Bidekurutzeta kalean oinezkoei lehentasuna emateko neurriak iragarri ditu Udal Gobernuak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko mai. 8a, 15:16

Ibilgailuen eta oinezkoen arteko elkarbizitza konplikatuaren isla den argazkia, Bidekurutzeta kalean.

Bergarako Bidekurutzeta kalean ibilgailuek oinezkoendako espaloiak inbaditzea "eguneroko arazo larria" dela aspaldi kexatu ziren bizilagunak eta Udal Gobernuak asteon iragarri du neurri batzuk hartuko dituztela. Ibilgailuen abiadura gehienez 20 kilometro ordukoa dela dioen seinalea jartzea eta udaltzainek jarraipen zorrotzagoa egitea izango dira neurrietako batzuk.

Hauek dira Udal Gobernuak ibilgailuen eta oinezkoen arteko elkarbizitza hobetzeko asmoz Bidekurutzeta kalerako iragarri dituen neurriak:

Ibilgailu batzuen gehiegizko abiadura saihesteko:

  • Hegoaldeko sarbidean abiadura murrizteko plastiko batzuk eta seinalea jarriko dira, orduko 20 kilometrokoa.
  • Udaltzaingoak azkar doazen ibilgailuen gidariak geldiarazi eta ohartarazpena egingo die; eta oso modu nabarian egin dutenei, isuna. Oinezkoen lehentasuna argi geratzea da helburua.
  • Hegoaldeko sarbidean argi-seinale bat jarriko da lehentasunezko pasabidea zeinek daukan garbi adierazteko. Geroago, beharrezkoa balitz, ezkerraldeko bide-banaketaren seinale bat margotuko da eta Utzi pasatzen dioen seinale bana ere.
  • Udaltzaingoak Utzi pasatzen dioen seinalea errespetatzen ez duten ibilgailuak geldiarazi eta ohartarazpena egingo die; eta oso modu nabarian errespetatu ez dutenei, isuna. Ibilgailuak aparkatuta edo geldituta luze egotea ekiditea da helburua.
  • Gune horretan pare bat minututik gora geldituta dauden ibilgailuei isuna jarriko zaie, salbu eta modu nabarian zamalak egiten ari direnean, materialak garraiatzen, erosketak hartzen edo uzten...

Zamalan egoerak arautzea eta betearaztea:

  • Leturia harategiaren parean seinale bat jarriko da 3.500 kg-tik gorako ibilgailuek zamalanak bertan egiteko lehentasuna dutela adierazteko, 00:00etatik 11:00ak arteko ordutegian.
  • Honako establezimenduendako zamalanak egiteko ordutegi bana finkatu da: Dia, Leturia eta Boliñete.
  • Udaltzaingoak establezimenduei ezarritako ordutegia kontrolatu eta errespetarazi beharko du.
  • Zamalanak aldi berean egiten dabiltzan ibilgailuen kopurua mugatu egingo da.
  • Ibilgailu arinak Ramon M. Lili kalean dauden zamalanetarako tokietara bidaliko dira.
  • Gune horretan norabidea aldatzeko maniobra egitea ez da utziko.
  • Oinezkoentzat arrisku-egoera sor dezaketen kokapenak zuzendu egingo dira.

Neurri horiez gain, Udal Gobernuak aditzera eman du eskuorri bat argitaratuko duela plataforma bakarreko guneak erabiltzeko zehaztasunak emango dituena, eta inguruko merkataritza-establezimenduen bitartez zabalduko dela. "Udaltzaingoak askoz presentzia handiagoa izango du Bidekurutzetan, ordutegi zehatz eta zabal batekin. Gainera, astero inguruan izandako intzidentzien gaineko txostena prestatuko du", gaineratu dute ohar bidez.

Gehienezko abiadura 20 kilometro ordukoa dela dioen seinalea. Bizilagunek beste aldean ere jartzeko eskatzen dute.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak