Gorka Artola: "Pozez, ilusioz eta arduraz hartzen dugu alkatetza"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko eka. 15a, 15:19

Ezustekorik gabe eratu da udalbatza Bergaran eta Gorka Artola izendatu dute alkate. Alkategai moduan aurkeztu den bakarra, aldeko bederatzi boto eta zazpi boto zuri jaso ditu –EAJko Esther Ortiz de Zarate ez da bertan egon eta hurrengo osoko bilkuran jasoko du zinegotzi akta–.

"Pozez, ilusioz eta arduraz hartzen dugu alkatetza, herritar guztien ongizatea helburu" esan du alkate izendatu berriak. Herritarrez goraino bete da udaletxeko osoko bilkuren aretoa.

Ordu laurden pasatxo iraun du Bergaran udalbatza eratzeko osoko bilkurak, eta idazkariak zinegotzi adinez nagusiena, 60 urte dituen EAJko Angel Murgiondo, eta gazteena, 29 urte dituen EH Bilduko Ekaitz Aranberri, deitu ditu Adineko Mahaia osatzeko. Behin Adineko Mahaia osatuta, zinegotziek zin egin behar izan dute kargua hartzeko; guztiek erabili dute ‘Legeak hala behartuta’ formula, alderdi sozialistako Alberto Alonsok izan ezik. 

EAJko hautetsi bat ez da egon

Ezustekorik egon bada, horixe izan da EAJko hautetsi Esther Ortiz de Zarate bertaratu ez izana. Ez du zinegotzi kargua hartu eta EAJtik adierazi dute hurrengo osoko bilkuran hartuko duela kargua.

Artola, Frankismoaren osteko alkaterik gazteena

Zinegotziek kargua hartu ostean alkatea izendatzeko bozketa hasi da. Gorka Artola izan da alkatetzarako aurkeztu den bakarra eta aldeko bederatzi botorekin eta zazpi boto zurirekin alkate izendatu dute ofizialki, Frankismoaren osteko alkaterik gazteena. Alkate moduan berriro zin egin ostean, bertaratutakoei zuzendu zaie minutu gutxi iraun duen diskurtso batekin.

Eskerrak emateaz gain, aurrera begirako lehentasunak zeintzuk izango diren aurreratu du Artolak: "Gure lehentasuna herritar guztien ongizatea izango da. Horrek egon behar duelako erakunde publikoen politiken buruan, pertsonak izan behar duelako erdigunea [...]. Aurrera begira, pozez, ilusioz eta arduraz hartzen dugu bergararrek erakutsitako konfiantza eta prest gaude alkatetzak dakarren ardurari behar bezala erantzuteko. Nahiak eta ezinak kudeatu beharko ditugula jakinda ere, gure onena emateko asmotan, mila esker bergarar guztiei!".

Lete: "Oposiziotik egingo dugu lan, beti ere herriaren alde"

EAJko zinegotzi eta atzora arte jarduneko alkate zen Elena Letek ere hartu du hitza osoko bilkuran alkatetzarako zergatik aurkeztu ez den azaltzeko: "Ez dut alkatetza aurkeztu herritarrek beste asmo bat erakutsi dutelako. Hauteskunde gauean aurreratu nuen moduan, gure burua oposizioan ikusten dugu. Hortik egingo dugu lan gure programa aurrera ateratzeko, beti ere herriaren alde. Eskerrik asko".

Alonso: "Bidea elkarrizketa eta adostasuna bada, ondoan izango gaituzte"

Bestalde, alderdi sozialistako zerrendaburu Alberto Alonsok gehiengo politikoaz harago gehiengo soziala bilatzeko gonbidapena egin dio alkate izendatu berriari: "Berezitu egin behar dira gehiengo politikoa eta gehiengo soziala. Eztabaidaezina da EH Bilduk gehiengo politikoa baduela baina gehiengo soziala bilatu egin beharra dago eta horretarako gonbidapena egiten diot alkateari. Adostasunaren bidea har dezala, hartu ditzala aintzat beste sentsibilitate batzuk ditugunon iritzia, eta esango nuke bide horretan sozialistok ondoan izango ditugula nahi duenerako. Bidea elkarrizketa eta adostasuna izan behar bada eta ez gehiengoaren inposizioa, bidelagun izango gaituzte".

Aretoa herritarrez lepo

Gainerakoan, eta udalbatzak eratzeko bilkuretan ohikoa denez, herritar ugari bildu dira udaletxean. Zinegotzien senitartekoak, alderdietako ordezkariak eta baita alkate ohiak ere. Bertan izan dira Jose Luis Elkoro, Agurne Barruso, Jesus Elortza eta Juanje Alberdi. Bilkura amaitu ostean, orain arte zinegotzi izan diren EH Bilduko Agurne Barrusori, Leire Iruini eta Joseba Moñuxi omenaldi txiki bat egin diete haien jarraitzaileek San Martin plazan bertan.

Erlazionatuak

Bergarako udalbatza berriaren eraketa, argazkitan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019 eka 15 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak