Ines Pellon: "Zientzia-lorpen handiak egin dira Bergaran"

Amaia Zabala 2019ko uzt. 19a, 09:00

Ines Pellon, Zientzia Kimikoetan doktorea EHUn.

Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetako bat Bergaran egin dute, lehen aldiz; 'Ilustrazioa eta STEAM hezkuntza' izena du eta irakasleei zuzenduta egon da. 

INES PELLON ZIENTZIA KIMIKOETAN DOKTOREA (EHU)

Ilustrazioa eta STEAM hezkuntza ikastaroak bi egun iraun du eta Bergarako bi egoitza historikotan izan dira hitzaldiak: uztailaren 11ko saioa UNEDen eta uztailaren 12koa, berriz, Laboratorium museoan. Ines Pellon, Zientzia Kimikoetan doktorea eta kimikaren historian espezializatua, ikastaro honetako hizlarietako bat izateaz gain, zuzendaria ere bada.

Ilustrazioa eta STEAM hezkuntza; zein izan da ikastaro horren helburua?

VIII. mendean Bergaran gertatu ziren zientzia arloko gertaera historikoez jakinaraztea izan da helburua. Horretarako, Bergaran ilustrazioa zer izan zen azaldu genuen ikastaroaren hasieran, eta, jarraian, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea nola sortu zen azaldu genuen. Izan ere, elkarte hau bultzatu zuen Peñafloridako kondeari, bere laguntzaileei eta estatuaren babesari esker, Bergarako seminarioan inbestigazio eta irakaskuntzako zentro aurreratu bat ezarri zuten. Ikastaroan, elkarte honen modernitatea azpimarratu genuen; izan ere, beren irakaskuntza metodologietan gaur egun hainbeste entzuten diren STEAM hezkuntza eta zeharkako konpetentziak ordurako praktikan jarri zituzten ikasketa planetan. Garai hartan, Bergarak estatu guztia argiztatu zuen.

Bergarakoa Estatuko lehen adiskideen elkartea izan zen, ezta?

Bai, eta jarraian etorri ziren imitazioak. Horretaz gain, Bergarakoan egindako inbertsioak fruitu zientifiko handiak eman zituen. Munduan lehen aldiz wolframa isolatzea eta platinoa xaflakor egitea lortu baitzen. Baita medikuntza, matematika eta ingeniaria arloko beste hainbat lorpen ere. Beraz, erabateko pioneroa izan zen zentro hau.

EHUko udako ikastaro bat Bergarara lekualdatu izana berritasuna izan da. Zer dela eta pauso hau?

Orain arte, Donostian ardaztu dira ikastaro guztiak; beraz, kurtso hau Bergaran egiten lagundu izana oso garrantzitsua izan da. Bergarak merezi duela uste dugu, historia handiko leku zoragarria baita, eta bai Udalak eta bai Laboratoriumek oso harrera ona egin digute; dudarik gabe, honek jarraipena izatea espero dugu, ideiak eta gogoa, behintzat, ez zaizkigu falta.

2019a Elementu Kimikoen Taula Periodikoaren Nazioarteko Urtea izendatua izan da; zer esan nahi du horrek?

Unescok kontsideratu zuen Elementu Kimikoen Taula Periodikoa elementu unibertsal bat zela, kimikaren oinarria, hain zuzen, eta honen balioa azpimarratzeko izendapen hau ematea erabaki zuen. Oso erabaki ona, nire ustez; izan ere, taulatxo bat besterik ez da, baina elementu kimiko guztien informazioa batzen du. Eta honek ere badu Bergararekin lotura, taula periodikoaren eraketan sekulako garrantzia izan zueneta Bergarak: herri honetan isolatu zen wolframa. Europan bazekiten wolframita izeneko mineral bat existitzen zela eta ordura arte isolatzea lortu ez zen elementu kimiko bat zuela, baina lorpen hori Elhuyar anaiena izan zen, eta hemen, Bergaran.

Eta amaitzeko, ikastaro honetaz gain, zein beste proiektutan dabil murgilduta Ines Pellon?

Kimikaren historian espezializatua naiz eta XVIII. eta XIX. mendeetako historiaz hainbat ikerketa-lan egin ditut. Horretaz gain, Bilboko Ingeniaritza Eskolan Kimika Orokorreko irakaslea naiz. Izugarri maite dut zientziaren historia, orokorrean, eta kimikaren historia, bereziki; gai honen apasionatu hutsa naiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak