Antzerki zaletasuna gazte-gaztetatik lantzen dihardute Jardunen

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko uzt. 5a, 09:47

Aratz Sotil eta Ane Beistegi.

Jardun Euskara Elkarteak antzerki eskolak eskaintzen ditu ikasturtean zehar. Jardunen ikuspuntutik "ahozkotasuna eta hizkuntza lantzea da helburua", ahozkotasuna landuz "hizkuntza aberastu eta erabilera bultzatzeko". Aratz Sotil eta Ane Beistegi gaztetxoek antzerki eskolan parte hartu dute ikasturtean zehar. Euren esperientzia azaldu dute.

Jarduneko antzerki eskolak hiru mailatan banatzen dira: haurrena, gaztetxoena eta nagusiena. Horrez gain, 2016an sortutako Kokoxa antzerki taldea ere badute.

Metodologia parte-hartzailea

Tailerrak ikasturtean zehar eskaintzen dituzte: urritik ekainera bitartean. "Sormen-gune zabalak dira, diziplina ezberdinak lantzen dituzte. Antzerki eskolan egiten dituzten ariketak baliatzen dituzte ideiak hartzeko; eta, ondoren, antzezlana idazten dute, elkarren arteko iritzia errespetatuz irakaslea izanik bidelagun", azaldu du Jarduneko Maitane Arizabaletak. Metodologia parte-hartzailea da, "talde lana, elkartasuna eta hausnarketa" bultzatzen dituena.

Aratz Sotil eta Ane Beistegi gaztetxoak Jarduneko antzerki eskolan dabiltza. Sotil urrian hasi zen, eta Beistegi geroago, aurtengo martxoan: "Betidanik gustatu izan zait antzerkia eta Jardunek aukera hau eskaintzen zuela jakin nuenean izena eman nuen", dio Beistegik. Antzerki tailerrean "oso ondo" pasatzen dutela diote biek: "Ariketak egiten ditugu, jolas moduko batzuk, eta ondoren, antzezlana prestatzen dugu", dio Sotilek. Izan ere, hori da ikasturtean zehar egin behar dutena: antzezlana sortzea. "Antzezlana sortzeko guztion hitza entzun eta errespetatu behar dugu", gaineratu du Sotilek.

Aurten sortu duten antzezlana Gazteluko abentura izugarriak izan da; eta, hain zuzen, Koldo Eleizalde sariketan Interpretazio eta kontaketa sailean saritu dute. Superheroien eta bilauen istorioak jasotzen ditu lanak.

Antzerkitik telebistara

Sotilek eta Beistegik oholtza bakarrik ez, telebistako platoa ezagutzeko aukera ere izan dute: "ETBko Handitzen, handitzen programakoek casting bat egin zuten: galderak egin zizkiguten eta ondoren dantza bat egin nuen, nik sortutakoa", azaldu du Beistegik. Biak aukeratu zituzten programan parte hartzeko: Beistegik suhiltzaileei buruzko programan parte hartu zuen eta, Sotilek, hirutan: Guggenheim museoan, Maria Cristina Hotelean eta Ospitalean. Esperientzia "polita" izan dela diote biek, eta Sotilek nabarmendu du "grabazioak luzeak" izan zirela.

Datorren ikasturtean ere antzerki eskolan jarraitzeko asmoa dute, eta beste gaztetxo batzuk ere animatu nahi dituzte, "ondo" pasatuko dutela iritzita.

Antzerki eskolan izena emateko

Jarduneko antzerki eskolak urrian hasiko dituzte. Haurrena barikuetan egingo dute, 17:15etik 18:15era, Zabalotegi aretoan. Gaztetxoena ere barikuetan izango da, 18:15etik 19:15era: "Badago adin tarte bat antzerkian jarraitzeko gogoa eta ilusioa duena, baina bere lekua topatzen ez duena. Haurren taldean jarraitzeko helduak dira; izan ere, euren kezkak eta gaiak ulertzeko eta jorratzeko modua beste batzuk dira", dio Amaia Arriaran antzerki irakasleak. Horregatik sortu nahi dute gaztetxoen taldea –DBHkoei zuzendutakoa–. Helduen eskola, hasi berriei zuzendutakoa, martitzenetan izango da: 19:30etik 21:00etara. Kokoxa antzerki taldeak astelehenetan entseatzen du. Izena eman nahi duenak jardunkultura@topagunea.com helbidera idatzi beharko du, edo 943 76 36 61/ 605 71 24 69 zenbakietara deitu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak