Piraguismoak sasoitsu jarraitzen du Bergaran Beti Busti elkarteari esker. Uztailean gaztetxoendako udako eskaintzan era zuzenean parte hartzen badute ere, irailetik ekainera bitartean ur bizietako bi modalitatetan lehiatzen dira Beti Bustikoak: eslalom olinpikoa eta creek-a. Eslalom olinpikoa ur bizietako tramu zehatz batean egiten da. Atez osatutako zirkuitu bat ahalik eta azkarren egitea da helburua eta modalitate hori bereziki egin zen ezagun Maialen Chorraut piraguista euskaldunak azken Olinpiar Jokoetan irabazi zuen urrezko dominagatik.
Creek-a, berriz, askotariko zailtasun mailetako erreken jaitsierak egitean datza; hobeto ulertzeko, raftingaren bidez egiten diren errekak plastikozko piraguekin egitea.
37 bazkide, hamabi lehiatzen
Beti Busti elkartean 37 lagun dira klubeko bazkide. 14 urtetik gorako 30 federatu dituzte, eta 8 eta 14 urte arteko zazpi piraguista eskola kirolean. Amaitu berri den denboraldia ondo joan dela adierazi du Beti Bustiko Bikendi Lazkanok: "Eslalom denboraldiari dagokionez, emaitza politak lortu ditugu aurten kadete federatuen eta eskola kiroleko infantil mailetan. Kadetetan, Oier Villarrek Euskadiko lehen bi kopetan urrea lortu zuen eta orain gutxi Paueko ur bizitako kanalean egindako Euskadiko txapelketan zilarrezko domina lortu zuen".
Infantiletan Ekhi Lazkano izan da nabarmen aritu dena: "Eskolarteko txapelketa guztietan igo da podiumera bigarren eta hirugarren postuak tartekatzen, eta denboraldi bukaerako Gipuzkoako txapelketan hirugarren egin zuen. Hamabi bazkide ibili dira aurten lehiatzen, eta harro gaude eman duten mailarekin".
Bikendi Lazkano (Beti Busti): "Hamabi bazkide ibili dira aurten lehiatzen, eta harro gaude eman duten mailarekin"
Kiroldegi berriarekin pozik
Beti Bustikoen egoitza Labegaraietan dago, eta bertako erreka zatian ibili ohi dira astegunetan. Aste bukaeretan, normalean, beste kanal eta erreka batzuetan ibiltzen dira. Kiroldegi berria 2020an hasiko da forma hartzen, baina Beti Bustikoendako hasita daude aldaketak dagoeneko: "Jada bota dute piraguak gordetzeko genuen biltegia, baina lekua izango dugu kiroldegiari atxikituko dioten eraikinean. Udalarekin izan ditugun bileretan harremana emankorra izan da eta gure beharrak asebeteko dituen espazioa izatea lortu dugu zorionez. Obrak bukatu artean egoera nahiko eskasean egongo gara, baina espero dugu eragozpenok hoberako izango direla etorkizunean", dio Lazkanok.