Diotenez, oinezkoentzako espaloia kendu eta ibilgailuendako bidearekin berdindu zutenetik –2015eko udan–, "arazo larria" dute: "Gaur egun, kaleko zorua bi kolorez margotuta dago: horia, oinezkoentzat; eta beltza, ibilgailuentzat. Eremu mistoa izanik, oinezkoak bi esparruetan ibili daitezke. Ibilgailuek, berriz, debekatua dute oinezkoen eremua zapaltzea. Seguruenik hasierako asmoa oinezkoentzat traba arkitektonikoak kentzea zen, baina praktikan trabak ibilgailuei kendu zaizkie; gaur egun nahi duten tokitik ibiltzen dira".
Semaforoa jartzeko eskaera
Bizilagunek diote, gunea bide bakarrekoa denez, ibilgailuak banan-banan pasatu beharko zirela: "Seinalizazioak garbi adierazten du zeinek daukan lehentasuna, baina ibilgailuek ez dute errespetatzen. Udaltzaingoak dio ezin direla egon egun osoa gure kaleko trafikoa zaintzen".
"Gure eskaria da semaforo bat jartzea, ibilgailuak banan banan pasa daitezen. Horrenbesteko arazorik ez dagoen orduetan semaforoa anbar laga daiteke", adierazi dute bizilagunek.
Bestalde, kritikatu dute ibilgailuak "ordu luzez" gaizki aparkatuta ere egoten direla: "Atari bakoitien kasuan, parean aparkatzen dutenean, ezin izaten dugu kalera irten edo etxera sartu espaloia alde horretan estuagoa delako. Horrez gain, ataritik irtendakoan oso kontuz ibili behar izaten dugu ibilgailuek ez harrapatzeko", gaineratu dute.
Hiru urte pasatu ziren bizilagunak kexa modu antolatuan helarazi gabe baina arazoa gero eta nabarmenagoa zela jakinda, sinadura bilketa bat –atari eta bertako negozio guztietan– egin ostean Udalera jo zuten. Azaldu dutenez, baina, ez dute oraindik erantzun egokirik jaso: "Proba moduan jar daiteke semaforo bat, eta ikusiko dugu ea nola funtzionatzen duen". Horrekin batera, bizilagunek azaldu dute obra egin zenean kableatua instalatu zela semaforo bat jarri gura bazen.
Gobernua, "harremanetan"
Udal Gobernuak ez du arazo hori larritzat ikusten baina diote "harremanetan" daudela bertako bizilagunekin eta negozioekin arazoa konpontzen saiatzeko: "Kale horretako erabilera guztiak maila bereko plataforma bakarrean kontzentratuta egoteak tarteka egoera deserosoak sortzen ditu, zuzendu beharrekoak; arrazoi horregatik, harremanetan gaude bertako bizilagunekin eta negozioetako arduradunekin".