Katxalin elkartearen eskutik hasiko dira Pentekoste jaiak

Jone Olabarria 2019ko eka. 3a, 18:00

Katxalin elkarteko kideak, Bergaran duten egoitzan.

Ohi dena baino ordu erdi lehenago jaitsiko da aurten bitorianatxo, egubakoitzean, 19:30ean, eta Katxalin elkarteak, bularreko eta ginekologiako minbizia duten emakumeen elkarteak, izango du Pentekosteei hasiera emateko ardura

Azken urteetako bidea jarraituz, elkarte bat izango da jaietan omendua. Hala, Bularreko eta Ginekologiako Minbizia duten Emakumeen Elkartea, Katxalin, aukeratu du jai batzordeak 2019ko Pentekosteei hasiera emateko.

Egun, 110 kide dira Katxalinek Bergaran duen delegazioan, Debagoiena osotik etorriak, baita inguruko herrietatik. Udaletxeko balkoian egongo zirela jakinarazi zietenean, "pozik eta harro" sentitu zirela kontatu dute: "Orain arteko lanaren aitortza dela sentitzen dugu, eta, gure egoitzatik pasa edo ez, gaixotasun hau ezagutu duten guztiei eskaini nahi diegu". Oraindik ere "bide luzea" egiteko dutela gaineratu dute, eta gaixotasuna ahalik eta era positiboenean bizi dutela azpimarratu: "Minbizia existitzen da eta ikusarazi beharra dago, horri buruz hitz egin, baina, betiere, sendatu daitekeela argi izanda".

Elkarteko kideek diote Katxalinen lana minbizia duten pertsonei eta haien familiei laguntza eta sostengua eskaintzea dela. Bularreko eta ginekologiako minbizian oinarrituta dauden arren, "elkarte irekia" direla azaldu dute, gizon edo emakume izan, eta minbizia edozein motatakoa izanda ere laguntza eskaintzen dutela: "Egoera berean dauden edo egon diren pertsonak dira gure ispilu, haiek ulertzen zaituzte ondoen, eta, sendatu direnak ikusita, itxaropena ere badira".

Familiekin ere lan egiten dute; izan ere, "minbizia agertzen denean, gaixoa soilik ez, senideak ere oso galduta sentitzen dira, lagundu nahi arren ez dakite oso ondo nola egin", diote. Elkarteak saioetara gerturatzeko aukera eskaintzen die guztiei.

Proiektu ugari abian

Talde "oso aktiboa" direla diote; astero batu eta laguntza talde bat eratzeaz gain, maiz antolatzen dituzte hitzaldi eta tailerrak. "Halako ekintzek efektu bikoitza dute; kideekin hitz eginda barrenak arintzen dituzu, eta, gainera, besteen esperientzia ezagututa zure arazoak beste modu batera ikusten dituzu", azaldu dute taldekideek.

Azken urteetan oso harrera ona izan duen proiektuetako bat  bihotz formadun burkoak direla kontatu dute: "Ospitalean dauden pertsonei oparitzen dizkiegu, bularra galdu dutenen kasuan besapean jarri eta eroso egon daitezen".

Era boluntarioan egiten dituzte, dohaintzan eman dizkieten oihalekin, eta, azaldu dutenez, burkoak banatzen dituztenean, "ilusio handiz" hartzen dituzte erietxean daudenek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak