Gorka Artola: "Gobernuan egonez gero, ez ditugu oposizioaren proposamenak ia lanketarik gabe baztertuko"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko mai. 7a, 07:02

Gorka Artola, Olaso dorrearen atarian.

Atzean duen taldeak "sekulako konfiantza" ematen dio Gorka Artolari (Bergara, 30 urte) eta horren gaztea izanda alkate irteteak maila pertsonalean urte emankor batzuk baldintzatzea badakar ere, "gogoz" dago erronkari heltzeko. Espainiako hauteskundeetan lehen indarra izan ostean emaitza hori indartzeko asmoz aurkeztuko dira maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara.

Lanbide heziketako irakaslea ogibidez, alkate irtengo balitz Bergarak inoiz izan duen alkate gazteena izango litzateke Gorka Artola, 30 urterekin. Nerabea zenetik izan du interesa politikan, eta EH Bildun 2015eko hauteskundeen aurretik. "Bergarako EH Bildu herrigintza instituzioetatik ere egiten duen eragile bezala ulertzen dut nik, ez alderdi bezala", gaineratu du.

Lehen indarra izateko esperantza duzue? Norekin osatuko zenukete gobernua? 

Apirilaren 28ko hauteskundeetan lehen indarra izan gara eta emaitza hori indartzeko asmoa dugu udal hauteskundeetan. Herri mailan oso hautagaitza prestatua eta indarrez beteta datorrena daukagu, gauzak beste modu batean egiteko prest, eta Bergarak aldaketa hori merezi duela uste dugu. Bergaran gauzak efizienteago, argiago, parte-hartzaileago eta hobeto egin daitezkeela uste dugu, eta bide horretan lan egin nahi duenak gure bidelagun izateko ateak zabalik izango ditu.

Bergaran ezkerreko hiru aukera nagusi (EH Bildu, Irabazi eta Podemos) izateak nola eragingo du emaitzetan, zure ustez? 

Udalean sentsibilitate ahalik eta zabalenak ordezkatuta izatea beti da positiboa, are gehiago politika aurrerakoiak egiteko borondatea dutenak badira. Edozein modutan, udal politika aurrerakoiak aurrera eramateko aukera bakarra maiatzaren 26an EH Bildu indartsu bat izatea da.

Nola baloratzen dituzu zinegotzi moduan egin dituzun azken lau urte hauek? 

Emankorragoak izatea espero nuen baina EAJren gobernatzeko moduak ez du horretarako aukera handirik eman. Egindako proposamen ia guztiak landu gabe baztertzen direla ikustea tristea izan da. Ez diot beste inori opa eta gobernuan egon ezkero ez dugu berdin jokatuko. EH Bilduko udal taldean egindako lana eta izandako giroa oso aberasgarria ostera, gaiak landu eta eztabaidatzeko aukera izan dugu eta asko ikasteko balio izan dit.

Zeinek eta zela konbentzitu zintuen zerrendan joateko?

Agintaldi honetako udal taldeko kideen babesa eta herri batzarraren proposamena jaso izana erabakigarriak izan dira.

Asko kosta zitzaizun erabakia hartzea?

Ez da erabaki erraza izan. Gaztea naiz eta maila pertsonalean urte emankorrak izan daitezke hurrengoak niretzat. Alkate izateak neurri batean edo bestean erabaki pertsonalak baldintzatuko dizkit eta iniziatiba hartzerako orduan buelta batzuk eman dizkiot gai honi. Beste alde batetik, nire burua gogoz ikusten dut eta osatu dugun taldeak sekulako konfiantza ematen dit. Proiektu bat dugu eta proiektu hau bergararrekin konpartitzeko eta garatzeko aukera izateak asko motibatzen nau.

Zer da zure herritik gehien gustatzen zaizuna?

Kale giroa, txoko guztietan aurpegi ezagunak ikusi eta etxeko sentitzearen sentsazioa. Bergarako jendartea gustatzen zait eta bakardadea nahiago dugun egun horietan ere badaukagu herrian bertan nora ihes egin. Inguru edarra daukagu bizitzeko. Badaukat susmoa bergararrok ez dugula Bergara merezi beste apreziatzen.

Herriko txoko gustukoena?

Ibiltzeko eta disfrutatzeko, Elosumendi inguruko pagadiak. Bakarrik egon eta buruari buelta batzuk emateko Soledade gainean dagoen ur-depositu ingurua, leku lasaia eta Bergarako bista edarrarekin. Bizitzeko Espoloi ingurua, txikitatik bizi izan naizen auzoa.

Ze proiektu zehatz garatuko zenuke Bergaran, alkate izango bazina edo erabakiak hartzeko aukerarik izango bazenu?

Bergarar guztion artean etorkizunerako Bergararen eredua adostea behar beharrezkoa da eta indar guztiak horretara bideratu behar ditugu. Ez egiteak galera asko sortzen digu urtez urte bergararroi. Proposamen zehatzagoetara joanda, egunero tristuraz begiratzen dudan Arrizuriagako jauregiari irtenbide duin bat eman beharra dago, proiektu kultural indartsu bat landuz.

Hirugarren adineko bergararren beharren inguruan ere badago zeregina; zahartzaro aktibo baterako aukerak zabaldu behar ditugu eta autonomia maila askotariko bergararrei zerbitzu berezituen eskaintza handitu beharra dagoela uste dut. Horretarako baliabide ezberdinak martxan jarri daitezke: etxez etxeko zerbitzua indartu, etxe egokituak edo erabiltzaile autonomoentzako egoitza berezituak...

Egunerokoan ere gauza asko hobetu daitezkeela uste dut; kale garbiketa indartu, irisgarritasunean eta kirol eremuetan hobekuntza txikiak egin, herritarren eta Udalaren arteko harremanak erraztea eta erantzuna ziurtatzea, adibidez.

Azken agintaldian egindako ze gauzagatik zaude bereziki pozik, gustura edo harro?

Aurreko legealdian ikusi genuen oposizio ereduarekin apurtu dugu. EAJren jarrera baztertzailearen aurrean oposizio eraikitzailea egiten saiatu gara, ideiak eta proposamenak egiten, gure helburua bergarar guztien ongizatean sakontzea delako. Bergara desberdin pentsatzen dugun pertsona guztiok osatzen dugu eta guztion artean herria hobetu behar dugu. Izan dugun jarrera horretaz gaude harro.

Elena Letek gehiengoak ematen duen agintea modu zatarrean erabili du, EH Bilduren proposamen onak baztertu ditu EH Bildurenak zirelako soilik. Hori ezin du alkate batek egin, eta Elenak egin du.

Zure herria nolakoa den kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?

Ezagutu dugula bestelako Bergara bat, dinamikoagoa, alaiagoa. Bergara bazela Debagoienako eta Gipuzkoako ardatz garrantzitsua, industria, elkarlana, kulturgintza eta unibertsitatea ikur zituena eta etorkizunari baikor begiratzen ziona. Gaur egun atzera begira bizi da Bergara, izan zen horretara; 750. urteurrenari, ilustrazio garaiari edo alkate mugimenduaren garaiari begira.

Gelditu egin da, indarra galdu du herri gisa Debagoienean. Lau urte galdu ditugu Bergara indartzeko, baina baikorra naizenez, berriz etorkizunera begira jarriko dugun herri bat dela gurea kontatuko nioke, bestelako Bergara eraikiko dugula, denok tokia izango duguna. Bergara bizia, ederra, anitza, feminista, elkartasunean oinarritua, bertako komertzioa biziberritua izango duena, denok lan egiteko aukera izango duguna…

Zuenean zeinek egiten ditu etxeko lanak?

Ez diot beldurrik plantxari, labadorari eta garbitzeko produktuei. Hori bai, robot aspiragailua inbertsio ona izan zela aitortu beharra daukat.

Alkate izango bazina egingo zenituzkeen lehen hiru gauzak?

Lehenik eta behin, herritar guztiei esan Udaleko ateak zabalik dituztela eta eurekin kontatzen dugula etorkizuneko Bergara eraikitzen joateko. Beharra sentituz gero, etortzeko euren kezka, kexu, iradokizun edo dena delakoak azaltzera. Beti izango dudala denbora herritarrak artatzeko.

Bigarrenik, Udaleko langileekin bilduko nintzateke gure egitasmo orokorrak azaltzeko, denon artean taldea osatzeko, nola funtzionatu nahi dugun azaltzeko eta euren iritzia entzuteko.

Eta, hirugarrenik, gobernu programa osatzeko zereginean murgilduko nintzateke talde osoarekin batera. Herritarrek jakin dezaten zer egiteko asmoa dugun, zein egutegirekin eta gu ebaluatzeko informazioa izan dezaten.

Zure herria hobetzeko ze hiru neurri hartuko zenituzke?

Lehena, Udaleko erabakietan herritarrek parte hartzeko moduak zabaltzea, aurrekontuetatik hasita. Bigarrena, landa-auzo eta herri-auzoetara begirada zuzendu eta auzotarrek identifikatuta dauzkaten beharrei erantzuten hasi. Eta, hirugarrenik, alde zaharra biziberritzeko plana martxan jarri, etxeen irisgarritasuna bermatzeko erraztasunak emanez.

Denbora librean zer gustatzen zaizu egitea?

Afizio ezberdinak baditut; etxean, bizikletan edo kotxean konponketa txikiak egiten disfrutatzen dut, bizikletan mendi buelta bat eginez edo motorrean kostaldera paseo bat emanez ere bai. Ez naiz asko irakurtzekoa baina irakurtzeko gogoa pizten didaten liburuak irentsi egiten ditut. Gaur egun, dudan denbora bikotekidea eta lagunekin egoteko erabiltzen saiatzen naiz afizio horiek nahiko alde batera utzita.

Ikusi dituzu Espainiako hauteskundeetako hautagaien debateak? Ze iritzi duzu?

Interneten zatika ikusi ditut, ez eztabaida osoak. Estatu mailako alderdien hautagaiak plastikozkoak iruditu zaizkit, politikari profesionalak zentzu txarrenean. Gai dira gaur gauza bat esateko eta hurrengoan kontrakoa. Nik bestela ulertzen dut politika, herrigintza bezala, eta hor eroso sentitzen naiz, nik pentsatzen dudana esaten dut, ondokoari entzuten saiatu, zintzotasuna politika egiteko ezinbesteko balorea dela uste dut.

Zure alderdiak non, zein alorretan, eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?

Pertsonak erdigunean jarri behar ditugula esan dugu behin eta berriz. Bergararron eskubide sozialak bermatzen direla ziurtatu, gazte eta hirugarren adineko pertsonen beharrei erantzun, emakumeen ahalduntzea instituziotik ere bultzatu.

Ikuspegi aldaketa bat behar dugu udalgintzan eta arloetan pertsonen beharretatik hasita lan egiten hasi. Kulturan zer falta da galderatik Bergararrok zer behar kultural ditugu galdetzera pasa behar dugu. Eta horretarako proiektu oso zehatzak ditugu, bergararron ongizatean sakontzeko.

Feministatzat duzu zure burua?

Zalantzarik gabe. Aurretik modu xumean egin badut ere, gizon bezala lanketa pertsonal sakonagoa egin, jarrera batzuk aldatu eta pribilegio batzuei uko egitea egiteke dudan zerbait bada ere.

Zer egin zenuen martxoaren 8an?

Deialdietan parte hartu, mugimendu feministatik gizonezkoei proposatutako irizpideak jarraituz.

Nola ikusten dituzu azkenaldian martxoaren 8aren bueltan egin  diren mobilizazio handiak?

Mobilizazio historikoak izaten ari dira eta ez da kasualitatea. Balio feministak hegemonikoak bihurtzen ari dira eta mobilizazio hauek horren adierazle dira. Aldarrikapenok praktikan eta politikan txertatzen joan beharrean gaude eta bide horretan gizarte zein instituzio guztiak lanean jarri.

Ze iruditzen zaizu mundu mailan eskumako muturrak izan dituen gorakada?

Bizi dugun mundu mailako egoera gordinari erantzun ulergarri bat, beldurrak eragindakoa, baina beldurgarria aldi berean, norberekeria eta gorrototik asko duena. Itxuraz latente egon den faxismoaren itzulera da, eta gizarte bezala ozen erantzun beharrekoa.

Ezer gaineratu nahiko zenuke?

Bergara hobea nahi dugunok, umeak kalean lasai jolasean ikusi nahi ditugunok, gure helduek zerbitzu eraginkorrak izatea nahi dugunok, aisialdiaz gozatzeko herria nahi dugunok, gazteek euren aukeraz baliatzeko aukera izan dezaten, Bergara anitza eta zabala nahi dugunok lan handia dugula aurretik. Baina gustuko tokian aldaparik ez esaten da eta zeregin horretan gure onena ematera gatoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak