Bergarako EAJk "hainbat hutsune" ikusten ditu Udal Gobernuaren ordenantza fiskaletarako zirriborroan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko urr. 16a, 11:27

EAJko udal taldea, irailaren 30eko osoko bilkuran.

Urriaren 21ean egingo den ezohiko osoko bilkuran dira onartzekoak Bergarako Udalaren 2020rako ordenantza fiskalak, eta EAJk uste du "hainbat hutsune" dituela Udal Gobernuaren zirriborroak. EAJk hiru zutabetan oinarritu ditu proposamenak: herritarren bizitza hobetu eta herritarren arteko oreka lortzeko asmoarekin proposatzen dituzten neurriak; jarduera ekonomikoa babestekoak; eta lurraldea babesteko eta zaintza horren inguruan hobariak sortzeko neurriak. Emendakinokin gizartea, aktibitatea eta lurraldea zaintzea dute helburu, diotenez.

EAJk urriaren 21eko osoko bilkuran defendatuko dituzten proposamenak hiru zutabe nagusitan oinarritu ditu: "Pentsio baxuak dituzten 65 urtetik gorako herritarrak eta gazteak; gure ustez garrantzi berezia duen herriko jarduera ekonomikoa –enpresa, komertzio, ostalaritza eta landa eremua–; eta gure lurraldea eta herriak zaintzeko neurriak uztartu nahia".

Hainbat eta hainbat neurri proposatu ditu EAJk 2020rako ordenantza fiskaletarako. Besteak beste, honako hauek:

-65 urtetik gorako bergararrei zuzenduta, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan –IBI moduan ezaguna– %50eko hobari berri bat sortzea, hiru baldintza hauek betetzen dituztenekin: ondasunaren jabea 65 urtetik gorakoa izatea, familia unitatearen diru-sarrerak 15.000 euro azpitik izatea, eta zerga familiaren ohiko etxebizitzaren gainekoa izatea.

-Jarduera ekonomikoaren gaineko zergan –IAE moduan ezaguna– 2018ko urritik 2019ko urrira arteko KPIren arabera igotzea zergaren tipo orokorra –KPI hori negatiboa balitz ez litzateke tiporik aldatuko, iazkoa mantenduz–; gaineratu dute ez dutela nahi %2,2ko tipora igo KPIren igoera hori ez baldin bada.

-Baserritarrei zuzenduta, beste hobari txiki bat ere proposatzen du EAJ: "Kasu honetan, animalia basatiek sortutako kalteak –bereziki basurdeek eta orkatzek eragindakoak– neurri batean erreparatzeko asmoz. Horretarako, kalteak jaso dituzten hiritarezineko lur-sailei dagokien zergaren %100a itzultzea proposatzen dugu".

Beste hainbat neurri eta hobari ere proposatzen ditu alderdi jeltzaleak, betiere helburu batekin: "Emendakin guzti honekin ordenantzetan jasangarritasuna hobetu nahi genuen, horregatik zaindu nahi izan dugu gizartea, aktibitatea eta lurraldea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak