: familia, lagunartea, esparru soziokulturalak (kirola, kultura, aisia...), sozio-ekonomia (enpresak, merkataritza...), hedabideak eta teknologia berriak..

2020ko Euskaraldiari begira

Lehentasunei dagokienez, berriz, erabilera indartzea da lehentasuna, uste dutelako erabilera dela gaitasuna hobetzeko bidea ere. Zentzu horretan ekimen garrantzitsua izango da aurrerantzean ere Euskaraldia.

Adin-tarteei dagokienez gazteak eta gazteekin harremana duten helduak dira lehentasun, eta jarduera-motei dagokienez, eguneroko bizitzan denbora gehien hartzen diguten jardueretan jarri nahi dira indarrak eta, bereziki, bizipen positiboekin kontuetan. Bide horretatik, orain arte baino pisu handiagoa eskainiko zaio lan munduari baina mundu ludikoa (aisia, kirola, kultura...) ere arreta bereziz zainduz.

Zabalkunderako bi euskarri

Plana herritarrei zabaltzeko bi euskarri argitaratu dira: herriko etxeetara banatuko den liburuxka eta ikus-entzunezko bat. Liburuxkak planaren laburpena jasotzen du, eta azken  aurreko orrialdean edozein herritar edo entitatek dituen aukerak azaltzen dira: euskara ikasteko, ahoz zein idatziz erabiltzeko, edo beste mota bateko aholkularitza jasotzeko. Etxe guztietara banatuko da eta gaztelaniazko bertsioa webgunean kontsultatu ahal izango da.  

Bideoak euskara sustatzearen inguruko bizipenak azaltzen dituzten hamasei herritarren testigantzak jasotzen ditu.

Bestalde, Udalak eskerrak eman nahi dizkie bai bere momentuan plana diseinatzen parte hartu zutenei eta baita orain ikus-entzunezkoan parte hartzeko prestutasuna azaldu dutenei. Eta baita gaur egun hainbat programatan, askotan boluntario gida, parte hartzen dutenei ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak