Eulogio Diez: "Gezur asko esan dira Sobietar Batasunaren inguruan"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko uzt. 12a, 17:19

Eulogio Diez epaitegi aurrean frankismoaren aurkako kereila aurkezteko, ekainaren 13an.

36ko gerratik ihesi, 1937an Sobietar Batasunera erbesteratu zuten Eulogio Lopez bergararra, egungo EPK-ko militante komunistarik beteranoena; 1956an itzuli zen jaioterrira, eta espetxeratu egin zuten bederatzi hilabetez, Bilboko Larrinaga espetxe ezagunean. "CIAkoek ere galdekatu zuten aita", dio semeak, Andres Diezek.

Euskal Herriko militante komunistarik beteranoena da Eulogio Diez (Bergara, 1926), Euskadiko Partidu Komunistako (EPK) kide da-eta oraindik ere. Espoloiko kiosko ezagunaren aurreko etxe batean jaioa, ekainaren 20an egin zituen 93 urte. "Sasoitsu nago, mundu hobe baten alde borrokatzen jarraitzeko gogotsu". Ekainaren 13an, epaitegian izan zen, Andres Diez semearekin –EPK-ko diruzaina da gaur egun–, EAJko, EH Bilduko eta Irabaziko zinegotziekin eta Intxorta 1937 elkarteko kideekin batera, frankismoaren aurkako kereila kriminala jartzeko.

Eulogio Diez: "Arratoiekin batera eraman gintuzten itsasontzian, bidaia oso gogorra izan zen. Hori bai, Sobietar Batasunean heroiak izango bagina bezala hartu gintuzten"

Egungo Errusian, 1937tik 1956ra

Labegaraietan bizi da gaur egun Eulogio Diez, Marina Timofeva emaztearekin batera. Etxean bertan hartu du GOIENA, semearekin batera, denetariko oroitzapenak partekatzeko gertu. 36ko gerratik ihesi 1937an Sobietar Batasunera erbesteratu zituzten milaka umeetako bat izan zen Diez –gerrako umeak izenez egin ziren ezagun–. 11 urte eskas zituen, eta ondo gogoratzen du bidaia hura: "Arratoiekin batera eraman gintuzten itsasontzian, bidaia oso gogorra izan zen. Hori bai, Sobietar Batasunean heroiak izango bagina bezala hartu gintuzten; ez dut harrera hura sekula ahaztuko; zenbat besarkada, zenbat musu, zenbat maitasun keinu...".

 

Eulogio eta Andres Diez, etxean, Frankismoko Armada Ministerioko zerbitzu militarraren 1969ko amaiera-agiriarekin.

Bilboko Larrinaga espetxean

1956an bueltatu zen Diez Espainia frankistara, eta berehala ezagutu zuen espetxea; bederatzi hilabete egin zituen barruan, legez kanpoko propaganda banatzeaz akusatuta. Hain zuzen, Andres Diez semeak lehen oroitzapenak aita espetxera bisitatzera joaten zirenekoak ditu; 1967an itxitako Bilboko Larrinaga espetxe ezagunean izan zuen aita. "Hemen bertan [euren etxean] atxilotu zuten. Ez zuten kargurik aitaren kontra, baina, Sobietar Batasunean armen industrian lan egin zuenez eta komunista zenez, espetxean izan zuten; CIAkoak ere pasatu ziren aita galdekatzera, Sobietar Batasunean zehazki ze lan egiten zuen jakiteko. Garai hartan, edozein aitzakia erabiltzen zen militante deserosoak zirenak espetxera bidaltzeko".

Sobietar Batasunaren defentsa

Bere garaian ezagutu zuen Sobietar Batasuna amesten duen mundu idealetik gertuen dagoen sistema dela uste du Eulogio Diezek. "Oso ondo zaindua sentitu nintzen; gezur asko esan izan dira Sobietar Batasunaren gainean; bereziki, Stalinen inguruan. Gero, II. Mundu Gerran gogorra izan zen, baina sobietarrek baino hobeto jaten genuen. Umezaroko oso oroitzapen onak ditut, denetik genuen".

Espainiako gerraostea, baina, "askoz latzagoa" izan zela dio: "Gose itzela pasatu genuen. Sobietar Batasunean, II. Mundu Gerran baja gehien izan zituena izanik, lehenago kendu zen errazionamendua Espainian baino. Adibide bat, gosea nolakoa zen ulertzeko: lagun bat Soraluzetik zetorren bizikletan, babaz betetako lapiko batean. Halako batean, lapikoa erori eta babak errepidetik jaten jarri zen; babak errepidean uztea ez zen aukera bat". Andres Diezek gogoan du Sobietar Batasunean ez zutela sinisten Espainian langabezia tasa altua, etxeak ordaintzeko 40 urterako hipotekak edota faxismo latza zegoenik: "Ez zuten sinisten, uste zuten propaganda faltsua zela. Izan ere, han lana eta etxea bermatuta zeuden... Baina haietako batzuk Espainiara etorri zirenean ikusi zuten errealitatea norainokoa zen gordina".

Orduko Bergara, "oso gogorra"

Aitak Sobietar Batasunen umezaro "oso ona" bizi izan zuen moduan, Andres Diezentzat "oso gogorra" izan zen Bergaran bizi izatea garai hartan: "Jaunartzerik egin gabekoa, eskolatik mezara ez zihoana, aita kartzelan zuena, ama errusiarra... Ezberdina nintzen. Umeek egunero jarraitzen ninduten jotzeko, etxeraino. Ez nuen kuadrillarik".

EPK-ko zuzendaritzako kide da gaur egun Andres eta "benetako komunismoa" ikusten du gizarte justu baterako sistema moduan oraindik ere: "Borrokan jarraituko dugu".

Kereilarekin, "azken epaitegiraino"

Ekainaren 13an aurkeztu zuten frankismoaren aurkako kereila Bergarako epaitegian, biktima modura. Hori bai, ez dute itxaropen handirik kereilak izango duen ibilbideari dagokionez: "Ordezko epaile bat zegoelako onartu zen tramitera, baina atzera botako dute. Hala ere, gu azken epaitegiraino joango gara; Europakora joan behar badugu, joango gara. Balio dezala, gutxienez, herri honetan gertatu zena ez dadin ahaztu; jende gaztea dago Franco zein zen ez dakiena ere, eta hori penagarria da", adierazi du Andres Diezek.

Bestalde, aitak kartzela eta errepresio zuzena bizi izan bazituen ere, semeak ere gogoan du errepresioa; bereziki, Elizarena: "1963an edo 1964an egin beharko nuen jaunartzea, baina ez nuen egin, eta horrek betirako markatu ninduen. Are gehiago, garai hartako Bergaran: herri elizkoia eta jeltzalea zen, oso kontserbadorea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak