Herritar orori irekita eta Pentekosteak feminismotik eraldatzeko asmotan abiarazi zuten Txoko Morea duela urte batzuk. Jarrera matxisten aurrean erreferentziazko gune izateaz gain, jai ereduari buruzko gogoeta bultzatu nahi du Martxanterak talde feministak txosnaguneko Espazio Morean.
"Gure lana, askotan, indarkeria matxistaren aurrean erantzuna ematera mugatzen zela sentitzen genuen. Pauso bat gehiago eman eta ohiko egoerak eraldatzeko zerbait egiteko unea zela ikusi genuen", azaldu du taldeko Ainhoa Narbaizak. Hala, aurten, bi dinamika ezberdin landu dituzte: "Jaien aurretik pilula feministen tailerra egin genuen, batez ere, jaiak feminismoz busti eta festa giroa ikuspegi zorrotzagoz aztertzeko. Bertan ikasitakoarekin eta herritarren ekarpenak kontuan hartuta, txokoa antolatzeko bilerak egin ditugu".
Aurreko esperientzietatik ikasita, badakite "garrantzitsua" dela espazio fisiko bat eskaintzea, baina, diotenez, "jendeari kosta egiten zaio bertara gerturatzea". Horri buelta emateko, umorea baliatzea estrategia aproposa izan daitekeela uste dute Martxanterek, eta, adibidez, Tarot Feminista ekintza antolatuko dute.
Jolasak baino askoz gehiago
Informazioa eskaintzeaz gain, protokoloa ezagutarazi eta ekintza ugari antolatuko dituztela diote: "Ez dugu nahi jendeak pegatina eta papera hartu, eta gure lana horretan gelditzea. Joko moduan aurkeztuko ditugun arren, gogoeta bultzatzen duten ekintzak antolatu ditugu". Galdera erantzunen bidez, egunerokoan gertatzen diren egoerak azaleratu nahi dituzte Txoko Moreko ekintzek. Horretaz gain, photocall bat jarriko dutela jakinarazi dute Martxanterak talde feministako kideek.