Sukaldari eta aseguru-etxe bateko langile moduan lan egin ostean, Podemos sortu zenean politikan sartzea erabaki zuen. Orain, Ahal Dugu-Podemos moduan udal hauteskunde batzuetara aurkezten den lehen aldia izan arren, Jose Maria Sasieta alkategaiak bi edo hiru zinegotzi lortzea espero du. Bergararako lehentasunen artean kokatzen du Zubieta, Osintxu eta Martoko berriro urbanizatzea.
Zergatik ez zarete Irabazirekin batera aurkeztu? Nola eragingo du horrek emaitzetan?
Bergararako proiektuan ezberdintasunak izan ditugu eta horregatik ez gara batera aurkezten. Ikusiko da bergararrek zer erabakitzen duten baina uste dugu ezkerreko gehiengo bat egongo dela.
Bi edo hiru zinegotzi lortzea espero duzuela esan zenuen zure hautagaitzaren aurkezpenean. Hori pentsatzen jarraitzen duzu? Eta hala bada, norekin gobernatuko zenukete?
Bai, uste dugu bi edo hiru zinegotzi lortuko dugula. Itunak norekin? Herritarren alde gobernatuko duen programa sozial bat duten alderdiekin.
Uste duzu euskara ez jakitea eragozpen handia izango dela zinegotzi moduan jarduteko?
Ez dut uste eragozpen handi bat izango denik. Hala ere, ikasteko asmoa daukat.
Azken agintaldiko Udal Gobernuaren lana jarraitu duzu? Zer iruditu zaizu?
Uste dut enpresa eraikitzaileei begira egon direla, herritarren beharrei erantzun beharrean.
Ze proiektu zehatz duzue Bergararentzat?
Uste dugu badaudela auzoak berriro urbanizatzeko beharra dutenak, Zubieta, Osintxu eta Martoko tartean. Horrez gain, auzo periferikoak eta erdialdea lotuko dituen garraio publiko eraginkorrago bat behar dugu eta baita gazteendako zein erretiratuendako lokal gehiago ere.
Alkate bazina ze lehen hiru neurri hartuko zenituzke?
Hasteko eta behin, udaletxean auditoria bat egingo genuke. Ondoren, herritarrei begirako aurrekontu bat onartuko genuke eta, hirugarrenik, lehen aipatu ditudan hiru auzoak berriro urbanizatuko genituzke.
Kanpotar batek Bergara nolakoa den galdetuz gero, zer erantzungo zenioke?
Bergara historia handia duen herria delako esango nioke, bertako arkitekturan ikus daitekeenez. Ez da herri handia eta horrek herritarron arteko harremanak errazten ditu.
Zer da Bergaratik gehien gustatzen zaizuna? Txokorik gustukoena?
Bergaratik gehien gustatzen zaidana bergararrak dira, jendea. Usondo parkea da nire txoko kutuna.
Zer gustatzen zaizu egitea aisialdian?
Azkenaldian apenas daukat denbora librerik, baina dudan apurra lagunekin eta senitartekoekin partekatzea gustatzen zait.
Ikusi zenituen Espainiako hauteskundeetarako telebistako debateak? Zer iruditu zitzaizkizun?
Pablo Iglesias oso ondo egon zen, bereziki bigarren debatean. Beste hautagaiak euren artean erasotzen aritu ziren, proposamenetan sartzeke. Gainera, ez ziren argi geratu zeintzuk izango diren hauteskunde osteko itunak.
Feminista zara? Nola baloratzen dituzu martxoaren 8ko mobilizazioak?
Bai, feminista naiz. Martxoaren 8an etxeko lanak egin nituen –gurean, amak, anaiak eta hirurok egiten ditugu etxeko lanak– eta arratsaldean manifestaziora joan nintzen. Feminismoak ezinbesteko aldaketak ekarriko ditu gure gizartera, geldiezina da.
Trump, Bolsonaro, Vox... Zer ari da gertatzen?
Ultraeskuina hazten dabil gezurra, beldurra eta krisi ekonomikoaren ondorioak oinarri hartuta. Gezurrak, behin eta berriz errepikatu ostean, jendearengan sartzen joan dira. Baina hori dira, gezurrak.
Ezer gaineratu nahiko zenuke?
Nire asmoa da gaizki pasatzen ari diren bergararrentzat lan egitea. Udala izan behar da lan hori gidatu behar duena eta horretarako aurkezten naiz.