Bergarako Ubera eta San Juan auzoetan "bide seguruak" eskatu dituzte

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko mai. 14a, 19:02

'Noiz arte autoak toreatzean?' dioen pankarta.

Auzobide plataformak Uberan eta San Juanen bizi diren bergararrak kalerako joan-etorriak oinez edo bizikletaz era seguruan egiteko eskubidea aldarrikatzen du. Aspaldiko eskaera izan arren, diote ez dutela Diputazioaren eta Udalaren erantzun eraginkorrik jaso eta plataformarekin "lehenbailehen" biltzeko eskatu dute: "Ez genuke manifestaldi, errepide mozketa eta antzeko dinamikekin hasi nahi".

Auzobide plataformak gogora ekarri du 2014an oinez eta bizikletaz Uberaraino egin zen "martxa jendetsua". Orduan ere, gogoratu dutenez, bide seguru bat eskatzen zen: "Bidegorria, bide berdea, edo bide beltza eskatuz –kolorea berdin zaigu–, baina bide segurua".

Auzobide: "Ahaztuak eta baztertuak sentitzen gara"

Plataformako kideek gaineratu dute etorkizuneko mugikortasunari begira beharrezkoa dela errepidearen bazterrean bide seguru bat egitea: "Garbi dugu etorkizuneko mugikortasuna ezin dela autobus zerbitzuan edo auzo-taxian oinarritu.  Bi edo hiru kilometro besterik ez daude Bergaratik San Juango poligono industrialera eta lau edo bost kilometro Uberara, distantzia aproposak oinez edo bizikletaz egiteko. Auzotarrak lanera, eskolara edo kiroldegira joan-etorriak egiteko, eta kaletarrak lanera, paseatzera eta abar".

Auzobideren arabera, 400 auzotar eta 700 langile inguru dira bi auzo horietan eta inguruetan: "Jende askok esaten digu bizikletaz mugituko litzatekeela baldin eta bide seguruagoa balu. Ez dezagun ahaztu bizikleta normalaz aparte indarra hartzen ari dela asmazio berri bat: bizikleta elektrikoa. Zorionez, asko aurreratu da gure eskualdean gai honetan. Eskoriatza-Oñati-Soraluze lotzen dituen bidegorria egina dago, Antzuolakoa ere ematen du egingo dela, baina gurea eta Angiozarkoa ez dira aipatu ere egiten. Diskriminatuak, ahaztuak eta baztertuak sentitzen gara".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak