Bergarako Ahal Dugu Podemosek "politikaren ikuspegi soziala duen programa" aurkeztu du

Xabier Urtzelai 2019ko mai. 18a, 10:48

Bergarako Ahal dugu Podemosekoak San Martin plazan jarritako postuan.

Bergarako Ahal Dugu Podemosek San Martin plazan aurkeztu du programa, "Ikuspegi soziala duena, hormigoira zuzendua egon barik, ezta kontratazio publikoekin bizi diren enpresetara ere. Irabaztera aterako gara Bergarako udal gobernu taldearen partaide izateko asmoarekin, horrela gure programa gauzatu ahal izateko".  

Bergarako Ahal Dugu Podemosek aurkeztutako programan diru-laguntzen, auzo kaltetuen, zaborren kudeaketaren, merkataritzaren eta mugikortasunaren gainean egiten du berba.

Diru-laguntzak, beharra duten bergararrentzat

Hauxe programan udal zergen gainean nabarmendutakoa: "Udal zergak eta tasak jaitsiko ditugu kasu horietan, zerga salbuespen osoa ezarriz behar izanez gero. Langabezian dauden pertsonetan edo diru sarrera murritzak dituzten pentsiodunetan pentsatzen ari gara neurri hauekin".

Auzoei dagokienez, nabarmendu dute Udalak ahalegin garrantzitsua egin beharko lukeela Bergarako kale eta auzo kaltetuenak birgaitzeko: "Zubietako, Osintxuko eta Zubiaurre-Martokoko auzoei buruz ari gara, urteen zehar bertan behera utzi dituzten auzo horiei buruz. Horretaz gain erretiratuen eta gazteen egoitzak irekitzeko proposamena egiten dugu Bolu eta Zubiaurre-Martokoko auzoetan, eta era berean, zahar egoitzara iristeko arrapala eta eskalera mekanikoak jarriko ditugu. Etxeko animaliek gozatzeko esparruak egokituko ditugu gainerako herritarrekin harmonia zainduz".

Zakarrontzi gutxi dago herrian

Jose Maria Sasieta buru duen alderdiak zakarrontzien gabezia nabarmendu du: "Zakarrontzi gehiago jarriko ditugu udalerrian zehar, udalerriaren garbitasuna eta herritarren erosotasuna lortzeko helburuarentzako beharrezkoak baitira. Posible izan behar da askarien soberakinak leku apropos eta erosoetan utzi ahal izatea. Horrekin batera, zabor kontainerren edukia maizago jaso behar da eta hauek garbitzeko aldiak ere handitu behar dira usain txarrak saihesteko eta osasungarritasuna bermatu ahal izateko".

Nekazaritza eta abeltzaintzaren aldeko neurriak

"Udalaren apustua behar dute udalerriko BGParen portzentaia mantentzeko edo hazteko. Esaterako, baserriek herrian euren produktuak saltzeko oztopoekin amaitu nahi dugu horretarako leku zehatzak egokituz. Bergaran merkataritza txikia sustatu behar dela uste dugu, gaur egun, beherapenean baitago. Udaletxetik aholkularitza eskaintzea eta bi urtez merkatari txikien gaineko zergak eta tasak jaistea negozio bat irekitzen dutenei izango lirateke gure proposamenetako batzuk. Logikoa denez, Bergaran merkataritza gune handi berrien ezarpenaren aurka agertuko gara".

Bada, amaitzeko, mugikortasun jasangarriari dagokionez eta herritarren erosotasuna lortzeko helburuarekin, "Garraio publikoak landa auzoak eta herriko erdigunea lotu eta bere presentzia handitzea proposatzen dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak