Bergarako kortak dute izenburu saioek. Zer aurreratu dezakezu?
Ehunka urtetan zehar gure mendietan borobil handi batzuk egon zirela, oso garrantzitsuak izan zirela abeltzaintzaren eta mendiaren ustiapena antolatzeko eta baserrien iraupena ziurtatzeko. Leku bereziak ziren. Borobil horiek neurri jakin batzuetakoak ziren, erabilera arautua zuten, eta kokapen aldetik ere ondo aukeratutako lekuetan eraikitzen ziren. Borobil horien jabeak edo eskubidedunak bakarka edo taldeka antolatzen ziren. Horietako asko baserrien jaioleku izan ziren geroago.
Erabilera arautua zutela kortek? Zer esan nahi duzu horrekin?
Ba, korta edo borobil formako gune horien inguruko lurrak libreak edo edozeinek erabiltzeko modukoak baziren garai haietan, kortek beste jabetza edo erabilera eskubide batzuk aitortzen zituztela, pertsona jakin batzuei bakarrik zegozkienak.
Ze garaiez ari gara berbetan?
IX. menderako aipatzen dira Nafarroako dokumentu batzuetan. Aurretik ere egongo zirela pentsatzekoa da, baina hori arkeologiak zehaztu beharko du. Kortek, besteak beste, kortarri izeneko mugarri berezi batzuk zituzten; aurkitu diren kortarri batzuetan indusketa arkeologikoak egin dira eta harriaren azpian aurkitutako aztarnei karbono-proba egin zaie antzinatasuna jakiteko, baina emaitzek ez dute zehaztasun handirik eman; kristo aurreko 1000. urtetik Erdi Arora artekoak izan daitezkeela ondorioztatu da. Emaitza zabalegia da, eta, beraz, indusketa gehiago egin behar dira. Bergaran ez dugu aurkitu kortarri-rik, oraingoz.
Nolako harrera izan zuen irailaren 12ko lehen hitzaldiak?
Oso ona. Harrituta gelditu ziren asko. Gai ezezaguna da, eta aspaldi euren ondoan dauden eta horrenbeste ezagutzen dituzten baserrietan edo mendietan horrenbeste gauza pasatu direla jakiteak harrituta laga zituzten.
70 bat lagun elkartzea bada zerbait. Zerk uste duzu piztu zuela interesa?
Agian, erabili nuen materiala Bergarako kortei buruzkoa izateak. Ez nuen erabili Bergaraz kanpoko irudirik, maparik edo dokumenturik. Guztiek ezagutzen zituzten mendien argazkiak aurkeztu nituen, baina kortekin, han zegoen edo egon zen eta ezagutzen ez zuten zerbaitekin. Ikusle batek esan zidan ez zela egon galderarik egiterik inork ez zekielako zer galdetu, sorpresa itzela izan zelako, kortei buruz ez zekitela ezer ordura arte.
Askotan gertatzen zaigu norberaren herriko historia ez dugula ezagutzen...
Esaerak dio izan zirelako garela eta garelako izango direla. Aspalditik gaude errotuta lur honetan eta horregatik historia luzea daukagu, eta gertaerez betetako iragana. Ezagutu dezagun. Ezagutu gaitezen.
Ezer gaineratu nahiko zenuke?
Oraindik, asko ikertu behar da Bergarako korten inguruan. Honako hau lehen hurbilketa besterik ez da izan, asko dago egiteko. Norbaitek parte hartu nahi badu, idatz diezadala honako helbide honetara: bergarakorta@gmail.com.