Urbanistikoki XXI. mendea ezagutu gura du Bergarako Zubieta kaleak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko mar. 29a, 09:54

Zubieta kalean martxoko eguen arratsalde batean ateratako argazkian, puntako ordua izan barik.

Zubieta kalean urte luzez esku-hartze urbanistiko handirik izan ez dela eta ibilgailuen joan-etorri handia aintzat hartuta, irisgarritasun eta segurtasun aldetik gabezia nabarmenak ditu ardatz osoak; auzokideek proiektua exekutatzeko epe bat zehaztea eskatzen dute.

Bergarako gunerik degradatuenen artean dago Mugertza, Zubieta eta Masterreka arteko ardatza, herriko sarrera eta irteerarako bide nagusietako bat dena. Zirkulazio-fluxua zehazki zenbatekoa den ikertzeke dute Udalean, duela gutxi abiatu zuten mugikortasunaren gaineko diagnostikoaren emaitzen zain daude eta. Hala ere, goizetako zein iluntzeetako puntako orduetan izaten den zirkulazio-fluxua, auzotarren arabera, "oso handia" izaten da, eta, horri kaleak irisgarritasun eta segurtasun ikuspegitik dituen gabeziak gehituz gero, berritzeko behar handia duen gune bihurtzen du.

Zubi barik, gabeziak azaleratu

2018ko irail bukaeran hasi eta 2019ko otsailaren 11n amaitu ziren zubi zaharra berritzeko lanek are agerikoago egin zituzten Zubietak dituen beharrak, zubi hori auzotarrentzat eguneroko pasabidea da-eta erdigunera joateko. "Zubiko obrek iraun duten bitartean estres maila bai handitu da, zubiak egiten zigun biriki lana galdu egin dugulako. Guztiok pasatu behar izan dugu espaloi beretik: Udaleko langileak euren makinekin, eskolara doazen ume-kotxeak, semaforoa saihestearren espaloira igotzen ziren bizikletak...", dio Zubieta kaleko auzokide Jose Sanchezek.

Zubia nola geratu den galdetuta, zapore gazi-gozoarekin geratu dira: "Auzotarron balorazioa da entzun ditugun balorazio gehienekin ados gaudela. Hau da, polita dagoela eta berritzeko beharra zuela argi dago. Eta ados gaude ere esaten dutenekin amaieran jarri duten txapa horrekin ez daudela gustura. Ez dela polita eta puntu itsuak eta arriskutsuak sortzen dituela; izkinan duen 90 graduko angeluko eta metro bateko altueran espaloira ematen duen txapa horrekin min har daiteke", dio auzokideak. 2001a ezkero bizi da Sanchez Zubieta kalean eta azaldu du bertan bizi denetik bizi izan duen esku-hartze bakarra zubia berritzearena izan dela.

Hain zuzen, 2016an, Zubieta berritzeko urbanizazio proiektua aurkeztu zien Gobernuak auzokideei. "Aurreko agintalditik zetorrela ikusita ulertzen genuen udalbatzaren %90 luze baten babesa zuela proiektuak, eta, beraz, oso pozik hartu genuen. Lantaldeetan egin genuen lan eta argi geratu zen auzokideon lehentasunak espaloiak zabaltzea zirela", gogoratzen du Sanchezek.

Espaloien egoeraren inbentarioa

Ordutik, inbentario bat egin dute Zubieta kaleko espaloiak metroz metro aztertuta: tamaina guztietako 150 zulo daude, sei puntutan 80 zentimetro baino estuagoa da espaloia, 19 arketa, hiru maila aldaketa, duela 40 urte moztutako 306 burdin-arrasto... Kamioien joan-etorria ere ohikoa zenean, espaloiak babesteko asmoz, burdin zatiak jarri ziren ardatz osoan zehar duela 40 bat urte. Hala ere, denborarekin apurtzen joan ziren zati horiek oinezkoendako arriskutsuak zirela ikusita, kendu egin ziren. Oraindik ere zati horien arrastoak geratzen dira, urte luzeetan esku-hartzerik izan ez duten espaloiak diren seinale.

Infernukua ondoan bidegurutzea egiteko eraiste lanak, 2005eko apirilean.

Infernukua ondoko bidegurutzea

Zubieta kalean ez, baina Masterrekan, Infernukua tabernaren ondoan, 2005ean etxebizitza batzuk bota ostean egin zen bidegurutze berriak lagundu du, hein baten, Bolurako zirkulazioa erdialdera ere banatzen. Gogoratu behar da, hala ere, obra hori egin aurretik auzokide bat hil egin zela, kamioi bat espaloira igo eta bertan harrapatuta. "Guztion buruan egon beharko litzateke gertaera hura eta neurriak hartu beharko lirateke errepikatu ez dadin", dio Sanchezek. Garai bateko zirkulazioa arindu egin bada ere, Masterreka kaleko bizilagunak duela aste batzuk elkartu ziren alkatearekin, aditzera emateko kalearen egoerarekin kezkatuta daudela eta bertako zirkulazio-fluxurako estuegia dela; 150 sinadura erregistratu zituzten Udalean otsailaren 22an.

Parkingarekin, "obra handirik ez"

Udaleko talde politiko guztiak bat datoz Mugertza eta Masterreka arteko tarteak berriro urbanizatzeko duen beharraz. Udal Gobernuaren arabera, "ukaezina" da hori, eta, Zubietako bizilagunen eskaerak aintzat hartuta badituzte ere, seminarioko parkingak zuzenean eragingo dio ardatz horretan "obra handi bat" egiteko asmoari: "2019an seminario azpiko aparkalekua egingo genuela esan genuen eta hori izango zela lehentasuna. Obra honek Ibargarai neurri handi batean baldintzatuko duenez, ezinbestekoa da herriko beste sarrera guztiak libre egotea; Zubieta tartean. Horregatik, aparkalekuko lanak bide onean joan arte, ez da momentua Zubietan obra handirik egiteko", esan du Elena Lete alkateak.

Horrekin batera, Letek aurreratu du beste zenbait gune berriro urbanizatzeko proiektuak idazten ari direla; esaterako, Simon Arrieta plazan, Matxiategin eta Martokoan. "Martokoan, auzotarrak eurak etorri dira hobekuntzak eskatzera eta guztion artean ari gara horiek guztiak lantzen".

Epeak zehazteko "konpromisoa"

EH Bilduk gogora ekarri du 2015eko hauteskunde-programan jaso zutela Masterreka eta Mugertza arteko tartearen eraberritzea. "Irisgarritasun eta segurtasun aldetik gabezia handiak daude eta horri irtenbide bat eman behar diogu. Inbertsio altuak eskatzen dituen esku-hartzea da, baina Gobernuan egonez gero baliabide horiek lortzeko ahalegina egingo dugu. Hala ere, badaude herrian berritzeko beharra duten beste gune batzuk; herriko inguru hau Bergarako sarrera-irteera arteria nagusietako bat da gaur egun eta dagoen arazoari osotasunean erantzun behar zaio, ezin da petatxu batekin arazoa betikotzea onartu; herritarrek berritze horiek noizko egingo diren jakin behar dute eta plangintza hori garatzeko konpromisoa dugu", adierazi du Gorka Artolak. EH Bilduk ere identifikatuta ditu herrian berritzeko beharra duten beste gune batzuk; Osintxu eta San Antonio-Zubiarre ingurua aipatu dituzte, besteak beste.

Dagoenetan, "etorkizunik ez"

Irabaziren ustez, "guztiz degradatuta" dagoen gunea da Zubietakoa. "Ibilgailuek hartzen dute espazio gehien. Oinezkoak ez dabiltza seguru eta komertzioa ere ia desagertu egin da guztiz. Orain dagoen bezala ZubietaMugertzak ez dauka etorkizunik", dio Aiert Lizarraldek. Gainera, ibilgailuentzat kalea noranzko bakarreko egiteko aukera planteatu du Irabaziko zinegotziak: "Bizilagunekin parte hartze saioak egingo genituzke, jakiteko etorkizunean kaleak autoentzako bi norabide izan behar dituen edo bakarra. Lehen aukerak orain dagoen egitura mantentzea ekarriko luke eta bigarrenak oinezkoentzako eta bizitza garatu ahal izateko espazio gehiago irabaztea".

Taberna eta ile-apaindegi bat

Auzoaren egoerak, beste hainbat faktorerekin batera, eragin du Zubietako komertzio txikia ia desagertzea. Garai batean, dendak eta tailerrak zeuden, baina, egun, Cazadores taberna eta ileapaindegi bat bakarrik daude.

 

Erlazionatuak

Bergarako Zubieta kaleko beharrak gertutik ezagutzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019 mar 26 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak