Bularreko eta ginekologiako minbiziaren aurka lanean diharduen Katxalin elkarteak 100 bat bazkide ditu Bergaran eta 700 inguru Gipuzkoan; elkarteak egoitzak ditu Bergaran –jardueretarako San Joxepen elkartzen dira, astelehenetan eta egubakoitzetan–, Ordizian eta Donostian. Bergarako Udalarekin hitzarmen bat sinatu dute, bereziki Mila txapela, mila irribarre izeneko kanpaina babesteko. Kanpainak helburu argia dauka: tratamenduan dauden pazienteei txapel bana oparitzea, kimioterapiaren zeharkako ondorio den ilearen galtzearen aurrean babes psikologikoa eta emozionala eskaintzeko.
Katxalin elkarteko bazkideak hasita daude Asun Dominguez diseinatzaileak birziklatutako telekin eta kolore alaiekin txapelak egiten, eta Donostiako, Txagorritxuko eta Gurutzeetako ospitaleetan ingresatuta daudenei emango dizkiete. Hitzarmenari esker, Katxalinek 1.000 euro jaso ditu Udalaren partetik.
Banaketa, irailean aurreikusita
Minbizia pasatu duten emakumez osatuta dago, bereziki, Katxalin elkartea. "Minbizia pasatu dugunok egoera horretan daudenak babesten ditugu. Josteko elkartzen gara, minbiziaren aurkako lasterketan hartzen dugu parte eta bestelako hainbat jarduera ere antolatzen ditugu. Entzuteko, informatzeko eta berba egiteko topaleku bat gara", dio Katxalineko kide Maite Vallek.
Vallek aurreratu duenez, asmoa da txapelen banaketari jarraipena egitea eta modu pertsonalizatuan helaraztea txapel horietako bakoitza. "Lanean hasita gaude, eta Diputazioak esango digu noiz hasi banaketarekin. Kalkulatzen dugu irailean hasiko garela txapelak banatzen", gaineratu du Vallek. Laguntza emateko edo argibide gehiagorako: 669 66 47 12 edo 943 24 56 08.