Tronboi joleek topaketa egingo dute Bergaran

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko mai. 31a, 08:00

2016an Aretxabaletan egindako topaketako argazkia.

Gipuzkoako eta Arabako hainbat tronboi jole elkartuko dira bihar Bergaran: Tronboneitor topaketa egingo dute, aurten, 10. aldiz. Lau taldetan banatuta eskainiko dute kontzertua: talde bakoitzak bere saioa eskaini ondoren Gonzalez Bastidaren Hor konpon joko dute denek elkarrekin batera.

115 tronboi jole elkartuko dira zapatuan herriko kaleetan, Tronboneitor tronboi topaketaren aitzakiarekin, hain zuen. Gipuzkoako eta Arabako 14 musika eskolako ikasleak izango dira Bergaran. Tronboi joleen 10. topaketa izango da aurtengoa. 12:00etan kalejira egingo dute herriko kaleetan: Meredith Wilsonen 76 trombones obra joko dute kalejiran. Ondoren, San Martin plazan eskainiko dute kontzertua.

Kontzertua, lau taldetan

Bailara mailan, bi herrik parte hartuko dute: Aretxabaletako Musika Eskolak, eta Bergarakoak. "Bergarako Musika Eskolako bederatzi ikasle izango dira topaketan, Alberto Laskurain irakaslearekin", azaldu du Marije Ugaldek. Biharko jardunaldian adin guztietako musikariek parte hartuko dute; bada, kontzertuari begira, adin tarteka banatu dituzte taldeak. Lau talde izango dira: 8 eta 11 urte bitartekoak, 12 eta 15 urte bitartekoak, 16 eta 18 urte bitartekoak eta 18 urtetik gorakoak. Talde bakoitzak hiru obra joko ditu eta amaieran guztiek batera Migel Gonzalez Bastidaren Hor konpon obra  eskainiko dute –Alberto Laskurainek tronboiendako egindako moldaketekin–. "Obra oso ezaguna" da Bergaran.

"Pisua arintzea", helburu

"Topaketaren helburua da instrumentu horri bultzada ematea, izan ere, instrumentu minoritarioa da, baina era berean taldeetan behar den instrumentua", dio Ugaldek. "Instrumentu grabea da, eta horrelako instrumentuekin gertatzen dena da gaztetxoak ez direla animatzen, kosta egiten da", gaineratu du Ugaldek. Gaztetxoei gehiago gustatzen zaie "protagonista diren instrumentuak", adibidez tronpeta edo biolina.

Bestalde, azken urteetan tronboiak berak aldaketak izan dituela dio: "Lehen pisu handikoak ziren, eta hori oztopoa izaten zen gaztetxoendako; orain, aldiz, plastikozkoak egiten dituzte, koloretakoak direnak... izugarriak dira!".

Musika eta zientzia

Bergarak musikarekin eta zientziarekin duen lotura nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Hori horrela, zientziaren arloan wolframak eta Bergarak duten lotura gogora ekartzeko, jaialdia iragartzeko kartelean keinu txiki bat egin dute: Tronwoneitor idatziz: "Beste herri batzuetatik etorriko da jendea zapatuan, eta erakutsi nahi diegu Bergarak zientzia arloan izan duen garrantzia", dio Ugaldek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak