Elena Lete: "Bergararren beharrei egoki erantzun diegu, eztabaida antzuetan erori barik"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko mai. 15a, 07:03

EAJren alkategai Elena Lete Munibe plazan.

2016ko urtarriletik da Bergarako alkate Elena Lete (Bergara, 54 urte) eta dio esperientzia "ikaragarri oparoa eta bizia" izan dela. Pozik dago egindako lanaz: "Erabaki eraginkorrak hartu ditugu proiektuak egingarri bihurtzeko". 

Espainiako hauteskundeetan EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena Bergaran –EAJk 86 boto gutxiago jaso zituen–, eta Letek lehia estua espero du: "Beti izaten ditugu emaitza hobeak Legebiltzarrekotan edo udal hauteskundeetan. Hala ere, apirilaren 28an irabaztetik gertu egon ginen Bergaran eta Debagoienean".

Zergatik uste duzu dela EAJri botoa ematea bergararrendako aukera onena?

Bergararren beharrak ulertu egin ditugulako lau urte hauetan, eta egoki erantzun diegulako zalaparta eta eztabaida antzuetan galdu barik. Erabaki eraginkorrak hartu ditugu proiektuak egingarriak bihurtzeko.

Badirudi Bergaran lehia estua egongo dela EAJren eta EH Bilduren artean...

Hala dirudi. Azken 40 urteetan EAJko edo ezker abertzaleko alkateak egon dira, bakarka edo koalizioan. Ez dago Bergaran hirugarren alderdi indartsurik. Hori horrela da herritarrek euren botoen bitartez horrela izatea nahi dutelako.

Lehen indarra izanez gero, norekin osatuko duzue gobernua?

Lehen indarra izateko esperantza dugu talde eta programa oso onak aurkezten ditugulako. Bozkatuenak bagara gure programa ere bozkatuena izango da, hau da, herriaren nahietatik gertuen dagoena izango da. Beraz, ezin badugu gauzatu guk bakarrik, programa bozkatuenetatik gertuen dagoen beste edozein alderdirekin gobernatzeko prest gaude. Ez da gure nahia garrantzitsuena, baizik eta herriarena.

Nola baloratzen dituzu alkate moduan egindako hiru urteak?

2016ko urtarrilean hartu nuen nik alkatetza, eta esan beharra daukat esperientzia ikaragarri oparoa eta bizia izan dela, herria eta herritarraren ezagutza askoz ere sakonagoa daukat gaur egun eta horrek pertsona moduan hazten lagundu dit.

Zeinek eta zela konbentzitu zintuen zerrendan joateko?

Aurreko agintaldian Juanje Alberdik [2015eko EAJren alkategaia] eskatu zidan bere taldean parte hartzea eta oraingoan alderdiak berretsi dit eskaintza; bietan poztasunez jaso dut eta gainera babes handia igarri dut bai alderdiaren aldetik, bai herriko batzarrengandik eta baita alderdiko banakako pertsonen aldetik ere. Alde horretatik esker ona adierazi behar diet guztiei.

Kosta zitzaizun erabakia hartzea?

Ez. Une egokian nengoen, herriaren alde lan egiten jarraitzeko eta hasitako bideari luzapen sendo bat emateko; azken finean uste nuen nire laneko esperientzia eta alkate izan naizen urte hauetako ezagutzak oso baliagarriak izango zirela lan honetan jarraitzeko. Gainera, gaur egungo taldeko sei zinegotzik jarraitzeko borondatea erakutsi zidatenean erabakia hartzea askoz ere errazagoa egin zitzaidan, euren laguntza izango nuela jakiteak asko lagundu zidan.

Nolakoak izan dira zuendako Espainiako hauteskundeetako emaitzak... Bergara mailan? Gipuzkoan? EAE eta Nafarroa mailan?

Gure alderdiarendako zailenak izaten dira hauteskunde orokorrak. Beti izaten ditugu emaitza hobeak Legebiltzarrekotan edo udal hauteskundeetan. Hala eta guztiz ere, irabaztetik gertu egon gara Bergaran eta Debagoienean, eta Gipuzkoan eta EAEn irabazi egin dugu. Nafarroako egoera oso desberdina da eta han pixkanaka zabaltzen doaz gure alderdia eta abertzaletasuna. Baina gorantz goaz Nafarroan ere.

Ze proiektu zehatz gauzatuko zenuke hurrengo lau urteetan ere alkate izango bazina?

Ideia eta proiektu asko dauzkagu programan eta joango gara plazaratzen, baina orokorrean herriaren aktibitatea suspertzen duten proiektuak gauzatu beharko genituzke, hau da, proiektu traktoreak, herrira aktibitatea erakarriko dutenak. Niretzat, besteak beste, izaera horretako proiektua izango da San Martin plaza berriro urbanizatzea; herriko aktibitateei laguntzeko, komertzioa, ostalaritza, turismoa eta herri bizia eta erakargarriagoa izateko plaza birpentsatu behar dugu, proiektu hori abiatu dugu agintaldi honetan eta hurrengoan gauzatzea proposatuko dugu.

Honekin guztiz lotuta dago seminarioko lur azpiko parkinga; ziur gaude hori ere proiektu traktorea eta bizitasun suspertzailea izango dela; hurrengo agintaldian egingo da obra hori. Bergarak denbora luzez egon da horren zain eta gure ikuspuntutik aparkalekuaren beharra nabarmena da.

Eta ze hiru gauza egingo zenituzke lehendabizi? 

Alkateak gobernua osatu beharko du era praktiko baten eta Udalaren egitura berria planteatu beharko du. Baina galdera era zabalago batean ulertuta, hiru gauza egingo nituzke: lehengoa,gizarte eragileei gurekin lan egiteko gonbidapena luzatzea; bigarrena, gure hauteskundeetako programa betetzeko asmoarekin gatozela adieraztea; eta, hirugarrena, kudeaketan eraginkorra izateko dagokion udal antolakuntza egituratzea.

Eta zure herria hobetzeko hiru neurri?

Gure programako hiru zutabe garrantzitsutatik aterako ditut hiru neurri egingarri: lehenean gizartea dago eta horren premiak asetzea, eta lan horretan hirugarren adinak izan behar du lehentasuna. Haiendako zerbitzuak hobetu eta aberastu behar ditugu premiak gero eta handiagoak direlako. Bigarrena da aktibitatea sortzea, indartzea eta egonkortzea litzateke, eta pausuak emango ditugu gune industrialak berpizteko Candy-ren gunearekin egin dugun moduan; agian hurrengo agintaldian Tavex zaharra berrerabiltzeko aukera izango dugu. Eta hirugarrena –edo lehengoa, ez dakit zer esan–, Bergarak 30 urtetan zain egon den aparkalekua egitea, erdigunean egitea eta hori izatea inguru guztiko aktibitatearen bultzatzailea.

Zure agintaldiko zerekin zaude bereziki gustura edo harro?

Oso agintaldi oparoa izan da eta gauza askorekin nago harro, baina gehien bat aurreko hauteskunde garaian hitza betetzera etorri ginela esan genuelako eta hitz bete egin dugulako nago oso harro: zabor bilketaren sistema, Agorrosingo harmaila, Boluko frontoia, Seminarixoa aretoa, Larramendiko industriagunea... Ausartak izan gara eta herriarekin konpartitu ditugu erabaki horiek eta proiektuen garapena; hogeitik gora izan dira partaidetza prozesuak eta bi herri galdeketa egin ditugu, lotesleak izan direnak. Gainera hori guztia egin dugu oposizioren aurkako jarrera iraunkor batekin, eta arrazoiketa barik ezezko erantzuna jaso dugu Bergararako estrategikoak diren proiektuetan.

Zure alderdiak zein alorretan, eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?

Gizartearen ongizatean, bereziki hirugarren adinean. Baita ere lan baldintzak hobetzeko beharra daukaten gizarte sektore batzuk –emakumeak, gizarteratzeko prozesuetan daudenak...– eta horretan erakunde guztien arteko lana egin behar dugu. Bestalde, saiatu behar gara Bergarako kokapen estrategikoari ahalik eta etekin handiena ateratzen, aktibitate ekonomikoetan turismoan eta kultura arloan.

Zure herria nolakoa den kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?

Etor dadila ikustera. Deskargako errepidea bukatu denetik oraindik gertuago gaude, eta ikus dezala gure herria eta hitz egin dezala bergararrekin. Harro gaude gure herriarekin, baina harrokeriarik gabe. Asko jaso dugu iraganetik baina ez gara konformatzen jasotakoari eustearekin. Ekintzaileak gara, gehiago nahi dugu, herri honek merezi du.

Zer da zure herritik gehien gustatzen zaizuna?

Daukan herri izaera. Ia denetarik daukagu eta ia dena gertu dago, denak ezagutzen gara eta gertutasuna igartzen da; umeak txikiak zirenean lagungarria zela igartzen nuen eta jende nagusiarekin ere berdin dela esango nuke.

Eta Bergarako txokorik gustukoena?

Oso gustuko dauzkat zapatuko azoka, bidegorriko ibilbideak eta igerilekuak; baina bereziki gustatzen zait kide garen bi elkarteetara joatea familiarekin edo lagunekin, Lasai Toki elkartean edo San Juan elkartean. Etxean egongo banintz bezala sentitzen naiz; guztiak ezagunak eta laguntzeko prest.

Feminista zara? Zer egin zenuen martxoaren 8an? Nolako mobilizazioak iruditzen zaizkizu?

Desberdintasunak irauten duten bitartean feminista izango naiz, noski. Hausnartzeko eguna izan zen niretzat aurtengo martxoaren 8a, eta lagunak diren beste emakume batzuekin konpartitu nuen. Oso mobilizazio garrantzitsuak dira: gizartea eta pertsonak kontzientziatzeko eta aldarazteko oso eraginkorrak iruditu zitzaizkidan baina oraindik ibilbide luzea daukagu aurretik.

Zuenean zeinek egiten ditu etxeko lanak?
Gure etxean oreka baten egin ditugu etxeko lanak eta orekan eraman dugu seme alaben heziketa. Hala ere, aitortu behar dut alkate naizenetik nire senarrak ardura gehiago hartu duela eta oreka apur bat urratu dudala.

Ze iritzi duzu muturreko eskuinaren gorakadaz?

Gaur egungo politikaren eredurik txarrenak dira, eta eskerrak Bergaratik urrin daudela.

Ezer gaineratu nahiko zenuke?

Edozein zerrendatan aurkezten diren herritarrei eman gura dizkiet eskerrak, gure herriak onena merezi du eta horrenbeste aukera eta pertsona lanerako prest ikustea poztekoa da. Ez da erraza gaur egungo gizarte honetan pausu hori ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak