Behar bezala borobildutako omenaldia

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 31a, 10:50

Herritar ugari bildu ziren erakusketaren inaugurazioan, urriaren 11n.

Urriaren 11tik 27ra bitartean egon da zabalik Moises Eguren apaiz eta margolariaren koadroz osatutako erakusketa, eta antolatzaileak "oso pozik" azaldu dira ekimenak emandakoarekin: "Katalogo ederra osatu dugu eta erakusketan jende asko ibili da".

"Oso sentsazio onarekin geratu gara, herritar askok ahaztuta zuten norbait berreskuratu izanaren sentsazioarekin. Beste askorentzat sorpresa bat izan da, ezezaguna zelako. Kontuan izan 1976an hil zela, eta jende gazte askok jakin ere ez du egin Bergaran horrelako norbait egon zenik", azaldu du Xabier Agirrek, antolatzaileetako batek. "Jende gehienak apaiz bezala ezagutzen zuen Moises, eta gutxi batzuk ginen artearekiko bere pasio hori ezagutzen genuenak".

Azpimarratu du, gainera, jende asko gerturatu dela erakusketara. "Aurrera eraman dugun ekimen honi bukaera borobila eman diogu. Inaugurazio duin bat egon zen, omenaldi gisa, eta jende asko pasatu da erakusketatik bi aste hauetan. Aroztegi aretoa, gainera, erdigunean dago eta jendea ez da lotsatzen barrura sartu eta begiratu bat emateko. Horrez gain, adin guztietako jendea ibili dela ere azaldu du. "Inaugurazioan adin batetik gorakoak izan ziren nagusiki, 60 urtetik gorako jende asko zegoen. Ni neu gaztea nintzen Moises hil zenean, eta orain 64 urte ditut. Beraz, pentsa zenbat denbora pasa den, eta normala da jende nagusia gehiago izatea. Hala ere, gerora, adin guztietako jendea sartu da erakusketara".

Zor txiki bat kitatuta

Moises Eguren zenari "justizia apur bat" egin diotela aitortu du Agirrek. "Izan ere, 1976an hil zen, trantsizioaren hasieran. Inori ez zitzaion okurritu omenaldi bat egitea, baina merezi zuen, eta egin diogu. Bergarako margolarien artean zor txiki bat geneukan Moisesekiko, oso pertsona eragilea izan zelako eta harengandik gauza asko ikasi genituelako. Orain zor hori kitatu dugula sentitzen dugu".

Obrak, katalogoan jasota

Erakusketak izan duen erantzun onaz gain, Egurenen obra gehienak katalogatu izanarekin ere oso pozik azaldu dira. "Katalogo eder bat editatu digute udaletxetik, eta hori eginda geratzen da, betirako jasota. Lan hori erakusketarekin borobildu dugu, gainera. Beraz, horretan ibili garenok pozik gaude. Ez dugu inolako oztoporik izan, eta alde guztietatik erraztasunak jarri dizkigute, bai instituzioek, eta baita koadroen ugazabek ere".

16 koadro falta zaizkie, Egurenek margotu zituela jakin arren, fisikoki ez dituztelako. "Ez dugu horiek aurkitzeko saiakerarik egingo; ekimena bukatutzat ematen dugu, baina agertzen badira, gustura sartuko ditugu katalogoan", dio Agirrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak