Duela bi urte Donostiako ikastetxe bateko gazteek Nazioarteko Espazio Estazioko astronautekin konexioa egin zutela ikusi, interesgarria iruditu eta Aranzadin egitea proposatu zuen ikasle batek. Gaztetxoen artean zientziarekiko jakin-mina piztu eta zaletasuna bultzatzeko asmoz, lanean jarri eta ekimena gauzatzeko pedagogia-proiektu bat aurkeztu zuten: "Zaila zen arren, lehenengoan onartu gintuzten. Espainiako Estatuan egitasmo honetan parte hartuko duten hiru ikastetxeetako bat izango gara. Orduz geroztik, konexio eguna eta bestelako ekintzak prestatzen dihardugu. Ikastola hankaz gora jarri dugu", diote Aranzadi ikastolatik.
Aita ponteko bikainak
Hain maitatuak diren pailazoei proiektuan parte hartzeko eskatu, eta, inongo zalantzarik gabe baiezkoa jaso zuten: "Pozez zoratzen jarri ginen bai haiek eta bai gu. Oso emozionatuta gaude!". Estratosferara, baina, Gemma Muñoz artista oñatiarrak egindako panpinek bidaiatuko dute.
Globoaren jaurtiketa
Eguraldi iragarpenaren zain daude, domeka honetan globoa jaurti edo beste egun batean egin erabakitzeko, hego haizerik izanez gero misioa atzeratu egingo dute-eta. Bihar, zapatua, hartuko dute erabaki hori eta, 'Goiena.eus' atarian zehaztuko da data zehatza. Ikastolako patiotik jaurtiko dute helioz beteriko globoa, Pirritx, Porrotx eta Marimotots panpinekin batera. Bi ordu inguruko bidaia egingo du lurretik 30 kilometrora eta 10 metroko diametroa izango du leher egingo duen lekuan. Hori bai, nun lurreratuko den aurrez ezin jakinda ere, lurreratzea ikusi eta pailazoak berreskuratzeko globoaren atzetik joango dira, GPSak bidaliko dien seinalea jarraituta.
Astronautekin konexioa
Bestalde, Nazioarteko Espazio Estazioan dagoen astronauta batekin egingo duten zuzeneko konexioa da ekintza nagusia. Hogei galdera egingo dizkiote lurretik 400 kilometroko altuerara dagoen astronauta bati. Horrez gain, gaia horren inguruko solasaldi bat eta astro-behaketa publiko bat egiteko asmoa ere badaukate. Xehetasun gehiago webgunean.