Bergarako EH Bilduk gaur eman du jakitera maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako Gorka Artola alkategaiarekin batera zerrenda osatuko duten beste hamasei herritarrak zeintzuk izango diren.
Munibe plazan herrikideen aurrean izan den ekitaldian, azken bi agintaldietan alderdiaren zinegotzi izan diren Joseba Moñux, Leire Iruin eta Agurne Barruso izan dira oholtzara igotzen lehenak. Urte hauetan alboan izan dituztenei eskerrak eman dizkiete, eta azaldu dute proiektu baten parte izan direla: "Proiektu hau ez da gurekin hasi, eta ez da gurekin bukatuko. Proiektu horrek aurrera jarraitzen du, eta badugu erreleboa". Udal gobernuan eta oposizioan egindako lanarekin pozik agertu dira, eta "harrotasunarekin baina harrokeriarik gabe" eta lasai doazela gaineratu dute: "Ezagutzen dugu alkategaia, ezagutzen dugu zerrenda, eta Bergara gobernatzeko sekulako erreleboa daukagu".
Oñatiko alkate eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Deba-Urola barrutiko zerrendaburu Mikel Biainek hartu du hitza ondoren. Azken zortzi urteetan EH Bildu Oñatiko Udal Gobernuan egonda izandako esperientzia azaldu du Biainek. Oposizioaren kritiken aurrean, herritarrek, egunerokoan, egiteko modu berri bat ikusi dutela adierazi du, eta zentzu horretan, EH Bilduk baduela estilo propio bat: "Gertukoa, apala, herritarrei entzuten diona, jendearengan konfiantza jarrita, libre utziaz. Horrek ematen du bere emaitza".
Gorka Artola alkategai "aparta" dela esan du, ziur dagoela zerrenda osatzen dutenak ere hala direla, eta Bergarak ezkerreko gobernua merezi duela: "Lan polita egiten ari zarete, eta ziur nago hurrengo hauteskundeen ostean EH Bilduko alkatea izango duela Bergarak". Batzar Nagusiei dagokionez, EH Bildu 2011-2015 tartean agintean egon zenean Diputazioa ezkerreko politiken erakusleiho izan zela adierazi du; eta egindako akatsetatik ikasita, irabazteko nahia dutela: "Lehia garrantzitsua egongo da, eta horren aurrean botoa mobilizatu egin behar da".
"Herri proiektua dugu"
Hitzaldien ostean, EH Bilduren zerrenda osatzen duten kideak deitu dituzte banan-banan agertokira, eta Gorka Artola alkategaiak azpimarratu du zerrendakide dituenak direla Bergaran konpromisoa, inplikazioa, eskuzabaltasuna eta ilusioa dagoenaren adibide.
Oñatiri erreferentzia eginaz, Artolak azaldu du egun han ikusten duen herri biziak, 2007tik 2011ra ezker abertzalea agintean zegoela Bergaran izan zen "herrigintzaren loraldiak eta ilusioa" gogorarazten diola, eta azken lau urteotan herri nortasun horren parte bat itzali dela: "Gure herriak gris kolorea hartu du. Kolorearekin batera, irribarrea galdu du. Elenari esan behar diogu nahikoa dela, herriarekin kontatzeke gobernatzeko bere garaia pasa dela eta denon artean Bergara margotzen hasi behar dugula".
Bergarak indarra eta ilusioa duen talde bat behar duela gaineratu du EH Bilduren alkategaiak: "Pertsonak erdigunean jarriko dituena, udalgintza zuzenduko duena, herrigintzarekin elkarlanean Bergara koloretsu, baikor eta sendo baten oinarriak jarriko dituena. Aniztasunean, elkartasunean, eskuzabaltasunean, feminismoan oinarrituta, herri euskalduna, irisgarria, jasangarria, eta desberdin pentsatzen dutenen artean zubiak eraikiko dituen herriari forma emango diona. Herriko komertzioa bultzatuko duena, enplegu politikak sustatuko dituena, kirol jardueraz arduratuko dena, kulturari garrantzia emango diona eta auzoak biziberrituko dituena".
"Herri proiektua daukagu, aipatutako horiek dira gure lan ildoetako batzuk", adierazi du Artolak, eta badutela proiektu hori aurrera eramateko taldea: "Sekulako taldea, prestatua, eta prestua; zintzoa, konfiantza handia ematen duena. Indarrez eta ilusioz bergarar guztiekin gobernatzeko borondatea duena".
Hona hemen EH Bilduren hautagaien zerrenda:
1.-Gorka Artola Alberdi. Lanbide heziketako irakaslea.
2.-Ainhoa Lete Zabaleta. Kooperatibako langilea.
3.-Aitor Aranzabal Gallastegi. Hardware diseinatzailea.
4.-Kristina Markina Igarza. Euskaltegiko irakaslea.
5.-Juan Luis Gonzalez Lopez. Metaleko langilea.
6.-Nagore Iñurritegi Irizar. Unibertsitateko irakaslea.
7.-Ekaitz Aranberri Zezeaga. DBHko irakaslea.
8.-Itsasne Luarizaristi Orbegozo. Erizaina.
9.-Juanjo Asula Txurruka. Metaleko langilea.
10.-Maite Aranzabal Osinalde. Haur hezkuntzako irakaslea.
11.-Gorka Ugalde Ugarte. Informatikaria.
12.-Aran Garitano Aseginolaza. Erizaina.
13.-Yon Suinaga Landa. Proiektu kudeatzailea Fagor Arrasaten.
14.-Olatz Gabilondo Ugarte. Almazeneko langilea.
15.-Alex Arteaga Urrutia. Lehen Hezkuntza graduko ikaslea.
16.-Nerea Agirrezabal Gauba. Aseguruetako komertziala.
17.-Pedro Garitano Laskurain. Erretiratua.