Zeinek eta nola konbentzitu zintuen Bergarako alkategai izateko?
Ni neroni aurkeztu nintzen alderdian Gipuzkoako udal hauteskundeetako zerrendetan joateko eta Bergaratik deitu zidatenean ez nuen bi aldiz pentsatu. Izan ere, erabakiak gizartearentzat egokiena zer den pentsatuz hartzen ditugunean ez da zalantza askorik egiten.
Zer da Bergaratik gehien gustatzen zaizuna?
Bergaratik gehien gustatzen zaidana bere historia da. Zentzu honetan Oñatiren antza handia du. Kaleetatik paseatzean mende askotako historia duen ondare baten parte sentitzen zara. Saltzaileak Potosira bidean, ezagutza ilustratuaren gunea, gerra karlistak eta 1890an alpargeteroek egindako greba esaterako, soldata igoera eskatuz Euskadin eginiko lehen greba ezagunetako bat hain zuzen.
Herriko txoko gustukoena?
Agian arrazoi beragatik, plaza aukeratuko dut. Seminarixoa, mende batzuk lehenago Oñatikoa izan zen moduan, ezagutzaren eta ideia berrien hedapenaren pasioaren sinboloa da. Askotan ahaztu egiten zaigu Bergara ze garrantzitsua den Seminarixoa unibertsitatearen egoitza bezala mantendu izanagtik. Hau galtzea porrot bat izango litzateke, jakintzak soilik egingo gaituela aske ulertzen ez dutenen miopiaren eta kortoplazismoaren erreflexua.
Ze proiektu egin nahiko zenituzke Bergaran alkate izango bazina edo erabakiak hartzeko aukerarik izango bazenu?
Dudarik gabe alkate bezala nire lehen neurria udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak batzea eta herriarentzat lehentasuna duen programa bat adostea izango litzateke. Hauteskundeak irabaztea baino garrantzitsuagoa baita guztientzat gobernatzen jakitea. Izan ere, Alderdi Sozialistaren helburua gehien behar duten eta bereziki gizarte bazterkeria egoeran aurkitzen diren persona hauek babesteko politikak bultzatzea da. Proiektu zehatz bat ipintzearren, jantoki sozial bat irekitzea gustatuko litzaiguke. Bestalde, ezin gara ahaztu Ozaeta eta Altos Hornos auzoak hobetzeaz.
Aurreko agintaldian PSOE-EEk egindako ze gauzagatik zaude bereziki pozik, gustura edo harro?
Lehenik eta behin, esan behar dut ikaragarri harro nagoela Mari Carmen bezalako pertsonez, ezberdin pentsatzen dutenak desagerraraztea helburu zuen talde terroristaren aurrean ideia sozialistak duintasun osoz defendatzen eta balore handiz aurrera eramaten jakin baitute. Azken agintaldiari dagokionez, Alderdi Sozialista oinarrizko pieza izan da udal gobernuaren barruan egonkortasuna bermatzeko eta politika sozialei dagokien guztian kontrapuntua egiteko.
Kanpoko Bergara nolakoa den azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?
Bergara bizikidetzaren adibide argia dela esango nioke: nekazal mundua eta industria mundua alboan, tradizioa eta modernitatea, etorri direnenganako eta bertan bizitzen jarraitzen dutenenganako hospitalitatea. Atxagak Euskal Herriaren alternatiba moduan Euskal Hiria deitzen zion horren adibide argia da Bergara.
Alkate izatearen gauzarik onena eta okerrena?
Dudarik gabe onena komunitate baten etorkizuna eraikitzen ari zarela jakitea da. Parte aktiboa zarela, aurpegia ematen ari zarela, Bergarako bizilagunak hobeto bizi daitezen konprometituz. Okerrena, konpromiso publikoan beti geratzen den moduan, zuri familiari eta maite zaituztenei lapurtu behar dizkiezun ordu kopurua dira. Kasu askotan gogorra egiten den bidesaria da.
Aisialdian zer gustatzen zaizu egitea?
Topikoa iruditu arren, irakurle patologiko bat naiz. Historiaren ikasketa maite dut, nahiz eta sarritan bigarren edo hirugarren plano batean utzi behar izaten dudan. Lanari tarte bat kendu diezaiokedala ikusten dudan bakoitzean liburu bat hartzen dut.
Kirolen bat praktikatzen duzu edo ikustea gustuko duzu?
Ez naiz oso kirol zalea. Ikusle moduan nire arreta deitzen duen kirol bakarra ziklismoa da, gizagaindiko zerbait ikusten dut kirol horretan.
Gustuko liburu edo idazle bat?
Une honetan gau-mahaiaren gainean dudan ‘Sobre la historia natural de la destrucción’ liburua esaterako. Duela urte asko liluratu ninduen liburu honen idazlea. Austeritz izeneko bere nobela literaturaren urregintzaren altxor bat da.
Euskal kultura kontsumitzen duzu?
Institutu garaietatik nobelak euskaraz eta agztelaniaz txandaka irakurtzeko ohitura dut. Egun ez naiz sistema honekiko hain leiala baina hala ere euskaraz liburu asko irakurtzen jarraitzen dut. Felipe Juaristik esaterako, duela urte asko gatibatu ninduen.
Ingurumenarekiko duzun konpromisioa zenbaterainokoa da eta egunerokoan ingurumena zaintzeko egiten duzun ekintzen bat edo kontuan izaten duzun zerbait?
Urteekin gorantz doa ingurumenarekiko dudan konpromisoa, izan ere, guk gizakiok sortzen joan garen arazoarekiko kontzientzia handiago hartzen joan naiz. Etxean birziklatzea esaterako eztabaidaezina da. Horretaz gain, duela bi edo hiru urtetatik garraio publikoa lehenesten dugu ahal den heinean. Lan munduan, berriz, OSALANeko zuzendari naizen aldetik, efizientzia energetikoaren aldeko inbertsio handiak bultzatu ditut.
OSALAN, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendaria zara, bertako jakintza zure politiketan aplikatuko duzu?
Bai noski. OSALANen lan egiteak ere militantzia exijitzen du. Prebentzio kulturari zuzendutako organismo bat da, hain zuzen, herritarrek segurtasunarenganako eta osasunarenganako kontzientzia hartzean datza. Ez dauzkagu bi gorputz, bata lanerako eta bestea eguneroko bizitzarako, beraz printzipio hauek eguneroko bizitzan ere aplikatu behar ditugu, ez baitu ezertarako balio lanean kaskoa jartzea baina ondoren bizikletan etxera joaten ez eta alderantziz.
Langileen sektorearekiko duzun solidaritatea handia dela esan daiteke?
25 urte baino gehiago daramatzat sindikatu batean afiliatuta eta 15 baino gehiago aktiboki lanean sindikatuen munduan. Bestalde, OSALANeko zuzendari moduan lan-istripu mortal edo larri guztien inguruan teknikoek egindako txostenak irakurtzea tokatzen zait, guztiak ikertzen baititugu. Istripu guzti hauek saihestu zitezkeela ikustean langile sektorearen alde lan egiteko nire barruko kontzientzia handituz doa. Ez dut inoiz ulertu, eta orain ikuspuntu pribilegiatua dudala are gutxiago, nola XXI.mendean langile batek bere osasuna edo bizia utz ditzaken lan baten truke. Sinpleki, ez zait buruan sartzen.
Osalaneko zuzendari izanik gobernatzen eskarmentua duzula esan dezakegu?
Noski baietz, OSALANeko zuzendari orokor izatearekin sekulako esperientzia lortu dut ardura handiko organismoak kudeatzen eta gobernatzen. Eta ez herritarrekiko zuzeneko harremanean soilik, baita uneoro hedabideetan atera beharra edo ehunka lagun dauden foroetan hitz egin beharra ere. Bestalde, aurrekontu itxi batekin borrokatzen, 170 langile baino gehiago kudeatzen eta tramite administratiboak egiten ere ikasi dut.
Espainiako Gorteetako hauteskundeen emaitzen inguruan egiten duzun balorazio pertsonala zein da?
Espainiar gizartearentzat izan zitekeen emaitzarik onena da eta baita euskal gizartearentzat ere. PSOEren garaipen lasaiak, bigarren alderdia baino bia aldiz parlamentari gehiagorekin, orainarte aurrera atera ezin izan dituen politika sozial asko atera ahal izango baititu.
PSOEk zein alorretan, eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?
PSOEren erronka nagusiena, behintzat niretzat, Langileen Estatutu berri bat idazteko Korteak ados jartzea lortzea da. 1979az geroztik asko aldatu da mundua eta ez dauka zer ikusirik duela 40 urtekoarekin. Langileen Estatutu berri honetan sartu beharreko erronka asko daude: emakumeak lan munduan sartzea, teknologia mundua, enpresen antolaketa modu berriak…
Sozialismoaren gorakada nabarmena ikusi da emaitzetan, zer dela eta olatu hau?
Eskubiko bloke batek orainarte guztion artean kostata lortu dugun guztia pikutara bota zezakeela ikusi dugunean erantzuna argia izan da.
Gobernoa beste alderdi batekin osatzekotan, zein da zure aukerarik gustukoena?
Ez dago PSOErekin partidua osatzeko adina boto lortu dituen beste alderdirik. Beste gauza bat da ekimenak aurrera atera ahal izateko beste alderdiekin batzea. Pertsonalki Unidas Podemos dela esango nuke hauteskunde hauetara aurkeztu den alderdirik moderatuena eta errealistena eta hautagai egokia izan daiteke Kongresuan legeak Aurrera atera ahal izateko. Bestalde, EAJren papera klabea izango da eta Gernikako Estatutuan lortutakoa hainbeste mehatxatzen duten eskuineko alderdiekin edo gizartearen aldaketaren parte, baita euskal gizartearena ere, izan nahi duen erabaki beharko baitu.
Feministatzat duzu zure burua?
Absolutuki.
Ze egin zenuen martxoaren 8an?
Zeharo kontzientziatua dagoen batek egin dezaken gauza bakarra. UGTk deitutako bi orduko greba egin nuen eta arratsaldean manifestaziora joan nintzen. Manifestazioan hainbeste neska nerabe baldintza sozialen aurka borrokatu beharraren kontzientzia hartzen ikusteak izugarri poztu ninduen eta etxera oso pozik itzuli nintzen, gure gizartea hobetzeko nire ekarpena egin dudala pentsatuz.
Eta Euskaraldian parte hartu zenuen eta ze iritzi duzu ekimen honen inguruan?
Bai parte hartu nuen. Prebentzio kulturen inguruan OSALANetik bultzatzen ditugun ekintzen oso antzekoa izan da. Kontzientziatzean datza, bide luze batean pauso bat gehiago ematea da. Euskaldunok, eta bereziki gipuzkoarrok badakigu lurra aberasten duen ura zirimiria dela, euri fina. Ekaitzaren ura zaparradan erortzen da eta ibaiak eramaten du, zirimiriarena ldiz pixkana sakonean sartzen da. Gure kultura sustatzeko modu bakarra da.
Trump, Bolsonaro, Vox, eskuin muturrekoen gorakada… Ze iritzi duzu?
Baztertutako gizataldeen aldeko borroka alde batera utzi izanak kezkatzen nau. Behartsuen mehatxurik handiena atzerritarrak direla diotenen aurrean porrot egin dugu. Ez gara gai izan bat egin eta klase kontzientzia bat hartzeko, etsaia ez dela kanpotik datorrena dioen kontzientzia klase bat sortzeko. Egun, soldata asko pobreziaren bueltan ibiltzearen errua ez baitute bizitza hobe eta duin baten bila atzerritik datozenek. Etsaia ez baita gora begira dagoena, baizik bera begira dagoena, eta hori ulertzeko gai izan behar dugu. Egun aberatsak gero eta aberatsagoak baitira eta pobreak gero eta pobreagoak.