Lou Olangua abeslaria hobeto ezagutzeko dokumentala bihar, barikua, eskainiko dute kartzela zaharrean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2019ko api. 4a, 15:00
Lou Olangua

Lou. Dantzan jo ta ke; oinak lehertu nahian dokumentala aurkeztuko dute kartzela zaharrean; Lou Olangua 80ko hamarkadako abeslariaren bizitza jasotzen duen dokumentala da, lagunen eta adituen testigantzetan oinarritua. Bihar, barikua, izango da, 22:00etan –afaria, 21:00etan–.

Lou. Dantzan jo ta ke; oinak lehertu nahian dokumentala aurkeztuko dute gaur kartzela zaharrean. Lou Olangua abeslaria nor zen ezagutzeko aukera egongo da, eta musikaren munduan egin zuen ekarpena ezagutzekoa. Usua Garin, Andrea Lopetegi eta Izotz Barrio zarauztarrak izan dira dokumentalaren egileak. "Gure herrikidea zen Lou, eta konturatu ginen ez genekiela gauza askorik hari buruz, ez zela ondo ezagutzen haren figura", dio Barriok. Hori horrela, Zarauzko Udalaren beka bati esker dokumentala egitea erabaki zuten.

Ingurukoen testigantzak

Ordubete inguru irauten du filmak, eta Olanguaren ingurukoen eta musika munduko adituen testigantzak jasotzen ditu. "Hamar lagunen testigantzak jaso ditugu dokumentala egiteko", azaldu du Barriok. Testigantzak euskaraz eta gazteleraz jasotakoak izan arren, euskarazko azpitituluak ditu lanak. Dokumentalaren helburua Lou Olangua izan zena eta hark egin zuena "ezagutzera ematea" izan dela diote egileek.

Abeslari aitzindaria

"Ahots bat baino askoz ere gehiago zen: probokatzailea, bai estetikan, bai jarreran, oholtzaren gainean zegoenean"

Olangua nolakoa zen galdetuta, Barriok ez du zalantzarik: "Aitzindaria izan zen 80ko hamarkadan. Izugarria zela esan daiteke; zerbait buruan sartzen zitzaionean, aurrera egiten zuen, beldur barik". Euskal rockaren lehenengotariko emakumezko ahotsa izan zen 80ko hamarkadan. Humedecidos, OK Korral eta Las Lagartas taldeetako abeslaria izan zen. "Ahots bat baino askoz ere gehiago zen: probokatzailea, bai estetikan, bai jarreran, oholtzaren gainean zegoenean", dio Barriok. 80ko hamarkadan emakumeek oholtzan hartu zuten lekuari buruz ere badihardu dokumentalak. Garai hartan jarrerak eta estetikak izan zuten garrantzia nabarmentzen da, besteak beste. Barriok gaineratu du uste dena baino eragin handiagoa izan zuela Olanguak musikaren munduan; eta, gaur egun ahaztuta dagoen arren hark egindako lana, "ibilbide oparoa" izan zuela.

Dokumentalak bitxikeriak ere jasotzen ditu: "Testigantzez gain, dokumentalak jasotzen ditu argitaratu gabeko abestiak".

Afaria eta solasaldia

Kartzela zaharrean egingo dute emanaldia eta solasaldia. 21:00etan afaria egingo dute eta ondoren, 22:00etan, dokumentala proiektatuko dute. Proiekzioaren ondoren, egileekin solasaldia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak