Joseba Asiron Iruñeko alkatearen eta Jone Goirizelaia Bilboko EH Bilduren alkategaiaren eskutik, alkatearen aginte makila jaso du Elkorok.
Asironek nabarmendu du Franco hil osteko mugimendu hura Euskal Herriko “une inportanteenetako” bat izan zela. Elkorok, bestalde, gogoratu ditu, hura bezala orduan alkate ziren Imanol Murua Zarautzeko alkatea edota Jose Antonio Altuna Txatillo Arrasateko alkatea eta zera esan du: “Gure printzipioei eusten diegu, barruan daroagu indarra, eta ez dizkigute kenduko gure herriaren indarra delako”. Goirizelaiak, berriz, orduan “ereindako haziak fruituak eman” dituela esan du.
1977ko alkateen mugimendu hura ez ezik, agintaldia amaitzear delarik gaur egun EH Bilduren alkate eta zinegotzi direnak ere omendu nahi izan ditu EH Bilduren komunitateak. Hala, ekitaldian izan dira, esate baterako, Mikel Biaian Oñatiko alkatea eta harekin batera baita Nerea Zubia eta EH Bilduko beste zinegotzi batzuk ere.