Urte luzetako ohitura da Bergaran urtean behin gutxienez erreka garbitzeko auzolana antolatzea. Aurtengo hitzordua urriaren 19rako zehaztu du Erreka Garbiketarako Batzordeak, Udalarekin elkarlanean. Urtez urte erreka gero eta garbiago badago ere, urtero bete ohi dira hiru kamioi errekatik jasotako zaborrarekin. Familian pasatzeko goiza izaten da hainbat bergararrentzat, belaunaldi berriak ibaiak garbi mantentzearen beharraz kontzientziatzeko balio izaten du eta.
Izena emateko lau modu daude
Goiz osorako egitaraua prestatu dute. Elkartzeko hiru leku zehaztu dituzte: Seminarioko patioa, Labegaraietako kiroldegia eta Osintxu. Aurretik izena eman beharra dago, Erreka Garbiketarako Batzordeak garbiketa ahalik eta ondoen antola dezan. Lau modu daude izena emateko: Udaltzaingora jota, Agorrosinen, errekagarbitzeko@gmail.com helbide elektronikora idatzita eta www.bergara.eus webgunean. Urriaren 19an 08:30ean elkartuko dira hiru leku horietako batean eta 13:30ak arte errekatik zaborra batzen arituko dira. Hala ere, 11:00etatik 13:00etara, umeei zuzendutako jarduerak izango dira Usondo parkean; 3 eta 5 urte artekoek mural bat margotuko dute eta karetak egingo dituzte, eta 5 urtetik gorakoek ibaiaren ekosistema berreraikitzeko ariketa bat egingo dute. Gero, 13:30etik aurrera, hamaiketakoa izango da parte hartzaile guztiendako. Urte batzuetako gorabeherak gorabehera, 200 lagun elkartu izan dira erreka garbiketan; gero eta jende gehiago egoteak zabor gehiago batzea esan nahi duenez, antolatzaileek dei egin diete bergararrei garbiketa lanotan parte har dezaten.
Sentsibilizaziorako ekimenak
Aurten, nobedade moduan, ibaiaren zaintzaren inguruko sentsibilizazioa lantzeko Udalak zenbait ekimen antolatu ditu erreka garbiketaren bueltan. Herriko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzako ikasleekin ibaiaren garrantziaz eta zaborren ibilbideaz jardungo dute. Bestalde, urriaren 17an Ibaia, bizitzaren ardatza izenburu duen hitzaldia izango da Laboratorium museoan, 18:30ean. Debegesa garapen agentziako jasangarritasun teknikari Aitziber Kortazar eta Diputazioko uraren kontrolerako eta kalitaterako unitateko arduradun Iñaki Bañares izango dira hizlariak. Gainera, www.bergara. eus webgunean Deba ibaiarekin konpromisoa indartzeko edukiak argitaratuko dituzte.