Aiert Lizarralde: "Podemosek boto gutxi eramatea eta EAJri zein PSEri botoak kentzea espero dugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko mai. 2a, 07:00

Aiert Lizarralde, San Martin plazan.

Bere hasierako asmoa lekukoa beste taldekide bati pasatzea bazen ere, Irabaziko zerrendaburu moduan aurkeztuko da Aiert Lizarralde Ortiz de Zarate (Bergara, 44 urte) maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako. Argi azaldu du zergatik ez diren Podemosekin batera aurkeztu: "Aurreko agintaldian Irabaziren zerrendan etorri zen Podemoseko zerrendaburua, eta hainbat herritarren kritikak jaso genituen". 

Bi seme-alabaren aita eta metaleko langilea ofizioz, duela zortzi urte sartu zen politikan, Equo Berdeak alderdian, Aiert Lizarralde Ortiz de Zarate (Bergara, 44 urte). Aitortu duenez, taldekideek konbentzitu dute berriro ere Irabaziren zerrendaburu moduan aurkezteko, bere hasierako asmoa lekukoa beste taldekide bati ematea zelako.


Debagoieneko herri guztietan Irabazi eta Ahal-Dugu Podemos batera aurkeztuko dira udal hauteskundeetara. Bergaran zergatik ez?

Hasieratik garbi genuen Bergarako Podemosek aurkeztu duen zerrendaburuarekin ez genuela zerrendetan joan nahi. Aurreko agintaldian Irabaziko zerrendatan etorri zen eta herritarren partetik sekulako kritikak jaso genituen. Ezagutzen dugu, eta Euskadiko Podemosi ere garbi utzi dizkiogu gauzak. Elkarrekin Podemos bezala Bergaran zerrenda bat aurkezteko baldintza bakarra pertsona hori zerrendan ez joatea zen. Horrela eskatu genion Euskadiko Podemosi baina garbi esan ziguten euren estatutuen arabera herrietako zirkuluen gainetik ezin zutela ezer egin. Beraz, tamalez, bakoitza bere aldetik aurkeztu beharko gara. 


Bergaran ezkerra inoiz baino zatikatuago aurkeztuko da. Nola eragingo du horrek emaitzetan?

Gauzak zerbait zailtzen ditu. Hala ere, Podemosek boto gutxi eramatea eta EH Bilduk eta Irabazik EAJri eta PSE-EEri botoak kentzea espero dugu.

Nola baloratzen dituzu zinegotzi moduan egin dituzun azken lau urte hauek? 


Gobernuak ez digu ezer egiten utzi eta Udalarekin nahi izan duen guztia egin du; gurekin izan duten jarrera oso biolentoa izan da. Uste dut Gobernuaren jarrera autoritarioari eta patriarkalari ondo egin diogula aurre. 


Zure herrian zure agintaldian egindako ze gauzagatik zaude bereziki pozik, gustura edo harro?

Ikuspegi ezkertiar eta ekologista batzordeetara eta osoko bilkuretara eramateaz nago bereziki harro.

Aurrera begira jarriko gara. Ze proiektu zehatz gauzatu nahiko zenuke zure herrian, alkate izango bazina edo erabakiak hartzeko aukerarik izango bazenu?

Lehenik eta behin, udal politika demokratizatuko nuke. Ez da posible hauteskundeak irabazten dituen taldeak Udalarekin nahi duen guztia egitea. Boterea herriak izan behar du eta ez alderdi politikoek. Bestetik, Bergararen ekonomia erregai fosilekiko dependentzian oinarritzen da eta, baliabide horiek agortzen hasi direla ikusita, Bergararen etorkizuna kolokan jartzen ari da; gure bizitzak ekologizatu behar ditugu ahalik eta azkarren. Beraz, batetik herri demokratizazioa bideratuko nuke eta bestetik ekologizaziorako politikak jarriko nituzke martxan.

Alkate izango bazina egingo zenituzkeen lehen hiru gauzak?

Hasteko, Udala demokratizatzeko plan bat egingo nuke. Bigarrenik, herri diagnosi orokor bat egingo nuke eta, hirugarrenik, herritarrekin batera lehentasunak markatuko nituzke.

Zure herria hobetzeko ze hiru neurri hartuko zenituzke?

Basogintza eredu berri batekin bioaniztasuna hobetzea, etxebizitza gehiago ez egin eta alokairu sozialari bultzada ematea eta herriko mugikortasuna jasangarria bihurtzeko .

Zer da zure herritik gehien gustatzen zaizuna?

Nahiz eta herri bezala asko hobetzeko izan, Bergara herri txiki eta hiri handi baten tarteko aukera bat da. Eta horrek egiten du niretzako herri hau bizitzeko eroso. Bergara ez da lasaiegia eta ez da ere azkarregia.

Zein da Bergarako zure txoko gustukoena?

Goiauzo-San Martzial ingurua.

Zure herria nolakoa den, ze ezaugarri dituen… kanpoko bati azaldu beharko bazenio, ze kontatuko zenioke?

Bergara izaera burgesa duen herria izan da azken mendeetan eta horrek  gure historian dauka oinarria. Horren adibide gisa, Bergara monumentala erakutsiko nioke kanpoko bati. Bestalde, inguruak ere erakutsiko nizkion; adibidez, San Martzial-Goiauzo inguruak, goiko trenbidea eta Gorla ingurua. Eta amaitzeko, bertako jatetxeren batean edota sozietate gastronomiko baten bazkari eta afari pasada bat egitera ere gonbidatuko nuke.

Zuenean zeinek egiten ditu etxeko lanak?

Etxeko guztion artean egiten ditugu lan guztiak, edo saiatzen gara egiten.

Aisialdian zer egitea gustatzen duzu?

Bertako mendietan eta Auñamendietan ibiltzea gustatzen zait. Orokorrean, kirola egitea.

Ikusi dituzu Espainiako hauteskundeetako hautagaien debateak? Ze iruditu zaizkizu?

Bai, ikusi ditut. Oso maila baxua egon da. Hautagaiek orokorrean ez daukate pertsonalitate propiorik. Robotak dirudite. Ala ere, Pablo Iglesias askogatik txukunen ibili dela esango nuke. Gehiago espero nuen Sanchezengandik.

Irabazik non, zein alorretan, eragin nahi du bereziki datozen lau urteotan?

Ingurumenaren eta pertsonen ongizatean.

Feministatzat duzu zure burua? Zer egin zenuen martxoaren 8an?

Egunero feminizatzen ari den pertsona bat naizela esango nuke, eta oraindik badaukat bidea egiteko. Arratsaldean manifestaldira joan nintzen, San Martin plazara.

Nola ikusten dituzu azkenaldian martxoaren 8aren bueltan egin diren mobilizazio handiak?

Mugimendu feministen aldetik bultzatu diren mobilizazioak oso ondo egon dira. Kontzientzia pizten lagundu dute. Hala ere, arazoa erakundeetan dagoela uste dut. Gai hau politikoki hipokrisia osoz erabiltzen da. Nire ustez, gizartea oro har matriarkalizatzean dago oinarria. Lan asko dago egiteko, batez ere hezkuntzan eta politikan.

Trump, Bolsonaro, Vox, eskuin muturraren gorakada… Ze iritzi duzu?

Mundua globalizatu egin da eta honen arrazoia erregai fosilak izan dira. Geroz eta erregai eta mineral fosilen dependentzia handiagoa dugu gizaki guztiok eta nola baliabide hauek agortzen hasi diren, herrialde guztietan eskuin alderdiek euren diskurtsoak erradikalagoak bihurtu dituzte eta prentsa sofistikatua erabiltzen dihardute herria engainatzeko. Desesperazioaren ondorioa da. Alternatiba, munduko poblazioaren kontrolean, kontsumoaren murrizketan, aberastasunaren banaketa justu batean eta gure bizitzen ekologizazioan dago. Eta hau kapitalismotik aberasten ari direnentzako amaiera da. Beraz, hor dago borroka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak