Bergarako Udalak herriko emakumeei zuzendutako Jabekuntza Eskola antolatu du. Emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa sustatzeko helburuarekin, ahalduntze-prozesuaren bidez gizarte justu, plural eta osoagoa lortzeko. Emakumeak elkartzeko espazio bat izango da, esperientziak konpartitzeko eta beharrak eta bizipenak azaleratzeko erabiliko dutena. Halako praktiken bitartez emakumeen arteko sareak sortu nahi dituzte, bide batez, elkar laguntzeko asmoz.
Banakako nahiz taldekako jabekuntza bilatzea da emakumeei zuzenduta dagoen egitasmo honen asmoa, hau da: autokontzientzia hartzea, autoestimua lantzea, emakume bakoitzak bere gaitasun propioak ezagutzea eta emakumeei dagozkien espazioak berreskuratzea. Hala, Jabekuntza Eskolan, Mugimendu Feministak garatutako jakintzaz eta produkzio kolektiboaz baliatuko dira. Honek ahalbidetuko du emakumeek eta sexu joera edo sexu-genero identitate askotariko kolektiboek bizi dituzten menpekotasun-egoerak identifikatzea, auzitan jartzea eta errealitatea eraldatzea. Esperientziak partekatuz, gainera, Bergarako emakumeen arteko sareak sortu nahi dituzte, elkar ezagutuz, lagunduz, topatuz eta gozatuz.
Berdintasun Sailetik ahalegina
2018an antolatu zen lehen aldiz Jabekuntza Eskola, eta aurten beste saiakera bat egin gura dute Bergarako berdintasun sailetik, egitasmo honi bultzada emateko asmoz. "Jabekuntza Eskola emakumeen topagune izateko espazioa da, eta edizio honetan bi ikastaro antolatu ditugu bi gai hauek oinarri izanda; Tuppersex feminista, batetik, eta Maitasun erromantikoa suntsitzea, bestetik. Hala, udalaren helburua egitasmoa finkatzea da, eta horretarako herriko emakume guztiei egiten diegu deia ikastaroetara animatu daitezen. Aurrera begira, egutegi bat egitea, eta urtero zenbait ikastaro antolatzea litzake nahi genukeena", adierazi du Maider Urbieta berdintasun teknikariak.
'Tuppersex' feminista
Jabekuntza Eskolaren egitarauari dagokionez, azaroa eta abendua artean egingo direnetako ikastaroetako bat Tuppersex feminista da. Amaia Urrejola dinamizatzaileak 18:00etatik 20:00etara bitartean eskainiko du, Irizar jauregian, honako egun hauetan: azaroaren 11n, 13an, eta 14an. "Emakumeon gorputza eta sexualitatea ezagutzeko bideak jorratuko dira. Sexua balio gisa landuz eta desira eta fantasia erotikoak kontuan hartuz, bidea egin emakumeok gure gorputzen eta sexualitateen kontrolaz jabetu, askatasunez modu kontzientean eta arduratsuan bizi eta gozatzeko", adierazi du Amaia Urrejola dinamizatzaileak.
Maitasun erromantikoa hizpide
Bigarren ikastaroa, berriz, Maitasun erromantikoa suntsitzea izango da. Loredi Salegiren gidaritzapean, abenduaren 3an, 10ean eta 17an izango dira saioak, Irizar jauregian, 18:00etatik 20:00etara bitartean. "Erlazio onak edukitzea merezi dugulako, ikastaro honetan landuko dugu nolako erlazio motak bizi nahi ditugun, eta zein maitasun eredu eta jokabidetarako hezi gaituzten emakumeok. Aske bizitzeko aukera proposatuko dugu, ondo tratatuak eta maitatuak sentitzea, ez dugu gutxiago merezi eta", adierazi du Loredi Salegi ikastaroko dinamizatzaileak.
Izena emateko bideak
Bi ikastaroak doakoak izango dira, eta horrela eskatzen bada, haurrak dituztenentzat umeak zaintzeko zerbitzua jarriko dute ikastaroak irauten duen tarteetarako. Hori horrela, ikastaroak Irizar jauregian izango dira, eta hizkuntza, berriz, izena emandakoen arabera zehaztuko dute. Izena eman nahi dutenek ikastaroa hasi baino bost egun lehenago arte izango dute aukera horretarako, eta bide hauek erabili ditzakete: BAZen, 943 77 91 00 telefono zenbakira deituta edo berdintasuna@bergara.eus helbidera idatzita.