Moises Eguren margolaria gogora ekartzeko erakusketa zabalduko dute urriaren 11n

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko urr. 4a, 12:31

Egurenek egindako autoerretratua.

Urte eta erdiko lanaren fruitua ikusgai jarriko dute datorren barikuan. 1976an hil zen Moises Eguren apaiz eta margolari bergararraren lanari eta memoriari balioa eman nahi diote erakusketarekin. Urriaren 11tik urriaren 27ra arte egongo da ikusgai, Aroztegin.

Bearteko kide diren Antton Arrillaga, Jose Luis Azkarate eta Xabier Agirre daude erakusketaren atzean: "Sherlock Holmes detektibearen moduan ibili gara", azaldu du Agirrek. Izan ere, 1976an hil zen apaiz eta margolari bergararraren lanari eta memoriari balioa eman nahi izan diote. "76an hil zen; garai zailak ziren eta ez zen ezer egin... ahaztuta geratu zen. Apaiza izateaz gain, margolari ona zen Eguren. Progresista zen eta gazteekin samur konektatzen zuen...", nabarmendu du Agirrek. Hala, pertsonai hori "berpiztu eta berreskuratu" nahi izan dute.

107 pieza dituzte 

Prentsaren laguntza izan dutela nabarmendu du Agirrek. Izan ere, Moises Egurenen margolanak bilatzeko hainbat deialdi egin dituzte azken urtean. "Ez ditugu denak aurkitu, baina bai 107 pieza", dio. Aurkitu dituzten pieza horiei argazkiak atera dizkiete eta katalogatu egin dituzte: "Egurenek badu oraindik anaia bat, apaiz bat, eta hark baditu hainbat koadro. Gainontzekoak partikularrenak dira. Izan ere, margolanak saldu egiten zituen margolariak". Argazki zaharrei begira jarrita, badakite Egurenek, gutxienez, beste hamasei bat koadro margotu zituela, aurkitu ez dituztenak: "Ez dakigu zer gertatuko zitzaien edo non dauden... baina jakin badakigu margotu zituela".

Barikuan, erakusketa zabalik

Urte eta erdiko ikerketa lanak "bere emaitzak" eman dituela azaldu du Agirrek. "Erakusketan ezin ditugu koadro guztiak jarri, aretoak berak mugak jartzen dizkigulako. Jarriko ditugu Egurenen koadro esanguratsuenak; guztira, 44 pieza. Erakutsiko dituzten piezak izango dira natura hilak, paisaiak eta erretratuak. Erakusketa urriaren 11an, barikua, zabalduko dute. Oraindik zehaztu ez duten arren, inaugurazio ekitaldian zerbait egitea aurreikusten dute. Erakusketa harrigarria izango dela ere nabarmendu dute: "Ahaztuta dagoen margolari handi bat aurkituko du jendeak". Ikerketa, katalogazioa eta erakusketaren muntaketaren koordinazioa Agirrek, Azkaratek eta Arrillagak egin duten arren, Bergarako Udalaren laguntza eta babesa izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak