Jose Luis Elkoro omenduko du EH Bilduk bihar Bilbon

Eneko Azurmendi 2019ko mar. 29a, 10:15

Elkoro, Alkateen Mugimenduaren sorreran, 1976ko uztailaren 21ean, Bergarako plazan. Argazkia: Jose Luis Elkoro.

EH Bilduk MugiDa topaketa egingo du bihar, zapatua, Bilbon, "komunitatea elkartzeko" helburuarekin. Egun osoko egitaraua prestatu dute, eta askotariko ekintzak egingo dituzte. Hala ere, nabarmentzekoa da Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohiari Plaza Berrian egingo dioten omenaldia, 12:00etan –autobusa egongo da Bergaratik–.

EH Bilduk autobusa antolatu du Bilbora joateko, eta 11:00etan irtengo da geltokitik. Izena emateko aukera dago Pol-Pol eta Arrano tabernetan.

"Bergararen eta Euskal Herriaren historia markatu duen pertsona goraipatuko da ekitaldian. Alkateen Mugimendua sortu zuen, Euskal Herrian erreferente izan diren eta diren hainbat aldarrikapeni izugarrizko indarra emanez: euskararen ofizialtasuna, ikurrinaren legeztapena, preso politikoen amnistia, estatutu nazionala...", azaldu du koalizio abertzaleak, eta gaineratu Elkorok bere bizitza osoan egindako aldarrikapenak bere egiten dituela EH Bilduk: "Bakea, justizia soziala, adierazpen askatasuna, preso politikoen eta Euskal Herriaren askatasuna. Horregatik da gure bidelagun, horregatik gu beti izango gara bere bidelagun".

Frankistei aurre eginez, alkate

Elkorok adierazi du "sorpresaz" hartu duela omenaldia jasotzeko ideia. "Ez nago prestatuta horrelako omenaldi bat jasotzeko, baina egin genuen lanari aitortza bat da, eta pozik onartu dut. Hala ere, guk ez genuen lan egin omenaldiak jasotzeko, herriari laguntzeko baizik", dio.

Herrigintza zainetan eraman izan du beti. "1969an, herritar talde bat elkartu, eta Alkartunai elkartea sortu genuen, eta ni zuzendaria nintzen. Lan asko eta interesgarriak egin genituen: zaharren egoitza, anbulatorioa, gorren egoitza, eta abar".

Hala ere, instituzioetan frankistak ziren nagusi. "Lan handia egiten ari ginen, baina udal guztiak frankistak ziren, eta horrek mugatu egiten gintuen, nolabait. Guk gure nahiak eta proiektuak aurrera eraman gura genituen, baina udaletik".

1976ko otsailaren 2an hartu zuen alkate kargua. "Udalean frankistek agintzen zuten, nahiz eta gu gehiengoa izan. Arias Navarro Espainiako presidente zela, lege berri bat ezarri zuen, eta lege horrek zioen 10.000 biztanletik gorako herrietan posible zela zinegotziak alkate izendatzea. Ni Kultura zinegotzi nintzenez, aukera hori baliatu, eta ni izendatu ninduten alkate".

Urte bereko uztailaren 21ean sortu zen Alkateen Mugimendua. Euskal Herriko 65 bat udalerritako alkateak batu ziren egun hartan Bergaran. "Aurrez, hitzaldiak egiten genituen Euskal Herri osoan, eta babes handia geneukan. Presioagatik edo, alkate frankistak dimititzen hasi ziren, eta gure ildo bereko alkateak jarri ziren. Egun hartan, Bergaran batu ginen guztiok".

Jose Luis Elkoro bere etxeko balkoian, Bergaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak