Iazko udazkenetik dago martxan Gureak Taldearen lantegi berria, eta gaur, maiatzak 2, han izan dira hautagai jeltzaleak. Gureak Taldearen industri dibisioko zuzendari Andoni Errekondorekin egin dute batzarra lehenengo, eta gero, instalazioak ezagutu dituzte.
Letek eta Peñak "estrategikotzat" jo dute "enpleguaren bidez integrazio aukerak sortzen dituen proiektu hori", eta balioan jarri dute erakunde publiko eta entitate pribatuen arteko elkarlana. EAJren Bergarako alkategaiak zera nabarmendu du: "Gureak Taldearen ereduarekin frogatzen den bezala, ekonomian ere egin daitezke pertsonetan zentratutako politikak".
Maite Peñak ere gizarte integrazioa eta lan aukerak batzen dituen eredu horren alde egin du: "Desgaitasuna duten pertsonak berdintasun egoera horretan lehen mailako hiritar sentitzeko gakoetako bat lana delako eta garapen soziala eta pertsonala estuki daudelako lotuta enpleguarekin".
Sinergiak sustatzen jarraitzeko asmoa
Arlo ekonomikoan ere jarri dute arreta hautagai jeltzaleek: "Bergarako industriari babesa eta bultzada ematea eta kalitatezko enplegua bermatzeko baldintzak sortzea izan dira agintaldi honen lehentasun nagusietako bi eta, horretarako, etengabea izan da herriko enpresa eta eragile ekonomikoekin izandako harremana", adierazi du Letek eta gaineratu: “Erakundeekin lankidetzan, sinergiak sustatzen jarraitzeko eta enpresa eta ekintzaileei bermeak eta erraztasunak emateko konpromisoari eutsiko diogu".
Kableak prozesatzen eta prototipoak garatzen
Kableak prozatzen eta produktu berrien prototipoak garatzen dihardute Bergarako lantegian 2018ko udazkenaz geroztik. 91 langilerekin hasi ziren lanean eta teknologian inbertsio handia egin zuten. Prototipoen alorrean 24 langile dabiltza Candy zenaren planta berrian, CPE Akademi deituriko formazio dualeko ekimen berritzailean. Astero lau kamioi betetzen dituela kablez adierazi dute, eta aurten, 275 milioi kable fabrikatu gura dituzte, datozen urteetan hazten joateko.